2014/06/22

Maite dut... irakasleen gela

Batzuetan une batzuk, leku batzuk arnasten ditugu eta gure baitan jarraitzen dute, denbora luzez.
Hala nola irakasleen gela.
Irakasleen gela maiz leku berezia da. Kide bereziena. Elkartze bereziena. Trukaketa bereziena. Objektu bereziena.

Hasteko, nagusiki emazteak izaten dira irakasle horiek; azken batean, lanbide honetan azken urteetan “sexu ahula” nagusitzen doala baitirudi.

Leku hetsia da, bulegarien eztabaida sutsu edo/eta errekurenteetatik aparte, ikasleen kalaka partidetatik urrun, hemen “eta zergatik horrela da erraten da? ... eta zergatik? ... zergatik?...” eternalek lekurik ez dute. Oroz gainetik “ekipakoen” gela da. Ez dut inoiz entzun hor onarturik izateko erritorik bete behar zenik, baina begi bistakoa da multzoan integratua izatea irabazten den zerbait dela, ez dena edozeini emana. Irakasle izateak gela horren erabiltzeko dretxo osoa ematen badizu, zinezko partaide izateko konfiantza zirkuluan sartu behar delako inpresioa ematen du.

Leku plurala da baita ere bertan biltzen dituenengatik. Saihestezina, lehena, kafe tresna, ontsasko artatzen da, pana potentzialak arrangura (lasai, pana hauek, bitxiki, biziki epe laburretan konpontzen dira). Hortik dira ere iragarki taulak. Gurean, jadanik gehiegi harritzen ez nauena, gutxitan agertzen dira pasioz bete sindikatuen komunikatuak. Aldiz administrazioaren taula muturra mukurru betea izan ohi da, leku horietako zuzendariek entretenitzen baitituzte kokinki mota guzitako oroitarazpen, abisu, egutegi, jakinarazpen ofizial, bilkura deialdi, lan txanda taula eta bestez estalirik; agian zintzilikatu bezain laster denek ahantzirik.

Altzariak eta apainketa orohar udazken kolorekoak izaten dira, sartze garaian behin burutu eta ikasturte osorako, nahiz hainbat urtetarako, apailatua bailitzan.
Pausalekua behar lukeen luke honetan, gorputz eta izpirituen atsedenerakoa, aulkiak ez dira izaten erosoenetarik halarik ere: kadera frango arruntak, mahain arruntei juntatuak. Seguraski ez gehiegi “biguntzeko” aukerarik uzteko. Alta, nork bere burua hauetara bota ondoan gertatzen dira aitorpen sentikorrenak, behako hitzartuak, elkarren enpatia momentuak, elkarrizketa sutsuak, kalapitak ere batzuetan.
Ezin dira ahantzi: irakasleen tiranteak. Bakoitza berea, noski, bere izenarekin poliki idatzirik izkin batean, irakasleen taldean sartu delako materializazioa nolazbait, hortik goiti norbera kastakoa bilakatu dela adieraztekoa. Berehela ez bada ere (ez bailiteke begi onez ikusia), noizbait tirante horiek uzten ahalko dira galkatzen sekulan burutik buru irakurtzeko indarrik ukanen ez den papereriaz, mota orotako ohar, fotokopia ondar, arbeletan idazteko margo higatu eta bertzelakoez. Behin holako batean sagar puska bat ere aurkitu nuen.
Fotokopiagailua ere hor da, atentzio guzien zentroa, etsipen askoren arrazoina, guzi-guzien arteko kurutzatzeko gunea. Irakasle ez denak ez daki zein den fotokopiagailuaren garrantzia, honen funtzionamendu onaren funtsa, klaserako, noski, baita ere osasun mentalerako. Eta fotokopiagailuari, inprimagailuari bezala, totem itxurak hartu izan dizkiot usu, jendea txandaka iragaiten dela “Otoi, otoi, ... egin recto-verso!!... ez blokatu orain!!!” eta okerragoak ere berdin.
Bada ere, garai berrien eta teknologiaren integratzearen adierazgarri (teorian) den ordenagailua. Fotokopiagailuarenganik ez da urrun, honek ere bertute jainkotiar zenbait dukeelakoan. Denetarako balio izaten du: klaseak prestatzeko, bildumak egiteko, emailak irakurtzeko edo berdin aktualitatea begiratu ondoan, diskretuki, Twiterren ibiltzeko eta Youtube-ko zozokeria zenbait behatzeko.

Irakasleen gela, hori guzia da. Eta hori baino gehiago.
Paper meta, karpeta sailkatugabe, bideo, CD, arkatz, sagu abandonatu, atsalaskari ondar eta nik dakita oraino zein motako puskeria izugarriaren nahaslekua da.
Eta horien artean, harreman pasionatuenen eremua ere bada. Gogoetak, elkarrizketak, haserrealdiak, lagun harremanak, amodio istorioak (luzakoak nahiz bi egunetakoak), proiektuak sortzeak, proeiktu suntsitzeak....

Bizi bat biziaren baitan. Leku apartekoa. Irakasleena. Gehiago, talde horretako partaideena, bakarrik. Bere betikotasunean aitzina segitzen duela dirudi. Aldi berean, zein zaila den unibertso selektibo horretako partaide ez denarentzat, taldearen integratzea eta hortik zerbait ateraraztea eta berdin sarraraztea!


Argazkia: Bulles de champagne by LL Twistiti

iruzkinik ez: