2015/01/25

Komunikazioaren alfabetatuak

Atzo gurutzatu nuen irakakuntzaren eta komunikazioaren jainkoek, denek batera, beneditaturik sorturik zitekeen horietarik bat. Nola erran? Komunikazioaren irresistible bat.

Bat ikusiko bazenute, berehala ezagutuko zenukete, haatik badu zerbait deskribagaitza, ez nekike erraten xuxen nondik datorkion. Baliteke ahotsarengatik izana, irribarrearengatik, azaltzen dituen gauzak pasioz bizi izanagatik izatea, lubakietan luzaz egonik eta gustua harturik, ez dakit. Badu zerbait ez dudana sekulan ukan eta jende gutxirengan ikusi dudana, edozein gauza kondaturik ere interesgarria bihurtzen du. Xarma kotsiaz sortzen du nahia, ezina gaindigarria sendiarazten. Bere presentzia aski da eta, adibidez, powerpointa bat balu eta ez balebil ez ginateke ohartuko ere.
Baduke gehigarri bat, beste gehienek ez duguna.
Ederra da.
Eta entzuten dionari, indar gutxirekin, zernahi sal lezake, sinple, labur eta argi.
Irakaskuntza arloko Fitzgerald bat.
Ezin da azaldu. Holako zerbait da:





Eni bezalako efetua eginen badio ikaslegoari?

Ikusi nuen. Entzun nuen.
Eta sortu zidan jelosia ikaragarria.
Eta sortu zidan urteetako ezintasunaren errabia, ezin azalduz, ezin lortuz, ezin bidea asmatuz iragan aldi orotako karatsa, ene buruarekiko kexua.
Komunikazioaren alfabetatua ala dohaintsua? Ala biak?
Hark lortzen du. Nik ez.


Bideoa: Ella fitzgerald: Hey Jude 1969 Montreux

iruzkinik ez: