2011/07/13

Haundia bazaizu, belauniko zira


Zer behar du iparraldeak hegoaldearekin? 



...eta hegoaldeak iparraldearekin? 

Baionan,Gaindegiak antolatu mahai ingurura hurbildu ziren jendeak, iparraldeko arlo sozio-ekonomikoko hainbat kide ziren: goi-mailako hezkuntza, merkataritza, laborantza, sindikatuak, indutria eta hedabideen arloetakoak. Hasteko ordezkari gehienak euskaldunak ziren eta zein alderditako karta duten begiratu gabe, abertzale edo asimilatuak; ondorioz, bertaratu zirenen ikuspegia eta hauen dinamikak ez dira iparraldeko gehiengoarenak. Horiez aparte, mahainean eta gela orohar, hegoaldeko jende gutxi egon zen eta arlo horietarik bakar bateko ordezkari/omologorik ez.Azkenean, iparraldeko ordezkari edo aditu multzo batek, ikuspundu herritar eta herrikoi batetik, zabaltzen zuen ikusmolde eta grinaren efetua utzi zidan argiki. Zer erantzunen zuketen hegoaldeko jendeek hor egon balira? Ordezkaturik ez egotea, jadanik erantzun bat ote da ala bakarrik antolaketa arazo baten lekuko?

Informazio berri batzuk jaso nituen, aitortzen dut, ezagutzen ez nituen proeiktu, saiakera eta gogoen berri eman zenean. Ezinezkorik ez zen aipatu nehundik ere, posibilitateak baizik eta horien gauzatzeko nekeziak. Bigarren batean, azaldu ziren ekimen horien guzien mugak: jendetza masaren eta eremuen proportzio eta desoreka, elkarren artean komunikatzeko hizkuntza komunaren arazoak, kultura eta ohitura desberdinak, lurralde desberdinen egoera eta garapen politiko eta instituzional desberdinak... egiazko arrazoinak ezkutatzen zituzten airean gora inarrosi zapi gorrien efetua egin zidana.

Horretan luzatu gabe, beste zerbaitek inarrosi ninduen gehiago. Titularrak inspiratu zituen ohar bat, momentuan berean sesigarria (baina ez kontestatua) izan zena: hegoaldeak ez du iparraldearen kontzientziarik. 
Nire iduriko « kontzientzia » hitza ez zen egokia. Bada aspaldi orain hegoaldeko jendeekin harremanetan egoten naizela: gaztetarik, kuadriletan, lagunekin, bizikideekin, elkarteetan, lanean, talde politikoetan, unibertsitatean... guzietan sentimendu berarekin gertatu izan naiz noizbait, goiz edo berant. Ez nezake erran « kontzientzia » eskas bat denik.
Kontzientzia jakitetik hasten da. Eta iparraldea badela, Euskal Herriko eremu gisa edo mugaz haraindiko beste edozein eremu arrunt gisa, jakina da. Beraz, deiturik nahi den bezala eta edozein ikuspundutatik begiraturik ere, eremu bat eta jende bat badela hemen, jakina da eta beraz lurralde horren kontzientzia bada.
Bizi, ikusi eta entzun izan ditudanetan oinarrituz, kontzientzia baino, erranen nuke kontsiderazioa dela hitz egokia baita kolaborazioa: bi parteen arteko elkarlanean eta harremanetan orokorki, eskas dena kontsiderazioa da, batak eta besteak, parekoa den horrengatik ikustea eta entzutea, ez gehiago, ez gutxiago, eta horretarako indarrak eta gutxieneko moldaketa egitea. Baina, kultura dela eta, ibilbide eta garapen maila (teoriko eta erlatiboa dena beste gisaz) dela eta, masa fenomenoa dela eta, nik dakita, hainbat jarrera gertatzen dira ez zentzu horretakoak. Iparraldekoenganik eta hegoaldekoenganik.

Gureganik hasteko.
Egia da hegoaldearen historioa, garapena maila handiagoak direla, gurea baino lehenagokoak sustut. Egia da ere, hangoek beren lorpen edo emaitzez kritikoak izanik ere, guretzat eredugarriak izaten direla; eredugarriak modelo bat eskaintzen duten ber eta gure ereduak baino garatuagoak izaten diren ber, eta frango behatzen diegula, bakartzat jotzen ez ditugunean ere. Horiek begipean, idealisatzen ditugu gauzak.
Bestalde, bada ere beste joera bat duguna eta ez dena justifikatua: gure buruak gutxitzea, konplexuz itotzea eta itsutzea, jokatzea gure baitatik egiten ahal ez bagenu bezala, goaitan egotea, gure gaitasunez dudatzea eta, lotsaturik, abandonatzea.

Parean, mugaren haraindikoekin zerbait egin nahi denean, ez beti baina sobera usu, nork daki zergatik, joera izaten da gureganik hangoen eredu eta parametroetara hurbiltzea, behartzea eredu batera etortzera. Ausarta naiz, baina erranen nuke indar gutxi egiten dela bata bestearen mailan jartzeko, batak bestea ulertzeko. Deus eginik ere, ulertzeko besterik ez, ulertzeko nola egituratua den, nola funtzionatzen, pentsatzen duen, zer egiten duen eta zergatik. 
Gaindegian berean, mahaikide batek erran zuen horrelako zerbait: «Hamar urte azaltzen dugula zein den iparraldeko antolaketa politiko eta administratiboa eta bozketa sistema. Hegoaldean, oraindik nehork ez du ulertu. Hamar urte, tratatzen ditugula hegoaldeko gaiak eta dibulgazioa egiten, anartean, han, maskarada eta atun pestaz aparte, iparraldearen berri gutxi zabaltzen da. » Horrek berak konfirmatzen dit niri, arazoa ez dela lurralde baten kontzientzia izatea edo ez, baizik eta lurralde horretan gerta eta egin daitekeenari kasu egite, interes eskasa. Hots, kontsiderazio kontu bat. Eta aitzin aipatu dudan jarrerak iparraldekoenganik, ez du laguntzen edo ahalbidetzen; alderantziz.

Guziek ukanen dugu autokritika asko egiteko. Bizian anai haundi bat izatea, probetxugarria da. Anai haundia ezin da txikiaren ordez bizi, nahi izanez gero gida dezake baina ezin du bestearen bizia erabaki. Baliteke ere, nola gerta, noiztenka, anai haundiak txikiarenganik hartzekoa izatea. Iparraldeko kide guziek hortaz oroitu behar dute. Eta hegoaldekoek ez dute ahantzi behar.

Nire egongela txokotik diodana da, ebidentzia pertsonal eta unilateralak, mahai-inguru horretan agertu zirenen parekoak., dudarik gabe. Kontrarioa errateko nehor altxatzen ez den bitartean...


Argazkia: Hendaia panorama by Lanzen

Aucun commentaire: