2012/01/22

Dispositiboak eta labelak

Helduen euskalduntzearen arloa eta aktibitatea definitzeko tenorean, arrunt kanpokoa den entitate bati, gaia lauso egiten zait. Frantses Estatuan, dena den, ez da momentu honetan formakuntzaren arloa baino lausoagorik.
Izaeraren aldetik, anitzetan elkarteak gara, gutxi batzuk formakuntza organismo gisa agregatuak, funtzionamendu konplexuko egiturak, jatorri, historia, balore eta bilakaera luzekoak. Horretaz gain, trumilka ez bagira kausitzen ere aktibitate sektore horretan, bakoitzak bere filosofia eta proiektu osagarriak eramanki ditu. Aktibitateari doakionez, eskaintzaren izendapen komunena euskalduntze eta alfabetatzearena da. Alfabetatzean ibiltzearen afera, pertsonalki, doi bat zaharkitua iduritzen zait eta historikoki daramagun kalifikatibotzat dut, seguraski garai batez eta leku batzuetan, publikoaren eta zereginaren nolakotasuna zela eta, egokia izan zena baina gaurko errealitatearekin gutxi duena ikusteko. Berdin dio. Oroz gainetik, kanpotik, gure aktibitatea ez da formakuntza/ erakaskuntza aktibitate gisa ekarria nehun. Ez euskararen kasuan, ez beste hizkuntz gutxituen kasuan dakidanez.

Hots laburbilduz, elkarteak gara, ezagupenik ez duen hizkuntza bat erakasten dutenak, komunzki animazio soziokulturalaren sailekoak. Gure lanaren ezagupen zuzenik ez da. Gure eskaintza ez da nehungo kuadroan kokatzen.

Hizkuntza nagusien kasuan piska bat xerkatzen denean, helduei zuzendu frantsesaren erakaskuntzaren aldetik adibidez, desberdintzen dira formakuntza mota anitz: français langue d'alphabétisation (nagusiki iragan mendean frantses lurraldean burutua, ia desagertua), français langue étrangère FLE  , français langue seconde, FLS, français sur objectifs spécifiques FOS . Azken honen baitan badira azpi kategoriak:  français sur objectifs universitaires, français sur objectifs professionnels, français de scolarisation … eta  azken sortua français d'intégration FLI
Eskaintza desberdin frango, hizkuntzaren egoera baita publikoaren egoera eta xedeen arabera.

Nengoen ea erakaskuntzaren aldetik funtsezko desberdintasunik suposatzen ote zuen. Googleing baten ondotik atxeman azalpen ikasmaterial eta esperientzia kondaketa dela eta, erranen nuke, lehen begi kolpean, ez dela desberdintasun funtsezkorik erakaskuntzaren aldetik, bederen ez diola erakasleari gaitasun berezirik garatzea galdetzen.

Izendapen guzi horien gibelean, erakasten dena eta erakasteko moldetik haratago, badira dispositiboak. Dispositibo horiek eskaintza mota horiek zedarritzen dituzte, besteak beste labelizazio sistema batekin, oinarritua kargu txosten batean. Kargu txosten horretan definitzen dira erakaslegoaren formakuntza, erakaslegoaren izaera (profesionala ala ez), erakastokien baldintza materialak eta holakoak. Dispositibo horietan lanean har daitezke elkarteak, eskola ofizialak, formakuntza egiturak, norbanakoak agian, hots izaera desberdinetako kideak eta labelizatuak izan daitezke hainbat baldintza betez gero. Labelizatuak izateak, lanaren ezagupen ofizial bat dakar eta zenbaiten kasuan, diruztapen publiko arautu baterako bideak idek ditzake, frantsesaren kasuan behintzat zerbitzu publikoaren mailako lana betetzen baita.

Hizkuntz gutxituen kasuan, ez dut horrelako deusen berririk atxeman. Hegoaldean, eskaintzaren, zentroen, erakasleen homologazio sistema bat bada, euskalduntzea eta alfabetatzearena deitua, bestelako zehaztapenik gabe dakidanez. Eta seguraski ez da gehiagoren beharrik, funtsean bailiteke hau guzia izan dadin, neurri haundi batean, tipikeria bat. Bizkitartean, Bidasoaren honaindian holakorik ez da, eta ezintasun iturri gerta daiteke.

Gaurko egunean, frantses Estatu osoan, horretan gabiltza egitura frango, izaera desberdinekoak eta seguraski eskaintza izigarri desberdinetakoak ere. Eta gure hizkuntzek ez dutenez ezagupenik, gure aktibitateak klasifikatu gabeak dira. Hizkuntz politikak badira, leuan lekukoak eta hortik goiti erabaki politiko baten haritik datorren irakaskuntza da, beraz zerbitzu publiko gisa klasifikatua izatea merezi duena. Baina ez da hala. 
Orain arte bizi izan gara horrela.
Alta, gaur diot jada baietz, diot gure eskaintza definitu behar dugula lurralde honetan Estatuko instituzioek eta hurbilagokoek, baita hizkuntz politikaren ardura dutenek ulertzen eta onartzen duten terminotan: eskaintzaren izendapena, dispositibo batzuen eratzea, labelizazioa. Horrek eramanki ditugun aktibitateak sustenigarriagoak egiten baditu eta bide beretik gure egoerak hobexeagoak, jorratzeko bidea da.

Gure eskaintzak nola definituko genituzkeen faltako zaigu. Gustu oneko bati frango gustatu zaio «Euskara langue d'intégration» eta nik biziki maite dut « Euskara sur objectifs spécifiques ». Izen partikular bat ere xerka daiteke, zergatik ez? 

Argazkia: untitled by Emma.c
Argazkia: White Rubik's Cube by @doug88888

Aucun commentaire: