2013/04/26

Euskara hitzarmenen menpe

Batzuetan egoten gara pentsatzen hizkuntzen aldeko legeek zertarako balio duten ? Horretan jakitun direnek erraten dute : « baliatu sistema honek dituen hutsuneak existitzeko, orain arte bezala segi. Etorriko balitz beste egoera bat, zurruna izan daiteke ezustean ». Pentsa daiteke, lege sistema trabagarria izan daitekeenez, hobe dela lege txarra baino legerik gabe egotea. Bestalde, leku batzuetan hizkuntza legeek 40 urte bete dituztenean, begi bistakoa da sistema legislatiboak duen muga. Legerik ez den lekuetan badakigu, ezagupen bat, dena izanik ere, beharrezkoa dugula.




Pean agertzen den elkarrizketa honetan agerikoa da iparraldean bizi dugun egoera eta buruhaustea.

Ahoan bilorik gabe (Frantxua Maitiaren ekarrizketa iparraldeko komunikabideen eskutik)




Gaurko egunean, hizkuntz politika oso bat eramana da lege babesik gabe, hizkuntzaren erabilera eskubideak bermatuko lituzkeen kuadro minimorik gabe.

Horrek zer dakar ?

Hizkuntz politika ofiziala, instituzioetatik bideratua, ekimen politiko hutsa da, aspaldiko herri eskaeraren eta borrokaren lorpen eta ondorioa bizkitartean nehun ez dena finko errotua.
Bizkitartean, euskararen sustapena eta erabileraren bideratzea akordio politikoen menpe da. Maila administratibo eta publikoan orohar. Honek dakar erakunde nagusi baten, erran dezagun Euskararen Erakunde Publikoaren, eta beste hainbat entitateen (instituzional, publiko, agian egun batez pribatu ere) arteko akordio politikoen biderkatzea eta etengabe negoziatzea.
Hainbat aldeetatik arrikutsua izan daiteke, arazoa maila desberdinetan koka daiteke epe ertain ala luzean.

Akordioen biderkatzea eta energia xahutu beharra

Entitate bat, akordio bat : desmartxa partikularrak aldi oro, etengabe negoziazioetan aritzea, usu lurraren arraseko minimoak, batzuetan ere (politikan ari garenez) itxura emateko doia erabaki neurriak, bake sozialaren izenean onartuak. Guzi honi, urteak joan ahala, hasierako akordioen berrestea lortu beharra, hitzarmen « gehigarria » ezartzea...
Hasiera batean akordioak gerta zitezkeen entitate kopuru mugatu batekin, batez ere herriko etxeekin. Baina denbora joan ahala eta nork bere buruari eta gizartearen aitzinean finkatu helburuekin aitzina egiteko orduan, neke bilaka daiteke.

Hitzarmenen bidezko ekimenak iraunkortasun erlatiboa dute.

Honekin batera, iraunkortasunik ez du, alda daiteke, maila bateko edo besteko norabidearen arabera.
Egoera ekonomikotik eta krisitik haratago, betiere politika istorio denez, arduradunen artean aldaketa bat gertatuz gero, aurretik finkatu eta abiatu guzia zalantza gerta daiteke. Hauteskundeetako jokoak suposatzen dituen mugimendu tektoniko guziekin, gerta daiteke (dela herrian, dela eskualdean, dela maila zabalagoan, dela Estatu mailan) aldaketa izateak lehenagoko akordioak berriz negoziazio mahaira eramatea, onerako bezala txarrerako. Azkenean hori bera da gertatu dena EEPren aurrekontuetan Estatuaren parte hartzearen kasuan, diru partida tipitu denean. Egunetik biharamunera herri batean finkatu hizkuntz politika suprimitua izan gabe (hau biziki gaizki ikusia bailiteke) utz daiteke gerorako, aurrekonturik gabe edo neurriak murritz daitezke. Zorionez orain arte agerikoak dira gehien bat aitzina eta gehiago egiten dutenak. Baina ez du kentzen, krisia, eztabaida eta hauteskunde garaietan baikaude, beste gisako batzuk ikustea.

Hitzarmen soilak dira, engaiamenduak, nahikeriaz burutuak.

Eta nahikeriaren menpe ere hartu neurrien betetzea edo betearaztea.
Sinpleki, hitzarmen batzuk dira, zeinetan hautetsi batzuk engaiamendu batzuk hartzen dituzten, beren meneko diren zerbitzuetako jendeek betetzeko gisan. Hortik hara, dena da lantzekoa. Eta hor hasten da zinezko lana. Hasteko, egiazko ingenieritza bat plantan ematea, lan horiek ezagutzen eta jada burutu dituztenak kondutan hartzea eta elkarlanean aritzea, hizkuntz kudeaketan konpetentziadunak hurbiltzea. Gero : langileen kooperazioa, helburuak eta estrategiak finkatzerakoan, euskaldunduko diren zerbitzuen diagnostikoetan, oroz gainetik horretan ezarriko diren baliabide ekonomiko nahiz humanoetan, ekimenaren jarraipenean. Hizkuntza teknikari bat egoten den lekuetan gauza errazagoak izaten dira, dudarik gabe, baina ez oztoporik gabekoak.

Akordioak, ez du lorpena suposatzen, ez eta gauzatzea errazagoa egiten.

Zer gertatzen ahal da ? Zerbitzuetako buruek ezin dute gauzatu, baliabiderik ez dutelako. Zerbitzuetako buruak ez dira ados, arrastaka ariko dira, ez baita « bete beharreko »-aren indarrik. Langileak ez dira ados, gaizki bizitzen dute eta ados dena pozointzen. Finkatu helburuak sobera ausartak dira. Ez da asmatzen. Trabak kanpotik jiten dira, kolaboratzaileenganik. Eta holako mila.
Azken batean adibideak atxeman ditzakegu nahi bezainbat, ekimen batzuena, abiatuak garai batez, agindu politikoa egon zelako eta geroztik denek ahantzi ditugunak, ez baitziren deusetara heldu.
Saiatzea gauza handia da eta estimatuko da. Denek begi onez hartu eta txalotuko dugu. Huts eginen da ? Bai, huts eginen da, hortik zerbait ikasiko dugulakoan, barkatuko dugu. Aldi berean, engaiamendua borondatezkoa zenez, gauza anitzez gehiago ezin da.
Ez denez « obligaziorik », ez dutenez erabiltzaileek « kexa » edo « salaketa » ezartzeko dretxo aitorturik, ez bada betetzen eta hornitzen diruz eta jendez, arriskurik ez da, salbu euskaltzale batzuen marrumak entzutea.

Lege ezagupenik ez izanak ez du nehor behartzen euskara integratzera.

Borondate politikoak lagun dezake, funtsean azken hau gabe ezina da, baina ez da nehundik ere aski emaitza nahiko ukaiteko.

Akordioak ez du suposatzen prioritatea denik, ez eta baliabiderik izanen denik.

Borondatez ari garenez, frangotan ez da lehentasunezko gaien artean egoten euskarazko zerbitzua garatzea. Euskara ez da izaten parametro bat gehiago, sistematikoki kondutan hartuko dena. Beste lan frente guzien artean bat izaten da, lehentasun eskala batera ekarrita hainbaten ondotik geldituko da maiz.

Akordioak izenpetzaileen artean burutzea ez da aski.

Paraleloan, gaurko egunean, ez da hiztunak euskaraz egiteko, hau da hiztunak aktibatzeko, dei edo kanpaina bakarraren itzalik Ipar Euskal Herriaren mailan. Alta, horrek lagun dezake gainerateko guzia aitzinatzen. Euskarazko zerbitzuak garatzeko erabiltzaile euskaldunak beharko dira. Eta horiek erakarri, aktibatu, deitu nahi badira, ordu liteke kanpaina edo deklarazio argien egitea, sinpleki, mikrofono bat harturik eta erratea garbiki. Sekulan baino gehiago, horren zain gaudela uste dut, milaka neurri bezainbat edo gehiago, hiztunei begirako mezuak beharrezkoak eta faltan baitira.

Eta holako gauza gehixeago berdin.

Lege eskasak, besteak beste, hizkuntz politika kokatzen du alde batetik norbanakoaren gogo onean eta bestalde maila politikoan, borondate onaren gain, negoziaketa infinituetan, papereria eta txosten amaitezinetan, horretarako diskrezioz bideratuko diren baliabide urriekin. Hauskorra, segurtasun gutxi eskaintzen diena eragileei, prekarioa eta mugatua.
Gaur gertatzen ari den hori bera.

Ene egun ilunetan naizenean, ez dakit gehiago zer pentsatu : horrekilan poztu azken finean zerbait bederen egiten delakoan (beste garai batzuekin konparatuz) ala nigar egin ?
Zertan giren ikusiz, ez dut uste nehor zentzudunik ausartuko denik erraitera ez duela balio, ez baita hala, balio baitu duda izpirik gabe. Bizkitartean ez dut uste euskaltzale zentzudun bakar batek txalotuko duenik, zinez eta egiazki, akordioak erakundearen baitan goitik eta beherainoko bidea eginen ez duen bitartean, euskara agerian eta euskaraz egiteko dei eta molde argia izanen ez deno entitate oso-oso batean, zerbitzuz-zerbitzu eta arloz-arlo.
Hau guzia ahalbidetzeko, lege bidezko ezagupen eta arauak gauza frango alda ditzake.

Aucun commentaire: