2011/07/27

Baiona urdina da


Baionako pestak hastear direla, jendeak azken egunak suharki iraganak ditu, jantzi xuri eta zapi gorri doia biltzeko, komertsanteen loria. Ixtantean, karrikara aterako dira, denak berdin-berdin, xuri, dirdirant, birjinal, garbi. Jakin gabe tronpatzen direla, beste behin.

Iduri du tipikeria, eta funtsean hala da gure herriaren amnesia kulturalari behatzen zaionean, baina estandar estetiko horren ingurukoak azpimarratu behar dira.


Kultura eta ohiturekin gora beheraka ibiliko gara, batzuk eta besteak, betiko soka-tiran.
Batzuen aldetik, kondatu da Baionako pestak, Euskal Herriko pesta guziak bezala, xuri eta gorriz egin izan direla betidanik, hori dela egiazko euskal kultura. Diskurtsoa piska bat bortxatuz gero, argumentuak ere atxeman daitezke, tradizioa sinesgarriagoa bilakatzen dutenak. Eta jende uholdeak hutsetik sortu tradizio horretaz jabetuz joan diren heinean, egiazkoa den egia ahantzi da.

Beste batzuei adituz geroz, beste zerbait agertuko da. Zaharrek oroitzen duten bezain urrun, Baionako pestak zerbait-zerbait izaten ziren (nahiz pesta horiek ez izan Baiona osoarenak, baizik eta auzo batzuenak: hainbat auzok bere bestak izaten ditu) nork bere herriko pestez erran lezakeen gisan. Egun horietan biltzen zirenak, baionesak ziren edo baionestartuak, langileak, sehiak, ama familiakoak eta beste, lanetik landa edo artetik gogotik ateratzen zirenak karriketan gaindi. Bizkitartean, oroitzapen horien kondaketan, ez du nehork zapi gorririk aipatzen, ez eta ere atorra xuririk. Memoriek salatzen digute jantzi beltzaunekin ateratzen zirela eta zapi bat eramanez gero, urdina zela.
Orduan ere denak berdin-berdin ziren, itxuraz bederen, eta nahasketa seguraski gaurkoa baino handiagoa zitekeen; gainera, praktikoki aitor dezagun, beltzez ateratzea anitzez hobe zen zuriketak egin behar zituenarentzat baita ere bere abenturak sobera agerian utzi nahi ez zituenarentzat. Ahatik ez zitekeen xuriz bezain liluragarri, glamour eta komertzial. 
Azken urteetan, talde batzuek nahi izan dute, janzkeraren aldetik, bederen zapi urdina berriz sartu pestetan (beste hainbat ekimen kulturalen artean). Indarrak eginik ere funtsetara itzultzeko, bidea luzea izanen da, masak arrazoina baitu aspaldian.

Hortik, hutsetik asmatu errorik eta zentzurik gabeko ohitura baten aitzinean, jantzien dirdirak itsutzen dituenei beste batzuek segituko dute erraiten:
Baiona urdina da.


Argazkia: Baionako Pestak 2009 - Gaizka Iroz

Aucun commentaire: