2015/01/27

Profezia


Badut lankide bat biziki azkarra. Buruz diot. Ez naiz bere aurkezpenean luzatuko, anonimotasun zerbaiten zaintzeko asmoz, eta hemendik aitzina deituko dugu BlackJack besterik gabe.

Duela zenbait aste, elkarrizketa baten harira BlackJack-ek iragarri zuen agian hemendik urte zenbaitzuetara teknologiak hizkuntzen ikastearen beharra galaraz lezakeela: teknologiak bideratu bailezake automatikoki hizkuntza batean errana beste batera itzulirik entzutea. Zioenak sinesgaitza zirudien arren, ene baitan pentsatu nuen araiz ez zela holakorik gertatuko sekulan, nahiz duda bat izan nuen: ezin liteke bi hizkuntza arrotzatan mintzatu eta elkar ulertze integrala lortzea tresneria puntako batekin. Ezin. Eta egia errateko, jada miseria kudeatzen lanik aski dugun euskalgintzako kideontzako, izugarrikeria litzateke.

BlackJack-ek baditu ikusirik bakarrenak, urteetako bidean; nik baino gehiago beti. Azken hogei urteetako bilakeraz ez banaiz ontsa jabetzen, arras integratua baitut hainbat gauza betikoak balire bezala, berak epe luzeagoko ikuspegia ukanik lekuko da aldaketa gehiagoz eta honek duen azelerazioaz. Horregatik, doi bat kezkatu ninduen gaiak.

Badira gaurko egunean zure erranak transkribatzen dituzten programak, diktatzen diozuna idatzira pasatzen duena. BlackJack-ek erabiltzen du holako bat. Bon, ez da biziki fidagarria baina txosten kilometrikoen itzulpena egiteko orduan ofizio onekoa da.

Badira gaurko egunean itzultzaile automatikoak. denak ados egonen gara errateko euskaraz ematen duten itzulpena nigargarria dela eta ezin kondatuak dira jada eragin dituzten #euzkaras-ak.

Atera ziren duela zenbait urte ahots bihurtzaileak, horietan bat atera zuten euskarari ahotsa jartzen ziona. Irri frango egin genuen orduan, Biarritzeko bulego erdi open-spacean exiliaturik egon nintzenean, makinari zozokeria bat jartzen niola eta berak ozenki botatzen. Zer nahi duzue, gazteak ginen! Eta frango gustukoa genuen bere ahozkera, modako kanonetan baitzegoen gizon bixkatxarren ahots sursurlari zuabea.

Erranen didazue BlackJack-en profezia hori, nehork ez lezakeena erran noiz gerta daitekeen,ez eta berak ere, surrealista dela! Nola imaginatu orain programa horiek denak elkarri juntatzen zaizkiola eta lana hastetik buru egiten dutela? Nola pentsatu bi lagun, bata txineraz eta bestea alemanieraz ari direnean, bakoitzak kasko batekin (edo agian belarrian txertatu txipa batekin, gisa honetan) parekoak erraten duen guzia dzi-dzau entzunen duela bere hizkuntzan berean? Eta euskararekin horrelakorik egin artean urteak pasako dira gainera…

Orain dela zenbait aste, elkarrizketa elebidunei buruz ari ginela, zalantza batzuk izan nituen gure gizarte ereduaz eta batez ere gai berarekin Mikel Irizarrek aipatzen zituen “euskara ikasi nahi ez duten” kide horiek denekin. Zalantza, hain zuzen, ea nola egin daitekeen kontrolatzeko presio hori, gizarteak dakarrena, nola egin ez hautu txarra egiteko eta abar… Geroxeago gelditu nintzen pentsatzen, fronemofiliari emanik dutxapean: ene buruari debekatzen diot sobera ezkor izatea.

Gaur ibilki nintzela agindu ene zaintza lanetan, topatu nuen hau: Skype translator
Horribilis. Ahoa zabalik gelditu nintzen. BlackJack deitu nuen. Jin zedin eta ikus zezan. Hor zen profezia. Martxan. Zalu eta urrats luzez guri buruz.

Denak ados egonen gara errateko teknologiaren aitzinamenduak, normalean, gure onerako direla. Ez naiz ni hasiko ukatzen programa horiek guziak egotea euskararentzat ere on dela. Espero dut girgileria hauek denek ez dutela ordezkatuko egiazko zuzenko trukaketa bat eta praktika marginal eta puntual izanen direla. Halere, hizkuntza tipientzat, jadanik erakargarritasun eta funtzionalitate hain gutxi dutenean, onura gutxikoa izan litekeelakoan nago.
Berri ona izanen da batzuentzat inglesaren ikasteko beharrik ez dutela ukanen! Haratago beldur doia ematen dit kontuak. Azkenean, goiz ala berant, iragarria gertatuko da, eta orduan, zertarako ikasi euskara? Zergatik burua hautsi, bi katuk erabiliko duten hizkuntzaren ikasteko, azken finean beste gisaz molda baliteke?
Ez naiz beldur, beldur-beldur. Haatik ematen du zer pentsa jendeak izan ditzakeen praktika berriez eta ondorioz euskalduntzeari eragin ditzakeen zailtasunez. Baikorki ere ikus daiteke, bitarteko baten gisan, laguntza bat, zerbait ez iraunkor, ez orokor, ez baitezpada euskara biziari, ez komunitate hizkuntzari trabak jartzekoa… bai. Ikusiko.

Haratago, zein dira gaur aurreikusten ez ditugun aldaketak, teknologien garapenak ekarriko dituenak bereziki, gure ohiturak moldatuko dituztenak, hemendik 20 urtetara, 50etara?
Hizkuntzaren berreskurapena nolabait irudikatzen saiatzen garenean, proiekzioak egiten ditugun ezagutzen dugun horretatik, gaurkotasunetik, batzuetan ahantziz proeikzio horiek gauzatuko direlarik baldintzak, kontestua, ingurunea, medioak, erabat aldatuak izanen direla.




Argazkia: Vintage Technology by Carsten Frenzl

Aucun commentaire: