2011/09/18

Euskal museoaz




Argazki honetan Donamartiriko herria da, 1920a inguruan.
Hor agertzen den bezala ez dut ezagutu, baina behatzen diodanean ontsa ezagutzen ditut haurrean eskolara joateko hartzen genuen bidea eta bihurguneko istil putzua. Argazki horretan ikusten dena ez da gehiago existitzen. Horrek ez du erran nahi Donamartiriko herria ez denik, bilakaerarik ukan ez duenik. Ez da uste izan behar ere ez, aitzinekorik ez duela ukan. Bizkitartean, Baionako Euskal Museotik ateratzean horrelako zerbait sines daiteke: Euskal Herria 19 eta 20. mende hasieran izan zen zerbait zela, Historia eta iragan lauso zenbaitekin, baina gerorik gabe: denboraren baitako burbula batean bezala. Aurkezpen istorio bat, ene izpirituaren bihurria? Ikusi behar da.




Ondarearen egunez baliatuz, Euskal Museotik egin nuen itzuli bat.
Museoak, diru publikoz asea erregularki, erakustokiaren definizio klasikoenari erantzuten dio. Bi herenak Euskal Herriari-edo buruzkoak dira, Baionari berari buruz laurden bat, hori guzia erakusketa puntual eta tematikoz osatua. Azken urteetan indarrak egin dira, berrantolaketan, bizitasun zerbaiten emateko.
Beste guzia alde batera utzirik, Euskal Herriari buruzko parteaz, erranen nuke, hasteko, ez dela deus izigarri erakargarririk formaren aldetik, azken urteetan moldaketak eta hobetzeak gertaturik ere, bereziki antolaketa eta aurkezpenean: eduki multzoak lerrokaturik eta azpi titulaturik, gaika bildurik, soporte erakusketa bat, biziki klasiko eta inertoa.
Ez da itzalik haundiena.
Euskal Herriaz erakusten da nahi dena eta azken finean, laburki, hemeretzigarren mende bukaerako irudiz eta estereotipo erromantikoz galkatu ikuspegia, irudi erdiragarriak: fandangoa, makilak, elizak, idi-orgak, oihaleria, zutarriak, baxereria, laborantza, noizbaiteko arantza eta itsas merkataritza eta gauza gutxi gehiago. Euskal lurralde erreferentziala: iparraldea. Historiaz, gizarteaz eta ekonomiaz: gauza gutxi. 20. mendeaz: fitsik. Espresio kulturalen aipamenaren aldetik: biziki mugatua. 19. mendea aitzin Euskal Herria zer izan zitekeen ez da argi. Ondotik izan duen bilakaera eta honen arrazoinak ez dira sobera aipatzen. Oroz gainetik, euskararen aipamenik ez da, gaskoinarenik ere ez.

Ekomuseo anitzen antzekoa, hots. Desagertua den kultura eta jende baten aipamena, bisitariak egi osotzat hartu eta interpreta dezakeena oraindik balio duen deskribapen gisa (euskaldunak horrelakoak garela oraindik zenbait) edo ikus dezakeena aspaldi ehortzia den kulturaren gisa, sekulan ezagutu eta ezagutuko ez dituen garaien perfekzio eta singularitateak kulunkaturik.
Nire iduriko hortan da bere hutsik edo okerrik handiena: begipean berean dena ukatzean. Gaurko egunean Lapurdi eta bereziki kostaldea, sozialki, ekonomikoki eta kulturalki aktiboenetarik bat da, bada hor gaindi jende frango bere jatorria, ingurua, kultura eta interesak defendatzen eta bizitzen dituena. Haatik honen aipamenik ez da egiten, nehun.
Aurrekontu istorio bat? Ala, sinpleki borondate afera?

Ez galdu denborarik hor, jin etxera, kondatuko dizuegu guhaurk dena, hala nola, ikusi eta erakutsi nahi ez badira ere, zenbaitzuk segitzen dutela, gogoan argi ezker dela negua eta eskuin argia.






Argazkia: Donamartiri in Euskal Museoaren kolekzioak
Bideoa: Hostoak ikusgarriaren zatia





Aucun commentaire: