2011/12/31

Gorunzko zirimolak

Denborak higatzen du dena, diamanteak salbu, eta inguratzen gaituen oro, zimeltzen doa, ezin bertzean bezala. 
Ezusteko gogor eta frustrazio anitzez gain, bada tabu handia: gure lanak eta hauei lotu bizipenak, sustut aipatu behar ez direnak, aipatzen ez direnak sekulan. 

Ez dira lan dorpeenak, ez zailak diren bakarrak, baina gure lanak dorpeak dira. Engaiamendua, autonomia, hautu onak egitea, bakardade inpresioa, egiteko denaren neurria, denboraren kontra aritzea, eta parean, euskararen eta herri baten etorkizun potentzial errotik sozializatua, sozializatuegia. Higatzen dena, higagarria ere, jendea da eta egun batzuetan irauten da ihardokitzen baino: gogoak galtzen dira, ekitea zaila da, eztabaidak antzutzen dira, egoerak blokatzen, trabak ikusten dira aukerak baino gehiago.
Ingurua bilaka daiteke unama astunaren gisakoa, besteak kausi ditzaketen zeru zohardiagoetara eta ur oparoagoetara abiatzen utzi gabe. Nahi ala ez, egoera nolazpait iraunkorregietako bilakaera normala.

Konbentzitua naiz dena dela ikuspegi kontua eta dinamika, erlijio budista edo induistetan bezala, energia istorio bat. Gakoetarik bat pertsonengan da. Behar dena, goitiko korronte bat da, lagunak bildu eta eramanen dituena.

Elkartzen direnean lauzpabost pertsona, motibatuak, baikorrak, imaginatiboak eta elkarrekin lan egiten hasten, hauen elkarlanaren ondorioak, txikiak izanik ere, agertzen dira laster.
Horren aitzinean, inguru guzia alda liteke: inguruko jendearen ikusmoldea eta jarrera, ideia eta ekimen berriak... eta laster hastapenekoei batzuk gehiago juntatuko litzaizkieke berdin.
Betiko kolaboratzaileak baztertu gabe, balio handikoak baitira beti, doi bat erreak direnak, kooperaziorik gutxi eskaintzen dutenak utz ditzagun bakean; xerka eta hauta ditzagun berri batzuk zeinekin aitzina egiten ahalko den errazkiago, lasterrago, arinki. Ahal bada, xerka ditzagun kolaboratzaileak gure erakundeetan edo inguruetan, behar izanez gero, bila ditzagun gure erakunde eta herrietatik kanpo, beste guziaz gain, ikuspegi berri bat ere eskainiko dutelakoan. Jende berria beti probetxugarria denez, ahal bada gure talde eta etxeetan integra ditzagun. Aitzina egin dezagun gorunzko zirimola bat sortuz, ustekabean kontagioa eragin bailezake. 





Argazkia: Mosaic: Spiral Mandala by krazydad / jbum
Audioa: Mandala by Morcheeba

Aucun commentaire: