2011/01/03

Planttakoa

« Izan planttakoa » erraten ziguten.

Planttakoak izan behar genuen etxean eta bereziki etxetik kanpo.
Nunnahi eta nornahirekin.
Gure izateko moldean, egiteko moldean, mintzatzeko moldean, planttakoak. Ongi ikasiak alo.
Gazteak ginelarik, leun mintzatu, nehor ofentsatu gabe, ahal bazen isilik egon, ez bihurrikeritan ibili, auzoari errepostu tzarrik ez eman, eskolan espantukeritan ez aritu, erretorra agurtu eta holakoak.
Berantago: ez mozkortu, ez drogatu, ez politikan aritu, ez aferarik nehorekin, lan seriosa ukan, lana maitatu, ... Zerrenda luzea egin genezake « horrela ezin da, honela behar da, zer erranen du jendeak? zer pentsatuko du? » gogoan izanki.
Horiek guziak eta beste mila errespetatuz geroz, planttakoa zinen, eta jendeak erranen zukeen ontsa ikasia eta prestua zinela, eta gizartearen errespetu eta kontsiderazio guzia zure.

Pentsa daiteke iragan mendeko istorioak direla. Pentsa daiteke. Nihaurk hala sinetsi nahi nuen.
Harrigarria dena da, iduriz, bi urteko haurretatik hasten dela: zeren, planttakoa izatearena ez banuen entzun aspaldian, goiz honetan, karrika izkin batean, autobusaren beha ginela, hain zaharra ez zen batek « izan planttakoa » erran dio semeari (edo niri zuzendua zitzaidan, behar bada,ez dakit...): hori guzia, lepokoa ez janzteko betiko komeria egiten zidalako.

Hitza bera zaharra bada, nozioa betikoa: « planttakoa izateari » eta « itxurakeriari » beste izen batzuk asmatuko genizkion, baina itxura, gaurko egunean sekulan baino inportanteagoa bada, gizarte modernoaren ezaugarri berezia, bederen, ez da.
Beste mendeetako hariak ehuten jarraitzen dugu: izaki eta jarreren uniformisazio lanetan, kuadrotik ateratzen denaren gaitzespen kontsentsualarekin batzuenganik eta besteenganik estandar guziei erantzunez eta moldean junt-junta egoki denaren irudi perfektua erakutsiz.
Nahi edo ez, onartu edo ez, bere ispilu erraldoiean, gizarteak jadanik marraztu du zure itzala, hezkuntza eta izaera eredu perfektuen arkatz beltzez, mugatzaile eta mingarri. Gero, pentsa eta egin nahi duzuna, jendeak jakiterik ez dueno.

Gaurko gizartean, kalitateak beharrezko eta akatsak ehiztatzekoak. Garatu nahi duenarentzat (pertsona gisa, langile gisa, emazte gisa, nik dakita), estandar gehiegi, harresiak bezain zut. Garatu nahi duenak, kuadro guzi horietatik ateratzea du eta nahi baino gehiagotan planttakoa ez izatea.
Ez, definitiboki, ez naiz planttakoa. Beraz, nola debru atera liteke haurra halakoa?

iruzkinik ez: