2013/06/19

Euskaraz (17)

... Ukazioa eta minorizazioa, estres linguistikoa eta ondorioak. 


Bizpahiru asteetarik behin, asteazken arratsaldez, haurrekilan noa Baionako mediatekara, ama on guziek bezala ene baitan barna desiratzen dudalako ene haur maitagarri eta airosek kultura eta jakintza pixka bat kontsumi dezaten, edozein kultura eduki, edozein moldetan, ahal dela euskaraz. Gauzak zer diren ez da beti euskaraz egiten ahal guzia, beraz aitortzen dut maiz liburu bat edo beste heltzen zaigula etxera... frantsesez. Baina tira. Baginen beraz arratsaldean, bi haurrak eta nihaur, liburutegian bizpahiru gauza probetxugarriren peskizan eta horra nun jendez mukuru betea kausitzen dugun haur eta gazte ekoizpenetako txokoa. Nola ez? Asteazkena.
Hasieran dena ongi zoan, usaian bezala. Bon, alabari ez zitzaion sobera inporta, ez zion zirrararik eragiten, ez interesik, ez deus. Ez da bere falta: tipia da, bederatzi hilabete ditu. Bat-batean, ikusi nuen semea arranguraturik, bazebilen bere ohiko sailetan baina ez beti bezala. Istant baten buruko larritu zen eta jin zitzaidan kexu erranez nahi zuela etxera sartu. Ez nion sobera kasurik eman negarrez hasi zen arte: “bada sobera jende, ama, aski dut, pusatzen naute, batek hartu dit liburua, denak frantsesak dira”
Ezinbestean, deus gutxirekin atera behar izan genuen presaka liburutegitik, semeak ezin baitzuen gehiagokorik iraun.

Sinetsi nahi nuke ene haurrak ez dituela leku jendetsu eta zaratatsuak maite, horrelakoetan lekuak hertsiegiak bilakatzen zaizkiola, gehiegizko presentzia horiek deseroso jartzen dutela, itolarri inpresio bat ematen diotela. Nahi dena. Halere, ikusiz nolako jarrera izaten duen beste egoera batzuetan, badut duda bat.

Sinesgarriagoa litzaidake beste gisako zerbait.

Baliteke jende kopurua baino problematikoagoa izan dadin beretzat, pertsona horietarik bakar batekin ez solastatu ahal izana, ez berak ez dituelako ulertzen, besteek bera ulertzen ez dutelako baizik.
Baliteke inkomunikaziotik hara inbasio inpresioak gaindi dezan, mundua tipiegia bilakaraz, bera den euskaldunari lekurik batere utzi gabe existitzeko, haien artean ibiltzeko ere ez.
Baliteke ere jende horiek berak nahi duen horretara, liburuki bat eskuratzea baizik ez bada ere, heltzera ez dezaten utz. Haratago berdin, eskutik ken diezaioten bestelako aukerarik gabe. 
Baliteke hori guzia bestelako edozein fobia artatzeko psikoterapiarik beharrik batere ez duen lau urte eta erdiko haurraren begietara gardenki agertzea.

Ez dakit osoki minorisazioaren kondu ematekoa denez, ez dakit estres linguistikoaren kategorian sartzen denez ala ondoko kategorian, ala lehenaren ondorioa denez, ala beste zerbait ulertu ez dudana oraindik, hainbesteraino larri dadin.

Liburutegitik etxera eramatea lortu dugun liburukian orri bat falta zen. “Orri bat falta da ama. Oraino ere! Boo... Beste haur batek kendu zuen segur aski. Frantses batek. Zergatik kentzen dituzte orriak?”

Hola da. Bizitzeko lekurik utzi ez, eskubideak nola liburuak eskutik kendu eta berdin ere gelditzen zaigun ipuinari orriak kentzen dizkiete frantsesek. 

2 iruzkin:

Oier Gorosabel Larrañaga erabiltzaileak esan du...

Ez dezatela pentsa, behintzat, frantses direlako direla horrelakoak!

Euskaldun zital-putaseme/alaba makinatxo bat ere ezagutzen ditut nik...

Bea Salaberri erabiltzaileak esan du...

Aupa Oier.

Ez da frantsesen kontu edo ez bakarrik.
Dena den ez da norbanakoen falta.

Errealitatea da eremua gogorra egiten zaigula.
Eta nik ere ez dut desiratzen Johanek pentsa dezan frantsesek zerbait kentzen diotela, haatik harrigarria da bere adinean ohar dadin eta sufri dezan hainbeste horretaz.
Baduket/ badukegu zerikusirik horretan: bikotean biak gira euskaldun, familia euskaldunetakoak, euskalgintzako langile eta hori ez da gertatzen maiz.
Bikote euskaldun praktikante bakarrak gira gure haurraren taldeko burasoen artean.
Beraz baluke eraginik haurraren pertzepzioan eta sentsibilizazio mailan.
Baina gaztetxoa da horretarako.

Laster artio.
Bea