2011/05/18

Alda

Duela hilabete bat, aspaldiko partez amnistiaren aldeko ekitaldi batean, batek « Errefuxiatuek... » oihukatu eta besteek « ...Euskadin bizi behar dute!! » jarraitu zutenean, pragmatismo haundiz, gure irudimen eta bilakaeraz gogoetatzearekin penatu ordez, errefuxiatuen artean ehuneko zenbata zitekeen bizkaitarra galdetu nion nire buruari.


Herenegun, bospasei kideko kanpainia onean, batek zeraman solasaren haria galdu nuen, aipatuak arrunt arrotzak bihurturik, nire ulermen gaitasunez dudatzen hastekotan, ohartu arte bere hitzetan « Euskal Herria »-ren bidez Euskadiko Autonomia Elkargoa aipatzen zuela.

Iragan astean, Garaziko Donibanen nintzela, gaztetxetik ateratzen zen bospasei txapadun mutiko bat, ohartzean euskaldunak ginela, neholako graziarik gabe, bere azken puntako telefonoa erakutsiz ihausika zuzendu zitzaigun « Ei!! nola ein behar det hemendik Euskal Herrira deitzeko? »

Euskal Herrian gauza anitz aldatzen da. Zein erritmotan, zenbateraino, nundik eta nora, beste istorio bat da.

1 iruzkin:

Bea Salaberri erabiltzaileak esan du...

Aitzineko hau irakurtzean, pentsa daiteke, diodala pertsona batzuk, potentzialki hegoaldekoak, iparraldean direnean Euskal Herrian dirautela ahanzten dutela. Eta ez da hala, batere. Azpimarragarriak badira beste kontu batzuk, tarte laburreko hiru gertakari hauetan konstatatu ditudanak, baloratu edo epaitu gabe eta denak inplikatzen gaituztenak.

Lehenik, Euskal Herriaren kontzeptuaren bilakaera eta lerraketa: gure idealak, helburuak Euskal Herri mailakoak badira ere, solasetan, Euskal Herri deitzen dena, ohar gabean, gertatzen da izatea hegoaldea bera, eta azken denboretan gero eta gehiagotan, EAE bera. Eta hau ez zaio gertatzen gehiengo bati, baina politikari edo militante abertzale bat baino gehiagori. Ez da nahitara izaten. Zer salatzen duen ez dakit. Bitxia da.
Bestalde, garaiak aldatzen direlarik, egoera batzuk berdin segitzen dute. Deigarria da duela 30 urteko lema bat beti oihukatzen segitzea, arazoak orduz geroztik hor dirauela agertuz. Kezkagarria.
Hortik haratago, lelo bat 30 urtez oihukatzea, beti berdin, hitz bakar bat aldatu edo zuzendu gabe ez da gauza arrunta ere ez (hemen sartu dut adibide bat, baina %80a horrelakoa da).Frantses Estatuko mugimenduetan, irudimen handia izaten dute: pankartak, lemak...
Gero, nahi ala ez, Estatu mailako muga administratibo bat bada Bidasoan, guziek, goiz edo berant, noizbehinka bederen iragaiten duguna. Muga horren bi aldeetan bizi direnek, alde batetik bestera deitzeko, ohiko zenbakiari indikatibo internazional bat gehitu beharko diotela eta zein den ez jakitea, ez zait normala. Ez dut uste jende gehienaren kasuan denik, bi aldeetako jende anitzi gertatzen zaiona.

Horiek hola, gai batzuetan bilakaera bat izaten da, beste batzuetan ez da aldarik, azken batzuetan kasik gibelera ari gara. Pentsatzekoa zait, besterik neholakorik gabe.