2014/05/16

Euskaraz? (19) Etsipena

... behingoz sail honetako “ez-ironiko” bat, bigarren gradurik gabe...


Baionan izanki, ingurune nagusiki erdaldunean kokatuak gara gure familiarekin; konparatuz ni hazia izan naizen lekuari arrunt beste molde batekoa euskarari doakionez.
Hazi nintzen baserri aldean, aitamak euskaltzaleak izan nituen eta zinezko engaiamendu batekin euskararen transmisioarekin, haratago bizi eredu batekin erranen nuke. Pentsatzen dut ez zitzaiela erraza izan, inguruan zirenak ez baitziren baitezpada euskaltzaleak, euskaldunak bai baina euskaldun lotsatu horietarik ere baziren. Euskara biziki politizatua zen garaian eta ikastolarik hurbilena etxetik 40 bat kilometrotara, komunikabideak erdaldunak, euskarri gutxi gure hizkuntzan. Halere nagoen punduan nago.


Banekien ez zela erraza izanen ene txanda helduko zenean. Euskara ez da gehiago hain politizatua, arrunt demokratizatua ere bilakatzen ari dela dirudi (agian demokratizatuegi?), baliabide gehiago dira, ... Panorama guzia aldatua da hots. Halere, optimista izan naiz, jakinez bikotekidea euskalduna dela eta borondate anitz badugula.
Gure haurrak euskaldunak izatea lortu dugu. Orain arte.
Egia eskola dela nolabaiteko oasia BAB hyper frantsestu honetan. Orain arte aski izan zitzaigun.

Ez diogu gauza anitz eskatu, jakinez azken urteetako bilakaera hezkuntza mailan, ez diogu eskatu pedagogia iraultzailerik. Azken finean ez genion eskatu ere hizkuntzaren transmititzea, guhaurren lana iduritzen baitzitzaigun, hizkuntza horretan heztea baizik.

Dena ongi zoan ene ustetan.
Eta horra nun azken bi asteetan ohartu naizen semea hasten dela euskaraz gaizki egiten: lehen ontsa mintzo zen lekuan sekulako akats izugarriak egiten hasia da, aditz formak asmatzen, erdarazko hitzak erabiltzen euskarazkoa ezagutzen duenean, erranaldi batzuk itzulipurdika eratzen, ...
Serioski. Exageraziorik gabe. Bi, hiru aste barne. Gaitzena: uste nuen klase kideen mimetismoz egiten zuela (zoritxarrez, erran behar baita, frantsesarekin harremana badu gure semeak ikastolan denean), baina ez, iduri luke ez dela gehiago ohartzen ere forma zuzena zein den.

Gutxi balitz, erakaslearekin mintzaturik jabetu naiz ene semearen eskolako hizkuntz ohiturak ere ez zirela poztekoak: frantsesez mintzo da egunaren parte handi batean.

“Besteek bezala. Taldean da.”
Hasieran ez nion inportantzia gehiegi eman, pentsatuz pasako zela. Entseatu nintzen pedagogoa izaten, positibatzen, ez dakit.
Orain jada heldua naiz maila batera zeinetan sistematikoki zuzentzen diodan akatsa eta aitortzen dut ez naizela batere molde pedagogiko positiboan ari.
Etsitua naiz.
Batzuetan euskalgintzako batek sekulan ukan behar ez lituzkeen gogoetak ukaitera heltzen naiz. Ene burua zentzatzen dut. Oraindik bai. Baina desilusio handiarekin.
Ez da ikastolaren falta, ez da guraso erdaldun eta haur ez-oraindik-euskaldunen falta. Dena da. Gure gizarte eredu osoaren falta da. Etsigarria da. Ene apustuaren oinarrizko zutabeetarik bat zen ikastolan berean, erdararekin lehen harremanak egiten dira, frantsesez mintzatzen da egunaren parte handi batez, euskaraz gaizki egitera heltzea gertatzen da. Iparraldeko zola honetan, ene indar guzien emaitza ttipia suntsitzea ez du eskola ereduak ez eta moteltzen ere.
Eta orain zer egin?

15 commentaires:

Anonyme a dit…

Esperantza pixka baten emateko (ikastola barneko erabilpenari doakionez:
http://youtu.be/uhRRRKNOfUw

Bea Salaberri a dit…

Metxi. Piskat berriz jarria izanen naizenean, estrategiak beharko ditut, segur da.

Pello Aranburu a dit…

Ez dut arrotz zuk aipatzen duzuna. Gu ingurune euskaldun batean bizi gara, Usurbilen, eta hala ere gure seme-alaben euskara oso bestelakoa da gurearen aldean. Gauza batzuk berriak eta beste batzuk okerrak. Behar bada hala beharko du, kontuan hartuz zein den beraien hizkuntz ingurunea.

Zuzentzeaz:hasieran pentsatzen nuen poliki-poliki zuzenduko zutela haien hizkera. Ez da horrelakorik gertatu.Orain ez dut lotsarik, behin eta berriz zuzentzen dizkiet akatsak, gutxienez larrienak. Eta iruditzen zait hala behar duela izan, beste inork egingo ez duelakoan.

Pedagogia modernoa oso ondo dago, baldin eta funtzionatzen badu. Bestela pedagogia zaharra, lotsarik gabe.

Dudarik ez izan: egiten dugun ahalegin oro jasotzen dute gure seme-alabek, eta eragina du haiengan (Besterik da guk nahi dugun erantzuna, guk nahi dugun bezala, guk nahi dugunean lortzea).

Ondo izan (eta eutsi).

Iñigo Rubert Enriquez a dit…

Aupa lagunok! Pasaia aldean ere txakurrak oinutsik. Ez dakizu noraino egin zaidan gertuko zure kontakizuna Bea. Pellok esan bezala, gure inguruan euskarak zuenean baino askoz indar gehiago izan arren, sukalderaino sartzen zaigu erdara eta gobidapenik gabe, afaltzera eseritzen da!
Zuzentzearekin ere ados: egoerak neurtuz baina beldurrik gabe. Orain egin dezakegu, urte gutxiren buruan pikutara bidaliko gaituzte.
Baikortasun oharra: ari gara, honetaz ari gara, aste honetan bertan eztabaida luzea izan dugu ikastolan sortu berri den Euskara Batzordean. Hamarkadetan ez da halakorik izan ikastolan, ez zen behar nonbait! Ikastolak modu transbersalean garatzen zituelakoan garatu beharrekoak edo. Baina garai batean baino askoz baliabide gehiago baditugu ere, hizkuntz zapalkuntzak ere molde berriak aurkitzen ditu eta egungo gurasook egoera berri horiei egin beharko diegu aurre. Arazo berriak, irtenbide berriak.
Neurri zehatzetan kontraesanak eta eztabaidak sortzen badira ere, hainbat norabide argi dauzkagu. Esate baterako, gurasoen jarrera baldintzatzeko neurriak hartu beharra.
Agian beste batean hitz egingo dugu horretaz, gehitxo luzatuko naiz bestela.
Eutsi goiari! Besarkada.

Bea Salaberri a dit…

Milesker Pello eta Iñigo, zuen erantzun eta animoengatik.

Artikulu hau idatziz geroztik, piskat kalmatu naiz eta bestela pentsatzen hasia naiz. Estrategia bat beharko dut dudarik gabe. Nago nolaz izan naizen aski inoxenta pentsatzeko bidea ez zela hain zaila izanen?? Idatzia baitzen! Eta zuzentzearena, ez dakit... Ikasle helduekin ez dut egiten eta haurrarekin egitea izugarria zait, giroa pozointzea baita arriskua. Beraz larrienak bai baina gero... Ikusiko.
Ez dut etsiko. Hori ez. Bestela... Ezin ninteke bizi.
Baina behar bada urruntasun piskat hartu behar nuke. Nihaur irakasle izanik eta jakinez euskararen gaia zinez barnetik bizitzen dudala, behar bada aitari utzi behar nioke hau, berak hoztasun eta neutralitate handia baitu, nik sistematikoki pasioz bizitzen dudan horretan. Hau da, agian eskolari lotu gaietan, bai hezkuntza mailakoak ( eskolako jendeak maiz nigan formatzailea ikusten baitu eta piskat blokeatzen) bai euskararena.
Niretzat gelditzen dira bestalde: aisia, hezkuntza artistikoa, kirola ez baina afariak prestatzea bai!!! ;)
Milesker berriz ere!
Bea

Helena Xurio Arburua a dit…

Ui ui ui!!!! ez naiz bakarra to!!
gu giro arrunt eskualdunean bizi gara, Zugarramurdin, ahantxu herritar guziak eskualdunak gara (kanpotarren bat kenduz), eskola eskuaraz dugu (gure denboretan ez bezala), telebista, liburuak, jokoak eskuaraz (gure denboretan ez bezala), eta izigarri tristea da gure haurren eskuara maila entzutea!! Aski gaizki mintzo dire, zenbat eta zaharrago eta makurrago. Eskolan hasi arte ongi ari ziren, bainan geroztik, katastrofea!! Zergatik? ez dakit. Lehen uste nuen bertze haurren eraginez (etxe aunitzetan gurasoen artean erdaraz aritzen baitire) zela; baita eskolako erakasle batzuen eskuara maila penagarriarengatik; bainan ez dakit!
Turismoan lanean ari naiz, eta hemendik Eskual Herriko eskola aunitz pasten da, taldeekin lan egiten dugu, bisita gidatuak egiten...eta zinez etsigarria da eskuararen egoera. Gutti batzuk egiten dute eskuara (bainan arrunt guttik!!!!), Donostiako ikastola bateko gazteak izan ginituen duela ez aspaldi eta ez nioten hitz bakar bat ere eskuaraz aditu!!!; eta egiten duten eskuararen maila guziz etsigarria da.
Nik ez dakit ze egin beharko dugun, bainan zaila zait etsitzea. Nik nere haurrei konplexurik gabe zuzentzen diotet behin ta berriz. Agian ez da pedagogikoa izanen, bainan uste dut ongi mintzatzea gure lana dela ere, ta erakutsi behar zaiotela bertze zerbait gaizki egiten dutenean zuzentzen diotegun bezala.
Ekainaren 7an TELP ikastaldia antolatua dugu Saran, eta han huni buruz arituko gara. Animatzen?
Ongi izan ta kurai on!!!
Helena

Bea Salaberri a dit…

Astiri on Helena!
Zuen aldian hola bada, pentsemazu beste leku batzuetan!!
Milesker zure lekukotasunarengatik, animatzen nau doia: banzaiiiiiii zuzentzen!!!!
Ekainaren 7koaz entzuna nuen eta nahi nuke jin. Haratago pentsatzen dut holako bat egin beharko genukeela gure ikastolan!
Milesker berriz ere eta animoak zuretako ere berdin ;)

xeskisabel a dit…

BABn gertatzen denaren egoera parekoa Bizkaiko mendebaldean -Zallan- bizi den guraso Beasaindar honek bizi du.

Oso zaila eta neketsua da etengabean zuzentzaile lanak egitea, bainan Pello Aranburuk dioen bezala, guk gurasook egin ezean ez du inorrek egingo.

Eskertzekoa zurea bezalako testigantza baten berri izatea, egoera horretan aurkitzen den guraso bakarra nintzelakoan bainintzen.

Animo ta eutsi goiari.

Bea Salaberri a dit…

Aupa Xabier, horrek guziak ez ote du salatzen zerbait gaizki egiten ari garela?
Erantzunak ez ditut eta aterabideak ere ez. Behar bada noizbait ikusten hasiko naiz. Baina segur dena da ez dela normala leku desberinetan holakoak gertatzea. Normala da hizkuntzak estaturik eta ezagupenik/ prestigiorik batere ez duen lekuan gertatzea. Baina niregatik harrigarria eta deigarria da ikustea gauza bera gertatzen dela eremu batzuetan zeinetan hizkuntza estatua duen, babestua den eta promozionatua (teorian) eta zeinetan hiztun kopurua handiagoa den etab...
Orohar zerbait gaizki gertatzen ari da.
Eta ez da normala ere eta behar bada soluzio orokorrago bat beharko litzaioke atxeman kontuari zeren bestela xahutzen dugu denbora, energia, irudimena, eta blogetako tertulia guziak estrategiak eta ekintzak plantan ematen konpentsatzeko eta hori egiten dugun bitartean ez dugu besterik deus egiten...
Defentsan ari gara eta ez garapenean.

xeskisabel a dit…

Ez naiz aditua bainan nire iritziz hizkuntza jardun politikoaren lehentasunetan egon ezean jai dago.

Agerikoa da Mugerre ta Mimetizen euskarak duen babes instituzionala ezberdina dela, bainan horrek ez du erabilera bermatzen.

Gertukoaz hitzeginda, alegia, Zallako hizkuntz egoeraz, ez dut ikusten eragile politikoen aldetik babesik/interesik.

Zertzeladak, ekimen solteak... badaude bainan norabide ta estrategia argirik gabekoak.

Gure alabak lau urte betetzear dagoenean "Aita=euskara" ekuazioa sikiera ikasi du ta ez da gutxi hemengo giroarekin.

Usurbilen euskararekin gaizki dabiltzatela? Je! etorri guregana...

Bea Salaberri a dit…

Hori, dudarik gabe egia da.
Bada hori eta nire ustez hizkuntz politikaren ekintzak nola bideratuak diren eta zein sinesgarritasun eta koerentziarekin.
Bestalde, uste dut, agian gauza ezin zailagoa da, baliteke guhaurk, hiztun gisa ez dezagun ere gure esku den guzia egin. Bakar batzuen esku gelditzen dela. Ez dut erran nahi sozializatu/ kontzientizatu behar denik, hori egiten baita, baina agian hobeki egin daiteke. Eta batez ere, zerbait egin behar da ingurumenaren aldatzeko, bere jokamoldean.
Hots, ez dakit... baina zerbait huts egiten dugu.

Anonyme a dit…

Ados, bada hizkuntza politikaren eraginaren faktorea, eta ikastolan bizi duen euskarazko erabilpen ahularena.

Saltsa horretan, pista bat jorra dezagun hemen: hizkuntzaren pobretzea ez da euskaraz soilik gertatzen. Hizkuntza nagusituetan ere arazo ber-berak dituzte!

Lehenik, hizkuntza nagusituen hezkuntza-sistema berdina erabiltzen du ikastolak, beraz han bizi diren mekanismoak hemen errepikatzeko arrisku handiak dira.

Hezkuntza-sistema ez dugunez berehalakoan aldatuko, begira egunerokotasunean, buraso gisa, gure eskura izan daitezkeen tresnak: marrazki-bizidunak eta, batez ere, liburuak eta haur/guraso elkarrizketak (familia euskaldunetan). Marrazki-bizidunen heroietan identifikatzen dira haurrak, eta horien imitazioz aritzen dira maiz jostetan, ondotik. Gure 4 urteko semeak Simpsondarren frantsesezko bi atal nahiko izan ditu, ondotik jostetan frantsesez aritzeko, "Bart bezala". Aldiz, irakurketa eta ahozko transmisioa bezalakorik ez da hizkuntza bat aberasteko: hiztegia, forma zuzenak modu erakargarrian, baita doinu edo intonazio anitzak. Hori bai, astia hartu behar, egunero-egunero, gure haurrarekin antzerki pixka bat egiteko liburu edo ahozko-istorio baten inguruan. Baina memento horiek hain dira bereziak, hain da goxo aita-amekin irri pixka bat egitea hizkuntzarekin jostatuz eta gozatuz, edo liburutegian hautatu dugun obra bateko abenturak elkarrekin bizitzea...

Eta hutsak egitean zuzendu, bai, nahiz-eta ez den egunero erraza! Eta, adin batetik goiti, haurrarekin jarrera horiek zuzenean noiztenka aipatzeak ere, nik uste ez digun kalterik egiten (bederen helduoi argumentazioa xorroxteko balio digula uste dut!).

Azkenik, hitzari geroz eta garrantzi gutiago emana zaio. Aski da EKEren Irudimena leihaketaren emaitza ikustea aurten (ere?): ekoizpenen erdiak baino gehiago irudiak dira (margolan, argazki), laurden bat soinuak (gehienetan hitzik gabekoak), eta bertze laurdenak idatzizko testuak dira. Gure pantaila biderkatuekin, eskaintzen duten erakargarritasunarekin eta erraztasunarekin, irudiaren hegemonia alimalea da, bere alde on eta txarrekin.

Kuraia on!

Zigor Etxeburua a dit…

Epa, lagunok
Aurrekoak bezala, neu ere zeharo bat nator zure kezkarekin,Bea. Aita gisa idazten dut, eta neuk ere zuzenketaren bidea baliatu dut. Hori bai, euskaltegiko irakasle nintzenean bezala, galderak pausatuz haurrari, okerra zertan egiten duen ohartzeko. Adibidez, -(alabak, momentuan zeozer egin nahi duelarik) 'egiten dugu hau?' - (neuk) egunero?
eskerrik asko euskararen errealitateaz gogoeta egiteko aukera emateagatik, eta aspaldiko adiskideak agurtzeko aukera eman didazulako (Helena; Iñigo)! :)

Bea Salaberri a dit…

Pozten naiz zuen ekarpenekin.
Hasteko sendiarazi didatelako ene arrangura ez dela enea bakarrik eta ideia batzuk ere ekarri dizkidazuelako, (jadanik egiten ditudanak, agian indartu beharrekoak). Eta segurtamena ez dela gai bat gurasoek, guraso gisa tratatu beharko luketena, erantzuna ez dela nork bere etxean ematekoa, zabalagoa, kolektiboagoa dela.
Atxemanen dugu ba dohaike aterabide bat!
Bederen ez naiz bakarrik!

leire a dit…

Epa, Bea!
Irakurtzeko nuen zure post hau, eta iritsi zait unea! Ados nago zurekin (zuekin), zerbait txarto egiten ari gara. Zer? Ez dakit!
Zuzendu behar dizkiegu okerrak/akatsak beste edozein hizkuntzatan egiten den bezala. Batzuetan txarto daudela esanda, besteetan zuzen errepikatuta. Horrela egiten dut ilobekin, eta inguruko umeekin.
Agian, nasai aritu gara orain arte, denak balio duelakoan, baina ez da horrela!
animo, neska!