2011/09/24

Hartu hitza

















Inguruz inguru, gogo eta begiak nun alha eta anitz errateko. 
Nire begiak, azken asteetan, bide bazter, karrika izkin eta leku frangotan alhan ibili dira, informazio anitz kausitzen diren eremuetan, hala nola euskarazko kurtsoetara etortzeko deialdiak.
Afitxak, lemak eta irudiak tole, bakoitzak bereak. Guziak eragile pribatuenak.
Ikasgeletara jendea oraino itzultzekoa delarik, neke da erraitea nolakoa etorki den aurtengoa.
Azkenean noraino heltzen dira betikoak beren ekimen eta izerdiz? Zenbat jende hunkitzen da? Noraino dira emankorrak zabaldu mezuak? Jendea ez ote da etortzen dagoeneko interesa duelako, euskaldunekin harremanetan delako, aitzinetik sentsibilitate eta gogo zenbaitekin?
Beste guziek, entzuna ote dute hemen erabilki dugun hizkuntzaz, honen interesez eta beste?

Mundu honetan, gantxigor kontserbak elebidun etiketatzea eta egitura publikoetako langilegoa klasera igortzea sustatzen da, diru publikoz. 
Denek argi dugu euskarazko hitzik ere ez dakiten kontsumitzaileak nekez direla euskaldunagoak bihurtuko ekoizpen horiek ahamen batez klikatuz, baita, gabiltzan heinean, laster gutxi batzuk baizik ez dituztela euskarazko izendapenak deskodetzen ahalko. Harrera guneetako langileei zaila eginen zaie ikasia praktikan ematea ez badute parekoa euskalduna eta gogotik euskaldun gisa arizan daitekeenaren jakinean.
Hitz laburretan, euskal etiketadun biskotxen ber gisan, egokia litzateke erosle potentzialei zuzentzea, beste guziei bezala funtsean, euskara jakitea eta ikastea gauza ona dela errateko, sinple eta baikor, urrun xerkatu gabe.
Kanpaina kalibratu eta erraldoiak muntatu gabe, ondorio haztagarriak izan ditzake politikari baten adierazpen publiko argiak eta gomitak, bederen orain arte hunkitzen ez diren zenbaitzuenganaino heltzeko parada haundiagoak eskainiz.
Bizkitartean, orainokoan, podere publikoek, hautetsi eta hizkuntza kargudunek, ofizialki existitzen ez den hizkuntza baten planifikazio lanetan dihardutenean ere, ez dute euskararen eta euskara ikastearen promozio argirik egiten publiko zabalari zuzenduz. Ez dugu entzun deklarapen edo deialdi publiko baikorrik euskararen onurak espantatuko lituzkeenak eta herritarra ikastera, nola ez erabiltzera ere, akuilatuko.

Ez aurtengo. Ondoko menturaz.

Argazkia Megaphon by floeschie

Aucun commentaire: