2013/11/24

Euskaraz? (18)

-“ Bai, gure haurrek aipatzen zaituzte maiz! Nire ustez, beldurtzen dituzu. Beti euskaraz aritzea galdegiten baitiezu.”


Haur urtebetetze atsalaskari bateko aitamen arteko elkarrizketa baten erdian, supituko, harrapaturik gelditu nintzen. Lotsatu nintzen. Nola ez? Haurren onetan, aitamak zernahitarako prest gara eta, batez ere lagunen aitamekin ongi konpondu nahian. Ez dut batere gustukoa, beste aitamen artean desberdin senditzea ene egimoldeetan edo ikusmoldeetan, korrontearen kontrakoa edo nahi bitxiak dituena. Zeren, holakoak, goiz edo berant, paria motako batzuk bilakatzen dira, saihesten dira eta haien bizkar mintzatzen da desatseginki, haratago hauen haurrak ez dira sobera gomitatzen, amarekin ez gertatzeko-edo. Isil-isilik egon nintzen. Nire buruaren justifikatzen hastea ez baitzizaidan egokia.
- Lasai, ez dizut gaiztoki erraten. Badakit zure iduriko on dena egiten duzula, zuretzat euskararik ez dela sekulan sobera.

Beldur. Eskolan. Euskara soberan.
Bai, daitort. Ene ahulezia da eta nardagarri bat naiz. Aitzinetik galduak diren lehia horietara erortzen naiz noizbehinka, molde arrunt traketsean, agian basatian, hilekoak ditudanean edo egun neketsu batetatik landa eskolako korridorean nabilelarik, klasekide bat semeari frantsesez zuzentzen zaionean, seguraski lepo galkatu artean ez baitzait euskara soberan idurituko sekulan holako lekuetan.

Semeak frantsesa ikasi zuen eskolan eta uda lekuetan. Ikasi zuen frantses nahasi txar bat. Ikasi zuen frantsesa beharrik ez zuenean eta batez ere ni horretarako arras prest izan aitzin. Eta ez diot nehori harririk botako horretaz. Harrigarria zitekeen kontrakoa, kontestu orokor honetan frantsesik ez jakin izana. Baina ene baitan barnako euskalzaleak sufritzen du, stricto sensu, inkoerentziaren sommum honetaz, euskararenak beharko luketen predilekziozko eta berezko lekuetan ere, hizkuntza honetan “nahiko” eta “sobera” bezalako heinak definitzeaz, norenganik eta nihaurrek egin hezkuntza eredu hautu bera egin duten beste aitamenganik.

Aucun commentaire: