2012/01/07

Maite ditut kanpainak

Kanpainak eta bereziki sortzen duten giroa maite dut: sektore desberdinetako jendeak batzen direnean lema baten inguruan, printzipio batzuekin orok bat eginez, helburu amankomunekin eta, nola gerta, epe batekin, bukaerako ekitaldi bat mugarri. Horrelakoetan, denboraldi mugatuan, elkartzen gaituzten balore eta ideia batzuek uztarturik eta hortaz indartsu, izaten baikira hoberenak, antolaketan, komunikazioan, izaten dugun oihartzunean eta, mendreak iduriturik edo zeharkakoak izanik ere, eragiten dituzten lorpen, aitzinamenduetan. 

Urte hastapen honetatik eta martxo ondar arte, euskararen eta beste hizkuntz gutxituen ezagupena, lege babesa aldarrikatzen duen kanpaina martxan da, orain arte ezaguna genuena hemen berean Deiadar izenpean. Ipar Euskal Herrian « Euskaraz bizi nahi dut. Nos langues, un droit, une loi » lemapean eramanen da. Herri guzietan lema berdintsua erabiliko da: frantsesezko lema, bat eta bakarra izanen da hizkuntza gutxitu guzientzat eta lurralde bakoitzak bere hizkuntzan deklinatuko du (adibidez hementxetan duzue okzitanieraren aldeko afitxa). Iparraldean, Euskal Herri mailan eramaten den « Euskaraz bizi nahi dut » lema eta kanpainarekin lotzen da. 

Aspaldiko partez, frantses Estatuko 6 herri hizkuntzetako (euskara, okzitaniera, katalana, kortsikera, alsaziera, bretoiera) ordezkari eta mugimenduek bat eginen dute: lema bat, aldarrikapen komunak eta egun bereko mobilizazioak.

Ipar Euskal Herriak duen konplexutasun handia dela eta, batzuentzat (ikuspegi nazional batetik) bitxia ematen ahal du iparraldea eta iparraldeko jendea hunkitzen duen aldarrikapena eta « Frantzia mailako » ekimen batean hainbeste inbertitzeak. Alta, errealitate politikoak zein diren, euskararen onerako zerbait aitzinarazi nahi bada hemen, ezinbestekoa da lege baten ukatea: euskararen langileei egun guziz begi bistakoak egiten zaizkie legerik ez izanaren trabak (erabilera xedatzen duten hitzarmenak aplikatu ezinak, administrazioan batzuk hartu erabakien kontra jotzeko barne zirkular eta aginduak, eginkizun sinpleenak ere euskaraz burutzeko arazoak, etengabe partaideak konbentzitu eta akuilatu beharra, …) eta hori alda lezakeena, epe onargarrietan bederen, Frantzia da. Izan ere, maila horretan eragin lezakeen hurbilagoko instituzio edo egitura abilitaturik ez baita kausitzen, ez lurralde mailan, ez departamendu, ez eskualdean, ez nehun. Horretan funtsezkoa da, zor duenari galdetu behar baitzaizkio gauzak. Gainera, arazorik gabe uztartzen da Euskal Herri mailako dinamikekin. Azkenean, lurralde baten egoerari egokitua zaion kanpaina da, ez gehiago ez gutxiago, Araban edo Nafarroan hango egoerei egokitzen zaien bezala. Hortaz gain, beste herrialdeei juntaturik, oldar eta oihartzun haundiagokoa baizik ez da, ez bada mirakuilurik espero izaten ahal ere, entzunak izateko posibilitatea haunditzen du eta gure helburuetara heltzeko xantzak emendatzen.
Bestalde, gure kausaren berri helarazteko parada dena ere, garai berdintsuetan, hauteskunde kanpainatan sartuak dira Frantzia mailako alderdi politiko anitz eta hizkuntza gutxituei buruz dituzten hitzak mota guzietakoak dira eta aldakorrak izan daitezke, bizkitartean, anitz hizkuntzen alde agertzen dira eta lege babesaren ideia defendatzen ibilki dira ere momentu hauetan, agian Deiadar kanpaina honen onetan ere ari direla doi-doietarik ohartuz.

Ipar Euskal Herriak duen konplexutasuna handia izanik ere, hainbat egiturek bat egiten dute Euskal Konfederazioaren deialdiarekin eta ondoko asteetan beste hainbeste agertuz joan beharko lirateke: euskalgintza osoa, alderdi politiko, sindikatu, hautetsi, egitura, enpresa, pribatu... Iparraldekoak eta bistan dena, EAE eta Nafarrokoak, baita ere eragile frantsesek. Aniztasun hori, beti izigarria zait eta oroitarazten dit herri oso bat, zentzu zabalean, biltzen dela hiztunen oinarrizko eskubide batzuen inguruan. Horiei guziei gehituko zaizkie beste batzuk, bretoiak, okzitandarrak... eta seguraski imaginatzen ez diren batzuk ere.

Urte hastapen honetatik, martxoaren 31ko mobilizazio eguna ene agendako data garrantzitsuetarik bat da, pertsona, langile, euskaldun baita ere euskal herritar gisa. Ez badut zuzenean eta hurbiletik kanpaina lanetan parte hartzen ere, badakit ondoko asteetan martxo ondar artean, emulazio zabal horretan, Euskal Herriko eta beste lurraldeetako esperantza eta indar guziak bildurik, hauen hein bereko lorpenen goaitan, guziek gure baitako hoberena emanen dugula. Ezin baititaike bestalde izan.


Aucun commentaire: