2011/11/19

Brigada


« Euskaldun brigada » bat sortu da Baionan eta sortu dutenek horrela deitu dute.
Euskaldun tropa bat, orotara hamar bat pertsonakoa, bilduko da larunbat goiz guziz eta erosketak eginen ditu merkatuko inguruetan, hots Baionako zentroan, ahal den neurrian euskaraz. Hau da, usaian egin ohi dituzten erosketak berak burutzen saiatuko dira euskaraz eta horretarako guneak identifikatuko. Iniziatiba ez da bideratua izan, ez da jendeari planteatu zaion proiektu edo eginkizun bat: bapateko batean erabaki dena, euskaltzaleak zentzu zabalean diren batzuen artean. Taldeko batzuk euskara ikasten ari dira, beste batzuk aspaldian ikasirik dira eta pare bat euskalgintzako kideak gira (seguraski horrelako konpainietan ongi etorria eta sosegugarria izaten delako euskaldunak izatea, segurtatzeko behar izanez gero « euskara ontsa dakien bat » eskupean dela edo).
Hastapeneko helburua nahiko pertsonala da kasu guzietan, euskaraz egitea eremu eta eginkizun berri batean. Asmoarekin berotu arau beste helburu zenbait ere aipatu dira: euskaldunak diren komertzioak identifikatzea, euskaraz aritu nahi duen komunitatea eta xedearen agerian uztea, euskaldunak ez direnei «behar » baten azpimarratzea eta egokitzearen bidean akuilatzea... baina bigarren mailakoa dela uste dut, gehienentzat.

Poztu naiz entzun dudanean ekimenaren berri.
Ez da goitik behera bideratu euskararen aldeko urratsa baizik eta nork bere baitarik emana.
Ez da gauzak egunetik biharamunera aldatzeko neurrikoa baina ondorioak izan ditzakeena.
Multzoa ikusteak, hainbat pertsona, egun berean, ordu berean, zeregin berean izateak ageriago utziko du euskaraz bizi nahi dutenak kasu isolatu bakar batzuk baino gehiago direla. Espero izan behar da ere kontagio efetua sortuko duela eta beste euskaldun batzuk juntatuko direla denborarekin, baita komertsante batzuk indar gehiago eginen dutela (dagoeneko euskaldun direnek, baita ez direnek ere).
Erostekak egiten ibiliko direnei artaldean ibiltzeak babes zerbait emanen die eta konfiantza.
Komertzio euskaldunen identifikatzeko parada ukanen dugu behingoz, ondotik beste batzuei zabaldu ahal izateko.

Labur egin dezagun, biziki baikorra iduritu zait, maila pertsonalean eta kolektiboan: espontaneitate handikoa, parte hartzailea, inplikatzailea, xede anitzekoa, arina delako. 
Aspaldiko oroitzapenak ekarri dizkit gogora eta ustegabean nostalgiak gainditu nau.
Lehenik, euskaltegietako ikasleekin ibiltzen ginela horrela, konpainiatan bildurik, auzoak gure artean banaturik, publizitate egiteko, diru biltzeko, kanpaina bat edo beste zela-eta jakinarazteko, sentsibilizatzeko. Frango emankorra izaten zen eta ongi pasatzen genuen.
Gero -arrunt beste istorio bat da baina-, oroitzapen urrunagoetan, gogora ekarri dizkit ere, beste herri eta egoera batean ikusiak (Kubako herri antolaketan oinarritua eta hango jatorriko pertsonek martxan emanak zituzten auzoetako brigada antzekoak): auzo urrunen arteko berrien trukatzeko, herriaren koesionatzeko, informazio administratibo eta sanitarioak zabaltzeko, ekipamenduen egoeraz jakiteko eta konpontzeko, biztanleen egoera ezagutzeko, … biziki goxoak, hurbilak, emankorrak.

Laster etortzekoak diren neguko goizalde euritsu hozpilei ihardokiko dien proiektua izatea espero dut. Egitan.


2 iruzkin:

leire erabiltzaileak esan du...

Aupa, Bea!
Oso ekimen polita iruditzen zait, behar-beharrezkoa, gainera, tamaina horretako hiri batean, eta euskara ez denean hizkuntza erabiliena.
Ea zorte ona duten eta euskaldun asko topatzen dituzten!
Ondo izan!

Bea Sallaberry erabiltzaileak esan du...

Milesker Leire.
Niri ere baikorra iduritzen zait frango, bereziki jednearen baitatik datorrelako eta hori funtsezkoa da, ez baitu jendeak izena eman pentsatuz "ale, ados, saiatuko naiz" baizik eta sentitu duelako bere baitan.
Izan ontsa zu ere!!