2011/09/03

Kultura, transmisioa eta radar grafikoak

Aitzineko batean, transmisioaz eta emankortasunaz pentsatzen, niretik hainbat gauza ikusi nituen; hala nola, gaurko egunean kulturgintzan elementu berrien eta inportan zaizkigunen txertatzea eta hizkuntzaren kriterioa berriz zentrala bilakatzearena. Bestalde, ez itotzea gehiago antolatzen, desberdinki egitea baizik.
Baina lauso gertatzen zen gaia: ulergaitza agian, galdera multzo batekin eta gauzagaitza.



Geroztik, uda osoan zehar kontsultatu ditudan hainbat agenda kulturalek, ideia batzuk konfirmatu dizkidate, astebururo nun nahi badelarik zer dasta: sobera. Kasik lehia itxurak hartzen ditu aferak, ikusten denean iparraldea bezalako eremu batean, egun berean dozena erdi ekimen desberdin antolatzen direla, antzekoak, publiko, helburu eta eduki berekin.
Gainera, hau inpresio bat baizik ez bada ere, antolatzen denak, usu, badu eta betetzen du heburu bat eta bakarra. Izan ere, antolakunde anitzetan asumitua dugu ekitaldi batzuk antolatzen ditugula dirua ateratzearen helburu nagusiarekin eta bestalde, beste batzuk beste helburu batzuekin, tarteka ekonomikoki galarazleak direnak. Bide horretatik egiten ditugunak biderkatzen ditugu, gastatzen den energia bezala. Ditu iturri direnak burutzen segitu behar da maiz, konpentsatzeko beste ekimen batzuen galtze ekonomikoak. Hori guzia molde biziki konpartimentatuan. Eta loratzen dira agendak ikusgarriz, kontzertu eta pestaz, musika eta euskararen egunez, erakusketa eta mintza egunez, sentsibilizazio eta dibulgazio saioz...

Baina, hona nun kurutzatu baititut « radar grafikoak » deitzen direnak eta gai honi berriz pentsarazi didate, batez ere azalpen luze guziak laburbiltzeko abantaila dutelako. Beraz, beste behin, fitsik asmaturik ere ez, bizia erraztu dezakeen zerbait ikusi dut hortan.

Gaiari jarraikiz eta deus asmatu gabe, kulturgintzan molde zabalean, antolatzen dena mantendu behar/nahi dugu dudarik gabe baina egokia litzateke optimisatzea: hau da ekimen bakarrari helburu bat baino gehiago lantzeko baita hobetzeko dinamika batean sartu. Lehenik, zerbait egiteko tenorean, argiki finkatuz zein diren helburu eta ardatzak. Gero baloratuz eta hobetzeko punduetan indarrak kanalisatuz. Ez da asmakuntzarik, aspaldiko istorioak dira, baina batzuetan betetzen ez direnak osoki, pisua delako, txosten potolotan edo eztabaida luzetan gauzatzen, denbora eskasez eta beste.

Horretarako, erabil dezakegu radar delakoen teknika hori eta finka daitezke kriterio batzuk, ekimen batek bete behar lituzkeenak. Hona adibidez sei kriterio (anitz dena) maiz euskalgintzako ekimen desberdinetan planteatzen direnak: 
  • Euskara : euskara hobetsia den hizkuntza da? Erabilia da? Presentzia nahikoa du, nola hobetu? 
  • Kohesioa landu: proposatzen dena parte hartzailea da? Inplikatzailea? Nola bilakatu integratzaileago? 
  • Eduki kulturala: zabaltzen den eduki kulturala egokia da eta halaber tratatua? Horretaz gain pertinentea da? Jendeari jakitate hutsetik hara funtzionala zaio (ekimen mota batzuen kasuan)? 
  • Dirua bildu: ekimena diru sartze eta xahutzeen artean orekatua da? Atera daiteke etekin gehiago? 
  • Komunikazioa (elkarte baten proiektuez edo itxura mailakoa): zabaltzen den mezua nahi duguna da? Hobe daiteke? Zabaldu, moldatu, egokitu? Oroz gainetik, komunikatzen den irudia baikorra da? 
  • Publikoaren aniztasuna: nori zuzendua da antolatua dena? Zein publikori? Mugatu behar da ala zabaldu? 
Kriterioak alda, gehi edo ken daitezke: egituraren ahalen arabera, ekimenaren neurria, finkatu diren helburuen arabera...

Meza luzerik gabe eta sekulako panfletoak idazten denbora iragan gabe kriterio bakoitza puntua genezake 1etik 5era eta hori guzia radar grafiko batean koka:

Hona hementxe gainean, aitzin definitu kriterioen arabera egiten dudan balorazio bat, izendatuko ez dudan baina ongi ezagutu dudan Baionako ekitaldi batena.

Metodo hau, bestalde leku frangotan erabilia, biziki gustatzen zait. Balorazio arrunt batetik hara, agerian uzten dituelako ekimenen « oreka » problemak, gehiegi edo ez aski landuak begi kolpe bakarrean. Ekimen perfektuak, 5eko balorazioak lituzke kriterio guzietan eta zabalera guzia okupa lezakeen eremu bat definituko luke. Perfekzio gauza konplikatua denez, bitartean, ekimen « orekatu » batera heltzeko bidea begi bistan uzten du. Ekimen orekatuak hexagono erregularrak diseinatzen dituelarik.

Duela dozena bat urte, ez nuen pentsatuko matematika aplikazioak kulturaren zerbitzuko izan zitezkeenik.

Aucun commentaire: