2011/11/05

Euskara galdegai


Euskara galdegai
… edo zer erantzunkizun gure haurren euskara maila apaltzeari.


Heldu den astearte arratseko ikastolak luzatu digun bilkuraren izenburua da gaineko hau.

Suposatzen dut parada izanen dugula nork bereaz gogoetatzeko: euskara jakiteaz edo ikasteaz, erabiltzeaz haurrekin, euskaraz bizitzeko aukerez eta guneez, egunerokotasunean ditugun praktikez. Egoera zein den badakit. 
Pertsonalki, eskolari hezkuntzaren kalitatea baizik ez diot eskatzen, hezkuntzaren kalitatea nik hautatu hizkuntzan, argi izanki euskararen gaia ezin dudala haren gain utzi, hala beharrez nire afera dela lehendabizi bai eta beste eragile batzuena ere.
Ikusiko dugu zer aipatuko den zehazki.

Imertsio sistema baten proposatzearen onuretatik haratago, Seaska beste anitz bezala kontziente diteke hezkuntza sistema horrek ez duela bermatzen bere baitako haur guziak hiztun oso eta trebe izatea etorkizun hurbil nahiz ertainean, ikastolako hesiez kanpoko panorama arrunt kontrakoa denean, hizkuntza horretan aritzeko eremuak pribatuetatik eta hurbiletatik kanpo gutxi eta xerkatu behar baitira. Gutxiri zaigu emana goizetik arrats euskaraz aritzeko posibilitatea eta anitzetan trabatuak izaten gara besteak bezalatsu. Haurrengan eta bereziki haurren euskaraz aritzeko trebetasunean ondorioak ditu, nahiz nehork ez aipatu zertan den konkretuki, sistema osoa kolokan jar lezakeen bekatu mortala nola.

Aitamen artean, Baionako Oihanak kondatzen dituen ehun familietatik, entzun izan dudanaren arabera familien erdiak du aitama bat euskalduna bederen, arras gutxitan biak. Hortik haratago, hizkuntza ohiturak zein diren, nork bere baitan duen konfidantza edo segurtasuna norainokoa den, euskara nola ikasi den (anitzek « belarriz » ari direla aitortzen dute, oroitzapenetan oinarrituz), batzuk frantsesez hitz egiten diete haurrei. Nehork ez ditu epaituko, ezinezkoa baita. Denek ikastola hautatu dute.

Haurra ikastolan sartu dute. Lehen urratsa eta funtsezkoa. Anitzendako zinezko desmartxa izanen zen, erabaki bat, ez zena baitezpada ebidentzia bat izanen.
Aldiz, ene iduriko, hautu hori hainbatentzat ez bazen erraza, denen kasuan pausurik errazena zen, jakinez ondotik etorriko den bidea neketsua dela eta lehendabiziko hautu horrek ez duela segurtatzen gure haurrentzat nahi duguna beteko denik, nehundik ere.

Euskararen Erakunde Publikoak, 2006an publiko egin zuen bere hizkuntz politika proeiktuan, azalean berean jartzen zuen « Hiztun osoak helburu; haur eta gazteak, lehentasun » eta bide beretik jarraitzen zuen 2010ean ondoko lau urteetako plazaratu « jokabide esparrua» txostenean, nabardurak nabardura. Nehork ez du dudarik euskararen geroa belaunaldi gazteengan jokatzen dela. Nehork ez du dudarik hiztun osoak sortu behar direla, hizkuntza menperatzeaz gain erabiliko dutenak oraindik urriegiak diren eremu eta egoeretan.
Norabide horietatik garatu dira azken urteetan haur eta gazteei preseski zuzendu ekimenak: aitamen sentsibilizatzea eskola sistemei buruz, eskoletako eskaintza elebidunaren garapena lurralde guzian, haurtzaindegi elebidunen eskaintza garatzea, liburutegi eta aisialdi guneetako animazioak euskaraz burutzea, gazteei zuzendu ikastaroak antolatzea eta abar.

Eta zaila da. Denentzat. Basamortuaren kultibatzea bezainbat.

Ahatik, hain zaila bada ere, iduritzen zait publiko honen euskalduntzea, « haur eta gazteak lehentasun » markatzea eta horretan eragitea, estrategikoki eta politikoki egoki eta zuzen izateaz gain, errazena dela.
Izan ere, haur bati euskaraz aritzea, buraso batzuk konbentzitzea haurrari euskaraz mintzatzeko edo ikastolan sartzeko, agian urteetako diskurtsoaren poderioz, gauza « normaltzat » jotzen da. Haratago, nire inpresioaren arrazoinak zein izan daitezkeen jorratu gabe, uste dut ongi ikusia dela tipi bati euskaraz aritzea, badu kutsu hunkigarria, amultsua, polita da, ez da nehor kontra izaten ahal. Bi, hiru, lau, zazpi urte direnean, gauza on eta normal gisa kontsideratua izaten da.
Hamar, hamabi, hamabost urte dituztenekin? Buraso bat semeari euskaraz aritzea beti amultsu eta polita da? Ala pertzepzioak aldatzen dira? Adin batetik haratago ez ote da kontsideratzen hautu politiko gisa? Ama eskolatik ateraturik, zenbat ikaslek segituko du lehen mailan, bigarrenean eta lizeoraino Seaskaren eskoletan? Ez ote da pentsatzen aski dela, maila batetik hara, ordu arte ikasia nahiko dela eta ez duela galduko?Gazteen praktikak kontrolatzea zailagoa izanen delarik, sozializazio eremuak zabalduko direlarik, burasoek ez dutelarik gehiago buru egiten ahalko, zenbatek segituko du imertsio sisteman? Eta segituko dutenek? Zein baldintzatan ariko dira? Zer eskainiko zaie erabilera baita nolazbaiteko hizkuntz kalitatea bermatzeko?

Seaskak, kopuruak urte batetik bestera gora doazela, betiko norbanakoen nahikeria eta inbertsiotik ez bada, nola egin dezake buru bere proeiktuaren arrunt kontrakoa den panorama linguistiko batean?
Haur eta gazteak lehentasun badira, ordu liteke agian, beranta hartu gabe, beste publikoengan ere eragiten hastea, zergatik ez burasoenganik. Zeren eskolaren eta aitamen itzalpetik urrunago, baita mundu oso bat eta erdaraz funtzionatzen du. Eta mundu horretan direnen euskalduntzeko, horien ohituren aldatzeko, alde sentimentala baino zerbait gehiago beharko da, ez baitute tipi eta gaztetxoen kasuan erabiltzen, transmititzen diren amultsutasun, hurbiltasun edo dena delako irudi eta argumentuek ondorio handirik izanen. Beste publiko horiek funtsezkoak dira, haur eta gazteak bezainbat eta aldi berean konplexuagoak, indar haundiagoak eskatuko dituztenak. Ahatik, haur eta gazteen euskalduntzerik ez daiteke burutu, eskolaren bitartez hiztunen sortzea ez daiteke emankorra gerta, eskolatik kanpokoak ez badira inplikatuagoak prozesu horretan.  

Argazkia: Focused by Vince Alongi
Argazkia: Pouquoi? by Dylancantwell

Aucun commentaire: