2011/07/24

Euskararen herria: izanki, eginez eta eraginez






Euskararen berreskurapenean, denek, pertsonek eta egiturek, gure lekua eta zeregina dugu, harrixkolaz-harrixkola euskararen herria eraiki nahi dugularik. Eraikuntza lanak bi aldetatik eramatekoak dira.
Alde batetik, goitik behera, euskararen ezagutza, erabilera, ezagupen ofiziala eta arautzearen aldetik, azken finean euskalgintzaren eta instituzioen lana nagusiki.
Bestaldetik, euskaldun xume orok, banaka nahiz taldeka, badugu zer jorra: funtsezko dinamika popularrak. Izan ere, behetik gora gisa batez, guhaurrek, euskal hiztunek, eraman dezakegu eraikuntza lana : euskaraz biziz. Bide horretatik ere, egitate eta errealitate batzuk eraikitzen joatetik hara, egoerarengan osotasunean eragin dezakegu. Horretarako paradak begi bistan ez badira izaten ere, gero eta gehiago direla iduritzen zait, azken urteetan nire esperientzia profesionalek agertu didatenaren arabera.



Hasteko, eremu hurbil eta pribatuan, aisialdian eta eraman ditzakegun aktibitateetan, euskaraz aritzeko paradak badira. Beti agerian aski uzten ez badira ere, erranen nuke azken hilabeteetan emendatuz doazela, bereziki euskarari buruzko neurriak erabaki izan dituzten herri eta elkargoen baitan (bakar batzuk aipatzeko: mediateketako irakurketa saioak, filmen proiekzioak, aktualitate gaiei buruzko mahai-inguruak). Komunikazioaren gora beherak direla eta, ez gara beti horiez ohartzen eta okasioneak ez beti sesitzen. Gustukoak nahiz beharrezkoak diren aktibitateak burutzeko orduan, begira bageneza ea aktibitate horiek euskaraz egiteko paradarik ba ote den, harrituko ginateke: kirola, dantza, yoga, musika,... gero eta gehiagotan talde euskaldunak integratuz burutzen ahal baitira.

Gero, hurbileko eremu horiez gain, formalagoak ere aipatu behar dira, publikoak: enpresak, komertzioak, administrazioa, herriko etxea, posta, haurtzaindegiak. Euskarazko zerbitzurik ez badute eskaintzen ere, horko langilegoaren parte nagusia euskal herritarra da eta frangotan euskalduna. Ez da gehiengoaren kasua seguraski, baina postako, herriko etxeko, suprefeturako, ospitaleko langile anitz euskaldunak dira, edo euskara ikasten ari direnak, edo berdin ‘euskaldun pasibo’ deitzen den multzo horretakoa (euskara dakitenak  baina ez erabiltzen edo euskara ulertzen dutenak baina erabiltzeko nekeziak, usaia eskasak dituztenak), pasiboak baina « aktibatuak » izatea baizik galdetzen ez dutenak. Bizkitartean, hainbesteraino barneratua dugu egiturak berak erdaldunak direla eta halaber funtzionatzen non erreflexu hori galdua baitugu ere euskaraz hasteko. Ahantzi gabe, leku publikoetan euskaraz zuzentzeak, beti indar bat gehiago galdetzen duela: ezin baita aitzinetik jakin parekoa euskalduna denez, ez jakitearen arriskua hartzen da, edo errefusarena, edo epaitua izatearena, nik dakita. Alabaina, holako kasuetan euskaraz egitea pentsatu baino gehiagotan egingarria da, mugak muga, eta ondorio anitzekoa suertatzen.

Horrela jokatzen dugunean, ez da ekimen soila; urratsak metatzen baditugu eta metatzen bagara, ondorioak biderkatzen ditugu: euskaldun izanik, halako gisan ari gara eta eragileak bihurtzen gara.
Maila pertsonalean, euskaraz bizitzeko urratsak ematen ditugu eta konkretizatzen. Eskainiak zaizkigun edo sortzen ditugun paradez baliatuz.
Maila zabalago batean ere ondorioak sortzen ditugu. Euskara biziarazten dugu eta ezeztatu funtzioa bat berriz ematen. Parean dugunari nor garen, gure nahia zein den adierazten diogu, berari ere parada ematen diogu euskaraz aritzeko eta agian ‘pasibo’ horietarik bat aktibatzeko bidean ezartzen. Egitura bati, entitate bati agerian uzten diogu nahi duguna, aldarrikatzen duguna egia bihurtuz; aitorpen eta neurri berezirik martxan ezartzea ukaturik ere, nekeago bilakatzen zaie itsuki jarraitzea eta egokitzerako bideetara behartzen ditugu.
Hots, ausardia doi batekin, indar horien bitartez, eginez eta eraginez, gure borondate eta nahien araberako errealitatea eraikitzen dugu harrixkolaz-harrixkola eta ukatzen zaigunaz jabetzera goaz.



Alda! aldizkariko idatzi artikulua
"Euskaraz bizi" Sailean


Aucun commentaire: