2012/01/15

Euskara zen galdegaia

Ene aldia heldu zen:
- Eta zuk? Nor zira eta zuen etxean zein dira hizkuntza usaiak?
- Gure familian denak euskaldunak gara. Bikotea euskalduna dut. Gure artean euskaraz ari gara, beti. Haurrarekin ere. Euskara gure laneko hizkuntza da ere, biena. Gure ingurumena, lagunak eta hori, euskaldunak dira ere, de facto, kurutzatu jende gehiena gure arloetakoa izanik...
- Eta zer pentsatzen duzu ikastolak egin behar lukeela? 
Ikastolari ez diot galdetzen gauza anitz ez bada instrukzioaren kalitatea eta badakit frango nire gain geldituko dela, ezinbestean, hala nola euskararen transmisioaren parte bat. 
- Baina, zure ustez zer da egingarria? Imertsio denboraren optimisatze eta emendatze aldera, ikastolaren baitan eta inguruan?
- Ikastolan zer gehiago? Baina, ikastolak berak, zer eta noraino posible du gehiago egitea? Mugak ere hor dira. Ene iduriko, lehen gauzetarik bat izan beharko litzateke, ikastolako hesien baitan, euskaraz aritzea eta gutxieneko zerbait (erranaldi batzuk bederen) ikastea, haur, guraso eta hezitzaileekin mintzatzeko eta kanpoan ere. Eta gero, haurren aktibitateen kasuan, ahal bezainbat hizkuntza kriterioa kondutan hartzea. Zaila da, baina piskanaka eremu batzuk irabazten ahal dira, bederen zenbait leku edo tarte...

Euskara zen galdegai. Bai, azkenean, biltzarrera joan nintzen: konbentziturik gauzak aitzinarazi nahi badira, holakoetan parte hartu behar dela. Gaia kokatu zen eta mahai ingurua abiatu zen. Gehienek ez ninduten ezagutzen, horraino pertsona lambda nintzen; sendimendu eskandalagarri ilaun bezain atsegina, luze gabe alien bat izatearen sentsazioak haizatuko zuena.
Aitama bakoitzak hitza hartua zuen jadanik gisa berean; deskribatzen zutena eta zituzten arranguren natura nireenganik ez bazen desberdina ere, beste maila batekoa zen. Hasteko, gehienak panorama frantses batean bizi zirela eta aukera gutxi zituztela euskaraz egiteko aitortu zuten, espero zutena beren haurrentzat zutela nahi azaldu zuten denek. Presente zen jendearen erdia arras erdalduna zen. Denak kontziente ziren problematikaz; hots, ingurua ikusirik, luze gabe, Pirritx eta Porrotxen diskoa ez zela aski izanen... Konklusio batzuk, gehienak, partekatuak ziren. Proposamen batzuk ere baziren, ahal neurrikoak, errespetagarriak denak dudarik gabe.

Bakardade momentu bat izan zen niretzat eta begi borobil pareak ahoa zabalik niri beha. Zer pentsatzen zuten? Nun kokatzen zituzten beren buruak eta nirea? Jenatua senditu nintzen, nehundik ere nintzenaz ahalgeturik, arras kontziente bainintzen deskribatzen nuena ez zela ohiko zerbait eta batzuentzat surrealista zela: xantza handikoa nintzen, estralurtarra, hainbeste eta hain gutxi zuena, baita aldi berean, geunden horretan egon eta soluzio definitiborik ez zuena, aurreikusi baino arazo gehiago agerian uzten zuena. Eta parean nituenei konparatuz, ez dakit ulergarria zenez, ez dakit nola entzun zen ni bezalakoa pleinitzea hizkuntza batean bizitzeko kausitzen nituen mugez, ingurukoena entzunik ez baitzen alderatzerik.

Biltzarra biziki baikorki finitu zen. Bukaerako, erabaki ziren ekimen zenbait ikasturtean zehar garatzekoak, gehienak aitamei zuzenduak eta familia giroa euskalduntze aldera. Bizkitartean, eni, errealitate gordinaren boomerang-a itzuli zitzaidan: neurri boluntarista bezain homeopatiko eta lokalak, kontestu hori gainditzen zuten funtsezko eskasiei. Izan baikor Bea. 


Argazkia: Cornered by the Noodly Master by Worker101 

iruzkinik ez: