2011/12/08

Hamasei-hamazazpi


Hamasei-hamazazpi urtetan, lehen aldikotz belar puska batzuk erre nituelarik xuxen jakin gabe zer ziren, pentsatu nuen net mentsa izan behar zela, goitika aritzekotan eritzeraino horrelakoen erretzeko.

Hamasei-hamazazpi urte nituelarik, lizeoko aterbean ginela, mutiko batek erran zidan horrela:
- Badakizu.... Nahi nuke zurekin atera...
- ... Nora joateko? ... Euria ari du jauts ahala! -erantzun nion miserableki.   



Hamasei-hamazazpi urte nituelarik, deus gutxi nekien, baina ez nuen deusen faltarik eta jaten ninduten arrangurak arinak eta bakan-bakanak izaten ziren: gerla munduaren beste puntakoa zen, politikak kakingarria iduritzen zuen, auzoko senar-emazteek elkar jotzen zuten baina « konplikatua zen », beste bat zergatik preso sartu zuten sustut ez zen aipatu behar...

Bazitekeen ttulak izana, inozentziak itotzea, errealitatetik kilometroetara egotea edo gezurren artean bizitzea; bazitekeen segurkiago hurbiletik ikusten, bizitzen eta menperatzen ez genituenak, urrun eta irreal gertatzea, beren betetasunaz eta zentzuz hustuak.

Arratsaldean, lizeoko atean, adin berdintsuko gazteak begiraturik, garai hortan ginen horiek bezalakorik kausi ote daitekeen ez dirot erran.
Gaurko belaunaldiek dena dute eskura, erraza zaie hainbeste edozein gauzaren jakinean izatea, beraienganik espero izaten dugu ahalik eta lasterren autonomo eta nolazpait helduak izan daitezen. Gainera, gizarteak berak ezin du aspaldian gezurrik kondatu nehori. Aldi berean, gure aldetik, egia zor diogu edozeini (gure buruei lehenik), ezin da nehor anestesiatu, ezin da kukugordekan aritu; horrelakorik ez da nahi ere funtsean.
Baina zer gelditzen da haur eta gazte denborako inozentzia eta ezazolkeriaz?
Mundua, helduen mundua, bere gordin, miseria, zitalkeria, bortizkeria eta itzal kontingente guziarekin, noiztik goiti ez diegu gehiago gordetzen ahalko? Noiztik hara hasi beharko dugu akitzen inguratzen gaituen guziaren justifikatze lanetan? Nun kokatzen da momentua, zeinetarik aitzina, ez ditugun gehiago babesten ahal?


Nago hamasei-hamazazpi urte ez dela erantzun ona, gutxiago egokia. 








Argazkia: I was innocent once by  Duncan
Kantua: Goizean goizik - Benito Lertxundi


2 commentaires:

Mikel Belasko a dit…

Alaba bat daukat adin horretan, eta esanen nuke ez dela hainbeste diferentzia gure eta haien artean. Diferentziak izanen dira gazteen artean ere, bistan da, baina oro har, hamazazpi urte hamazazpi urte dira, eta munduari oraindik inozentziaz begiratzen diote. Zorionez, ez dira erabat jabetzen gainera heldu zaien munduaz. Nahita ez eginen dute hemendik gutxira.

Bea Sallaberry a dit…

auapa!! Ba, hala bada hobe!! Geroztik egon naiz pentsatzen ea agian ez direnez gu bezalatsu edo berdin ere "inozenteagoak" edo hainbat gaiei doakienez.
Zeren azkenean, uste dut, horrelako gauzez jabeago garenez, gure gurasoenganik desberdin jokatzen dugula (edo ez) eta kasu haundiagoarekin gabiltzala.
Izan ontsa!!