2013/12/30

Maite dut ... antzerkia

Antzerkian ibili nintzeneko garaietan gauza anitz ikasi nituen. Ene burua posizionatzen beste taldekideekiko, besteen entzuten, nehor ez begi bistatik galtzen. Eta aitortzen dut irakasle lanetan nabilelarik orduan ikasiek balio izaten didatela oraindik.
Hizkuntzen irakaskuntzan ariketa eta egimolde anitz oinarritzen dira antzerkiaren munduko tekniketan. Ikasleei eginarazten zaizkienak batez ere baina ez bakarrik. Ba ote da irakaslerik erran lezakeenik ikasgelan sartzen denean ez dela beste pertsona bat senditzen? Ni beti hala senditu naiz. Klasean naiz, Bea deitzen naiz, baina jada ez naiz hurbilekoek ezagutzen duten baina ikasleek sekulan gutxi ezagutuko duten Bea. Beste bat naiz. Ikasleek ikusten duten Bea hura. Eskizofreniaren mailakoa eman lezake, baina ni horrela egon naiz gustura hainbat taldetan eta permititu izan dizkiot ene buruari lau pareta horien artean beste gisaz egin ez nitzazkeenak.


Horretaz aparte bada beste alde bat ere antzerkiari lotua dena ikasgelan eta, pertsonalki, azpimarratzekoa zaidana: parte-hartzaile guzien ikustea, bizkarra emanik ere gibelean gertatzen denaren berri ukateko gaitasun hori.
Eszenatokian, antzezleak posizionatzen dira arrunt naturalki behar duten leku zehatz horretan. Ez dira lekuaren bila ibiltzen, oinei so. Intuizioaz badakite nun jarri. Eta jartzen diren leku horretatik, gainera, badakite inguruan den orok zer egiten duen eta non den. Uste dut horrelakoei deitzen zaiela ikuspegi periferikoa, gai izatea zure begi bistatik kanpo dena edo zinez mugetan duzunaren ikusteko, sekula zuzenean begiratu gabe. Ene ustez ez da bakarrik bista istorio bat, bada ere bestelako pertzepzio moldeen garatzea: entzuten dena, senditzen diren mugimenduak, jendeen bizipenen antzematea, enpatia mailakoak.

Ikasgela batean irakasle batek behar du dena ikusi eta bakoitzari behatu. Aktore on batek ere beti inpresio hori ematen dizu, zuretzat ari dela, zuri pertsonalki mintzo zaizula. Irakaskuntzan berdin da. Irakasle on bat zuzentzen zaio ikasle bati, ongi entzuten dio, atentzioa zentratzen du honengan, baina beste guziak ere kondutan hartzen ditu eta behako batez ikasgela guzia bereganatzen du.
Batzuetan ene buruari galdetu izan diot: konda dezakezu zehazki zer iragan den gaur klasean, zer egin duen ikasle bakoitzak? Batzuetan erantzuna izan dut. Beste batzuetan gutxiago. (Ezin gara beti jokolari bikainak izan).

Inportantea dena da ez beste muturrera joatea, hau da ikasle bakarrari atentzioa ematea, maiz hoberena izaten den horri (artetik gure lanaren eta guhaurren irudi ezin hobea itzultzen diguna). Ez gaitezen ahulak!! Eta pentsa dezagun ere ahula denari, galtzen denari, taldeko pailasoari, hamar aldiz azaldu arte piperrik ulertzen ez duenari, beti idazten ari denari... Miresgarriak dira horiek ere! Eta gara dezagun gure bista zorrotza, gure bizkar gertatzen ari dena behatuko bagenu bezain ontsa senditu arte.
Antzerkia gustukoa ez baduzue, jakin ezazue mus partida batean ere, ttanttoak biltzeak bezainbat inporta duela besteei ez ttantorik uzteak. Horrela mus jokolari on batek beti daki parean duenaren berri baitan zuzenean begiratzen ez dituen beste bien berri.

Argazkia: La Parisienne by Sylvain Courant 


Aucun commentaire: