2015/02/06

Interesgarria da

Hitzontzi ederra naizela ez dut ukatuko, konpainia onean nekez isilarazia. Publikoan ere mintzatzen naiz frangotan, talde tipitan gehienetan, ertainetan usu eta ez da gauza erraza batez ere pasioak eramaten zaituenean solas suharretara: ez du beti desiratu efetua eragiten. Noizbehinka mintzatu beharra dut publiko zabalaren aitzinean; hau ariketa zailagoa zait, oratorioetan aritzeko dohain berezia galdetzen duena, indar bat galdetzen didana, Arzallus-i BEC-eko finalan nola (baina ni disimulatzera heltzen naiz, ustez).

Kasu horietan, zenbaitzutan, gertatu izan zait, zuetarik anitzi bezala, seguraski, errefera gisa, lehen hatsean berean maiz: “Interesgarria da” bat jasotzea. Besterik gabe.
Bestalde, “interesgarria da” bat entzun izan dut maiz ekitaldi, saio, gertakari baten balorazio modura, neholako beste zehaztapenik gabe.

Intzaur oskola hutsaren antzera, gainerateko guziek baino materia gehiago dakar erantzun horrek bere horretan. Hor da. Ez du deus erran nahi. Alta, nahi duzun guzia imagina dezakezu.

Interesgarria da.
Interesanta da.
Lekuen arabera.

Adibidez, ene haurrek ez dute holakorik erantzuten sekulan, deusi. Badakite zer erran nahi duen eta hitza erabiltzen dute beharrean: “Ama, utzi kate hori! Ninjago da! Süper interesgarria da!” edo “Liburutegira baldin bazoaz, hartuko didazu xinaurrien biziaren liburua? Interesgarria da.” Erabiltzen dute gainerateko tesia baten bermatzeko, diot, sekulan ez erantzun biluzi moduan.
Gero, gure aitamei ere ez diet sekulan entzun aurkeztua izan zaien zerbaiti “interesgarria da” bezain arrapostu geza.

Aldiz, gu bai, gu gauzak gara, holakoak botatzeko balorazio sakon moduan, bost segundu baino luzeago gogoetatu gabe; eta berdintsu gai gara gauza bera botatzeko, ahalgetik salbatuz, piperrik ere ulertu ez diogunari; berdin ere solasa mozteko baliatu daiteke, gaian gehiago luzatzeko aukerarik ez uztearren, gaitzeko politezia eta edukazioz jokatzen dugulako ustearekin. Haratago nihaurek ere erabili izan dut ezin aspergarriagoa eta antzuago zaidan pergario batetik eskapatzeko.

Zeren, azal dezagun, “interesgarria da” anitz baitira.
  1. Interesgarria da: ez dut ulertu. 
  2. Interesgarria da: ez da batere gaia baina kortesiaz entzun zaitugu. 
  3. Interesgarria da: pasatuko gara ondoko pundura. 
  4. Interesgarria da: ez dut nahi gai horretaz entzun, ez dut zurekin eztabaidatu nahi baina ezin dizut erran beraz… torizu, eta orain utzi nahi dudana egiten. 
  5. Interesgarria da: ez da batere interesgarria, kakingarria da. 
  6. Interesgarria da: ez nazazula baztertu ene hasierako planotik, ez dizut iritzirik eskatu, ta gueule et fais pas chier. 
  7. Interesgarria da: egiazki interesgarria da baina ez dakit zer gehitu gibeletik (arras bakanetan gertatua)
  8. (...)

Horiez bestalde bada erranaldi tipi horretan, ausardia eta subjektibitate puska indezentea: solas; gogoeta, iritzi, informazio bat pertinente edo aipagarri deritzonari interesgarria den ala ez unilaterialki eta borobilki baloratzeko hartzen dugun lizentzia hori bera eta bide beretik honekin arre ala ixo eginen ote denez baldintzatzeko kopeta.
Eleketa ari garela, momentu batean, interlokutoreetatik batek beste batek dionari hartzen dio izaria eta neurtzen du, nihun idatziak ez eta ultrapertsonalak diren kriterio batzuen arabera, parekoaren ideia, iritzia, ikusmoldea edo nik dakita nondik ekarri duen gertakaria, tesia, gauza interesgarria denez; hots libreki eta goraki kokatzen du ordu arte aipatuak izan diren (edo ez) beste gaien eta kontsiderazioen artean. Puntuazio motako bat eman eta kitto. Besterik nekez da jakinen.
Eta eleketa ari garela, kideetarik bati iduritu zaio egokia, bere rolaren baitakoa, bere buruaz duen irudiak permititua, bigarren baten errana ebaluatzea, puntuatzea eta denei profitaraztea bere ondorioztapen itzelaz.

Gutxi dira zabore gutxiagoko erantzun hutsalak, sasietan gaindi abandonatu intzaur oskola hutsen modukoak.
Interesgarria da. Edo isilik egon ordez, zerbait erratea, deusetarako.
Hementxe jardun dugun bezalatsu.

(Barkamenak nonbaitik honaino etorri zaretenei eta hementxerarte iraun duzuenei, pentsatuz zinez zerbait interesgarria bazela loturan jarririk. Barkatzeko, kantu tipi bat, eskoletan denek ikasten genuena duela 30 bat urte)



Kantua: Une noix - Jacques Douai Hitzak: Charles Trenet)
Argazkia: Coque de noix argazkia intzaur azal hutsa. by Ludovic Hirlimann

Aucun commentaire: