2011/07/07

Erreminduak


Baionako suminduak herenegun hasiak ziren mugitzen, iduriz goiz honetan Angelura buruz abiatuak ziren. Beren bidea jarraituko dute.

Maiatzaren erditsutan, izan nuelarik Espanako iraultza deitzen zenaren oihartzun, harritua egon nintzen 90 urteko frantses politikari baten 17 orrialdeko liburuxkak holako oihartzuna izanaz, batez ere salatzen zena denek denetan eta aspalditik begi bistan genuelarik. Europa osora hedatuko zelako destinoan ez nuen hainbeste sinetsi eta Euskal Herrian berean garatzeaz gutxiago. Bizkitartean, hala gertatu zen.

Aitortzen dut egia, mugimendu hori ez dut hurbiletik behatu, segitu, jorratu. Hasieratik ez interes gehiago izana, zergatik? Zendako ez dit harridura edo kuriositate gehiago piztu? Eta azkenean, zendako dut inpresioa mugimendua itzaliko dela piztu zen bezala?
Funtsa ikusi diot. Ez da utzikeria. Ez dut uste iritzi edo ikusmolde afera denik.

Hasteko, atxematen ahal genuke erantzuna Hessel-en liburuan berean: sumindu behar da, bakarrik aritu ordez bildu, proeiktuak eraiki eta egin. Gogo eta gaitasuna izan badira, proiektua eta ekintzak faltan egon dira? Mugimendua zabalegia izan da, orokorregia? Artifiziala? Horregatik ez dut nire burua ezagutu?

Sinpleago izan daiteke.
Sistema iraultzearen beharra, munduaren aldatzea, kapitalaren salaketa, aberastasunen banaketa, justizia soziala, justizia, integrazioa, espekulazioa, ingurumena, langabezia, pobrezia, korrupzioa, berdintasuna… (eta zerrenda geldituko dut depresioan sartu aitzin) tema eta aldarrikapen horiek guziak, nire ate aitzinean, beste batzuen eskutik eramanak ikusi izan ditut betidanik, honetara gabe.
Suminduen mugimendua goaitatu gabe, mugimendu ezkertiarrek eta, hemen berean, abertzaleek eraman izan dituzten gaiak dira. Metodoak ere ikusiak baitira.
Horrela ikusten nirea eta, beharbada, mugimenduaren itzaltzearen arrazoina ere.. 

Zergatik ez da orain arte hurbilago behatu, etxe ondoan berean eta hemen bereko suminduei juntatu? Gureek eraman izan dituztelarik aldarrikapen horiek berak oihartzun bera zergatik ez dute izan egundaino? Domaia da. Denbora eta indarrak aurrez daitezke.  

Aucun commentaire: