2012/01/29

Arbre à palabre


Arratsalde euritsua zen eta deus ez egiteko. Telebista piztu nuen. Bakan gertatzen zait; pozoia zait.
Gaurko zerbitzuek bost ehundik gora telebista kate jartzen dizkigute eskura, EITB salbu; ni n-garrenean gelditu nintzen, seko. Munduko leku galdu bateko ohitura eta bizimoldeez egiten diren erreportaia horietarik bat zen, egileek ikuspegi antropologiko seriotik eramana dudarik gabe, guri anitzetan exotiko gertatzen zaizkigun horietarik bat. Sénégal-eko herri batzuetan kokatua zen eta horko « arbre à palabre » delakoen ingurukoa.
Deigarria izan zitzaidan, zinez, berehalakoan ezin erran xuxen zergatik, deigarria hainbesteraino non biharamunean berean bigarren aldi batez begiratu bainuen.

Erreportaiak zioen nola Afrikako hainbat herritan oraindik bizirik den ohitura zaharra, frango ezaguna dena funtsean: herrian nonbait zuhaitz baten inguruan biltzeko usaia; zuhaitza anitzetan baobab bat izaten da. Horren itzalpean, herria juntatzen da doazkion gaien aipamenaren egiteko, erabakiak hartzeko, kultur transmisioaren egiteko, ongi pasatzeko eta bereziki nork gogoko dituen eta funtsezkoak zaizkion gaien aipatzeko; leku bat mintzatzeko, entzuteko eta entzuna izateko, neholako zentsura edo autozentsurarik gabe, leku bat non edozeinek hitza duen plazaratzeko edo jakinarazteko nahi duena. Orokorki, mota guzietako katarsirako, trukaketarako eta eraikuntzarako tokia.
Bitxiki, gizarteak garatu ditu, han berean, beste tresna batzuk: batzar ofizialak, eskolak, kultur etxeak... Erran dezagun egitura modernoagoak baino, okzidentalagoak. Halarik ere, arbolen oinean segitzen dute biltzen. Han, oinarrizko protokoloa bete ondoan, denek dute hitza, banaka. Orok hitz egiten du libertate osoz, nahi, behar, ikasi duenaz, bere ikusmoldeaz, filtrorik gabe. Gisan berean, zuzentasun handiz hitz egiten da, barne ukan daitezkeen duda eta zalantzez, ezjakintasunaren aitormenak ez duelarik nehor besteak baino maila apalagoan kokatzen.

Non dira gure arbolak?
Gure buruei kontatuko diegu holakoen egiteko baditugula tresnak eta paradak, mila molde ditugula palabre-tan ibiltzeko. Baliteke. Alta hain gutxi egiten dugula iduritzen zait. Denbora faltako zaigu, elkar ezagutza sobera azalekoa; konfiantzarena prozesu konplexua da, gure egitekoak definituegiak dira agian, aitormen batzuek ezezta gaitzakete bete behar ditugun rol hertsietan, espero dena ez da galdera erantzuna baizik, agian indibidualismoak jan gaitu, ez dakit. Behar bada oinarrizkoagoa da, ahantzi zaigula mintzatzen, trukatzen, ahantzi zaigula entzuten eta ematen, laguntzen, besteak diren bezala ikusi eta onartzera, gure buruez lotsatzen gara. Ez dakit. Gure sistemak bestalde eskaintzen dizkigu formakuntza saioak, aditu-aholkulariak, psikoanalisia saioak, elkarrizketa prozedurak, mediazioak eta holako parrasta. Bizkitartean, ez da egokiena, ezin da bakarra, sistematikoa eta orotakoa izan.

Erreportaiak oihartzuna izan zuen nigan, ebidentzia batena, eskasarena. Oihartzuna izan zezakeen mila mailatan: pertsonala edo orokorragoa, familia mailakoa, bikote mailakoa, barreiatzen doan koadrilaren ingurukoa, gizarte eta politika gaietakoa, maila profesionalekoa. Pena guziak aitortzekoak ez badira, erran dezadan, azken honetara eraman ninduen, zehazki eta xuxenki. Irakaskuntzan, euskalgintzan, arbola handi eta finkoak badira, noiztenka hurbiltzen gatzaizkie gaiaren eta unearen arabera. Halere bakarrak dira. Oinarrizkoagoak, basikoagoak diren gaiak, berdin funtsezkoak direnak, agian inportanteagoak, ez dira arbola horien itzalean aipatzen.
Gai hauengatik eta beste hainbesterengatik ere, arbolak falta dira








Argazkia: el rei de la savana by mimirla
Audioa: Dounia by Rokia Traoré

Aucun commentaire: