2013/06/10

Kantxakoak






Ezaguna eginen zaigu anitzi sentsazio hori, kantxakoa, nahiz ez sekulan neholako pilota plazara hurbildu izana jokalari gisa. Metaforikoki diot bistan dena, momentu eta gertakari anitzen parekoak, batez ere jendeaurrean agertze edo hitzartzeetakoak bezalakoak baititaizke jokolariek une horietan dituzten bizipen eta burutazioak.
Pilota lekua, gure buruak jende aitzinean jartzeko ororen gisan, aparta izaten da: lekua eta denbora deus gutxitara dakarzki, jokolaria argitan utziz bere on-gaitz guziekin.


Ele ozenak, ikusle lerroak han gainekaldean, errauts fina argi errainuetan airatzen ikusten dena, espazio hetsi pribatua denen begietara dagoena, osina hots. Eta izkinean zu. Esku batek bizkarrean txalo batez pusatu zaitu eremuan barnago. Klunka gor batez zerratu da atea zure gibelean. Hor zaude eta beste guziak gainean, goratik beha. Hor zaude zuloan. Eskapatzerik ez da izanen. Zerutik jautsiek nola, deiek akuilatu zaituzte erdialdera. Bakardadea zure baitan barnaraino sartu da.

Jendeen arramantza zirimolaka gora doa eraikinaren murruetan punpaka zolaperaino, jadanik urrunak zaizkizu, lausoak, zelaitik kanpokoak dira orain, zureganik urruti uxatuak. Lan gehiago ematen dizkizute zure baitako arrabotsek : belarrietan joka duzu odola bihotz taupada bakoitzean, lepo zainak lehertzen dizkizu buru kaskorainoko bidean, eta zure hatsa, motza, gorgarria, gero eta ozenagoa. Ixiltasuna, lortu ezina, estimatuko zenuke.

Bakarrik eta bakarra zara, beste guzien begipean, begirada saihestezinak, zure aldekoak, zure kontrakoak. Une hartan, zure desirarik handiena haien artean han goian jarririk egotea litzateke. Ezin da.

Pilota joan jinka abiatua delarik, zure baitaratu ezinean zabiltzala, begiradak kurutzatzera ausartu zara orain, ez dira gehiago hain beldurgarriak. Finkatzen ez badituzu ere, batzuk aldekoak zaizkizu, soako xamurrak, begitarte idekiak, beste batzuk agintzen dizute ernatzea, bisaia urratu trufari gizen gorrailak, noiz zangatrabatuko zain dituzula. Guziek izartzen zaituzte etengabean, erran edo egin bakoitzean bezala, eskukada oro.

Arrangura batzuk bururatu zaizkizu bapatean: pilota nereganatzen lortu ote dut, helduko al naiz behar bezala eramaten ? Edo gisan berean hizlarien kasuan, jakinen ote dut gogoan dudana azaltzen, argiki, hankarik ez sartzen, ez urrunegi joaten, sinesgarria izaten, konbentzitzen ?

Eremua kontrolatzen duzu jada, lerroak zein diren eta nun, ona eta faltaren arteko bereizle bezainbat, segurtasuna eta arriskua, egokia eta ezegokia dena, dakizuna eta ez dakizunaren arteko mugak definitzen dituzte. Ausartuko al zara marraren bestaldetik ere jokatzen ? Jakinez hau izaten dela beti zirraragarriagoa ? Emankorragoa ? Eta aldi berean beldurgarria, alde batera edo bestera partida guzia eraman baitezake, sinesgarritasuna galaraz baitiezazukete.

Marrak gauza aski finkoak dira, zorionez. Aldiz, pilota ez, ez eta aurrekoa ere. Pilota da elementu bakarra zeinetan ezin zaren fidatu, egoskorra baita, hain maltzurki bidera baitezake aurkariak. Berdin joan daiteke marretatik kanpora, berdin sarera, eraman zaitzake gustukoak ez dituzun zokoetara. Zure gogoeta ixilen artean punpeka eta zartaka dabil, ez diozu sorpresarik egiten utzi behar. Inporta duena pilota baita, finki jotzea, segurtasun eskasaren disimulatzea, epaitzen zaituzten begiradak konbentzitzea, bihurregia den aurkariari menik ez egitea.

Galerietan gaindi, soakoen lagun diren keinuez ohartu zara baita bi punduren artetik trukatzen ikusten dituzun billeteez, artekariaren boz erlastua zuganaino heltzen da baita zu zaren lekutik ulertezinak zaizkizun korroka horiek denak : noren alde jarriko ote dute ? Ustez galtzailetzat zaituztete, nehork ez lezake pilik joka zugan. Luzatu gabe, jarraitzen zatzaizkion lehiari, heriotzarekin jokatuko bazenu bezala. Aspaldian duzu enbeia bukatzeko, begiz eta intziriz haztatu zaituzten begirale guzi horien aintzinetik itzalpe baketsura itzultzeko.

Pilotariak ez bagara ere, beste gisa bateko lehietan senditzen ditugunak dira azken batean, maizenik pilotaren ordez hitz eta ideien arteko zeingehiagoka partidak, eztabaida korapilotsuak, hitzartze eta txanda horiek, zeinetan jokatzen den frango eta hain ezeroso sentitzen garen.

Bakarrik eta denen erdian, denbora existitzen ez den eremu hetsi eta ertsi horretan barna izaten ahal den inpresio hori bera ukan dugu seguraski hainbat aldiz, kantxara eramana denaren bizipen hori, zeinetarik partidua galdurik ere guhaur beti irabazle atera izan garen, gure bakardadean guhaurren baitako mamuen garaile xume, hasteko.


"Finala galdu izan banu ere, 
mereziko zuen borrokatu guztia"
Yves Sallaberry- Xala


Aipamena: Yves Sallaberry  - Berria egunkarian eman elkarrizketa
Testua: Irudimena lehiaketa - 3. edizioa - Lehen saria testu sorkuntza sailean

Aucun commentaire: