2011/09/05

Ikastea nahi eta behar izatea da

Normalki ez dut laneko afera gordinez idazten hemen baina gaur arratsaldean artikulu aski interesgarri bat irakurria dut hor gaindi, oroitarazi didana gizakiek ditugun ahalak, edozein izanik ere, egiten ditugun indarrei eta inbertitzen dugun energiari, baita eskaintzen zaizkigun aukerei proportzionalak direla.


Artikulu honetan, hain zuzen, Quebec-eko korronte honek azken urteetan jarraitu ildotik, aipatzen dute erakaslearen lana kontseilari eta motibatzaile gisa, ikasten duenak ikasteko behar duela motibatua izan. Eta motibatua izatea, gogoa izatea dela edo/eta beharra izatea.

Gogora ekarri dit duela zenbait aste euskara ikasten ari ziren guraso talde batzuei buruz ari ginela, azken hauen ikasteko trebeziaz eta abiaduraz egiten genuen konstatazioa. Gehien bat beren motibazio mailaren gain ematen genuena zentzu zabalean, biziki generikoki eta orokorki. Bizkitartean, ikasle perfil hauek duten motibazioa ez da arrunta.

Konstatazio hutsa. Talde horietan, disponibilitate eskasa dela, klaseetan ematen duten oren multzoa, usaian gertatzen diren taldeetan ematen denaren erdia da. Teoriak nahi luke euskararen ikasteko beharko litzatekeen epea bikoiztua izatea. Ez da hala. Urte baten buruko, 100 oren klase hartu dituztenek, 200 oren hartu dituztenen maila bera dute sentsibleki. Ikasteko abilezia hori, ez da bakarrik lehen hilabeteetan, euskara berria zaielarik kausitzen, geroago ere luzatzen da, hiru edo laugarren ikasturtean berdintsu, aitzinatu arau mendratzen bada ere.

Hasteko, haien baitarik motibazio zenbait badute jada, ikasteko gogoa. Euskara ikastera etortzeko arrazoin frango ukanen dituzte, maila pertsonalekoak, beren guraso izaerari lotuak ez direnak, guraso ez diren haiek haiek berak azken batean: aberastea, kultura bat ezagutzea eta beste. Ez da kuriositate edo ariketa intelektual hutsa; aipatzen ditudan eremuetan euskara ikastera etortzen diren gurasoek haurrak euskarazko eskola ereduetan sartuak dituzte gehienetan, dela ikastolan, dela eskola elebidun batean. Erdaldunak badira eta beren haurrak ezarri badituzte eskola sistema euskaldunetan, erran nahi du jende sentsibilisatua dela euskararen gaiari, beraz, berez, pertsona kontziente eta motibatuak direla euskara ikasteko komunikazio perspektiba batean.
Baina horretaz gain bigarren motibazio bat ere badute, afektiboa nolazpait, haurrekin euskaraz aritzekoa eta bide beretik familia biziari lotuak diren aktibitateetan euskaraz aritzea: eskolakoak, aisialdietakoak eta beste.
Hortaz aparte, beharra ere badute: haurrekilan aritzeko, etxeko lanen jarraitzeko, eskoletako batzorde eta lan taldeetan aritzeko, etxeko giroa euskaldundu, beste gurasoekin aritu, hainbat behar dituzte zeinetarako funtzionala zaien euskara jakitea.

Boudreault-en artikulu horretan aipatu motibazioaren bi aldeak kausitzen dira aitama horiengan, nahia eta beharra, bakoitza bi edo hiru bider: nahi komuna/pertsonala, euskara transmititzeko eta euskaraz bizitzeko nahia, haurrak integratuko duen edo idekitzen dien mundu bateko partaide eta aktore izateko beharra. Eta horietaz gain badute erabiltzeko parada bat, berehalakoa, egunerokoa, garatzen joanen dena eta iraunkorra. 

Erakasleak hautatu eta landuko duenaren pertinentziak edo ikasle mota horri egokia izanak motibazio hori entretenitzen duelako gerta daiteke ere? Ez dakit. Edo bai, badakit. Horra gabe, segur dena dena, beste behin, zerbait funtzionala den ber, ikasten dela. Euskara eta beste guzia. Eduki batek balio badu, jendearentzat baldin badu balio bat, erabilia edo bizia izateko diot, dena da biziagoa eta emankorragoa.
Eta euskal gaiez aritzeko, iparralde honetan orokorrean hori da falta: badela kontzientzia eta diskurtsoa gaien balioez, premiaz, funtsaz baina gure gizarteak eta bereziki honengan eragiten ahal dutenek, euskal gai horiek berak funtzionalak, beharrezkoak izan daitezen indar eta aukera gutxi eskaintzen dutela, ez badira gizarteko zenbait taldeen ekimen eta inbertsiotik. 

Argazkia:  Superbokehtheorie by eriwst


iruzkinik ez: