2013/10/06

Azken klaseak eta prestaketa.

"Ce que l'on conçoit bien s'énonce clairement. 
Et les mots pour le dire arrivent aisément."


Pluralean, noski. Azken klasearen kondaketa, nireganik ikuspegi doi bat hertsi eta sinplista izatea zitekeen eta arazoaren zabaltasuna ez zukeen ikusten utziko. Zeren, bistan dena, orain ere ukan baititut arazoak. 1998ko buruilaz geroztik, gauza anitz aldatu dira. Beste garai batzuk, beste galdezketa mota bat. 


Azkenak baino, azken-aitzinekoak izan ziren. Lasaitasun eta denbora kotsia izan nituenez garai hartan, guziaren ongi definitzeko eta muntatzeko ontsa ibili nintzela erran nezake.
Taldea ziblatua nuen eta gisa berean zehaztuak helburu eta edukiak eta zeregin desberdinak: atazak, jakin beharrekoak, egiten jakin beharrekoak, lan multzo izugarria erreserban ezarria (badaezpada), ikasleen jarrerarengan eragitekoak eta abar luze bat. Guzia ontsa ordenaturik eta sekuentzian emanik nuen. Behingoz atxemana nuen amaiera ataza bat gustukoa eta egokia. Ikasmaterial guziak eskuetara helduak zitzaizkidan errazki eta sortu beharrekoek ez zidaten arazorik sortu. Behingoz, zerbait oso borobila nuen esku artean. Garden. 
Paperean, nahiko argiki transkribatzen lortua nuen egin nahi nuena, nondik norakoak eta zergatiak. Oihartzun egin zidan Boileau-ren erranak, irakasle batek erran ohi zidanak: “Ce que l'on conçoit bien s'énonce clairement, Et les mots pour le dire arrivent aisément.” (Ongi pentsatua dena argiki azaltzen da eta honen azaltzeko hitzak erraz etortzen dira). Hala zen, neurri handi batean. Baziren gauza batzuk ez nituenak arras formulatuak, alta. Baina feeling on bat nuenez, ez nion inportantzia gehiegi eman, izan ere klasea eman arau, dudarik gabe, argituz joanen ziren azken dudak; bestalde pentsatu nuen “post-programazioaren” kontua norbaitek asmatu izan bazuen noizbait zerbaiterako beharko zuela horrek ere.

Normalki, hor, ez zitzaidan deus gertatzen ahal.
Berrogei bat oren irautekoak zituen guziak eta ikasleekin finkatzekoak nuen proeiktuak osatu beharra zuen. Ustez ontsa josia zen dena, progresio egokian, orekatua, zereginen arteko lotura handiarekin, molde atseginean, interesgarria eta pertsona bakoitzarengan oihartzun izateko modukoa, ez bakarrik klaseko hormen arteko eremuari mugatua, hots, ez perfektua, baina hurbil.

Eta, usaian bezala, ez zen deus pasatu uste nuen bezala; ez zen gaizki pasatu, hainbat klase biziki ontsa ere iragan ziren, ahatik ez genuen aurreikusia gauzatu edo behintzat ez genion atera zitekeen bezainbat onura hartu. Hots, ene betetasun maila erlatiboa izan zen.
Hasteko, nahiz eta azaldu zitzaizkien zein ziren ikastaroaren helburuak eta zer eginen zen, ikasleek ez zuten dena ulertu, sinpleki erranik izanik ere. Printzipioz konfiantza dute irakaslearengan (irakaslea da dakiena azken batean): helburuak aurkeztu zitzaizkienean horrek ez zuen baitezpada eztabaida eta haien onarpena ekarri, baizik eta argitzea irakasleak ipar bat zuela, besterik gabe.
Gero, klase-proeiktuaren aferarekin, baditut zalantza frango. Izan ere, izenak dion bezala, taldeak definitu beharreko lana behar luke. Hainbat irakaslerekin mintzaturik bekoz-beko, guziek aitortu didate proeiktu bat behar bezala definitzea klasean ez dutela inoiz lortu, zerbait egin izan dutenean irakaslearen proposamen batean oinarriturik izan zela. Horiek hola, zerbait egiten denean, irakasleak ditu ikasleak bideratzea eta lanaren parte handia ere eramaten. Aski dezepzionagarria izan zen, begi bistakoa utziz ikasten dutenen autonomia, elkarlanerako gaitasun eta proiekzio falta. Ikasleenganik baino, nireganik etorri ziren hainbat kontu eta lan ere, aitor dezadan.
Gauza bera gertatu zen eginarazi nizkien hainbat ariketa eta atazekin. Izan ere, ikasleak biziki ongi dabiltza prozedura eta zeregin argi eta garbi bat baldin badute, oraindik hobeki eginkizun ahalik eta sinpleena bada. Hortik landa, ematen bazaizkie lan batzuk doi bat idekiagoak, iniziatiba bat eskatzen dutenak, pausatzen bazaizkie galdera idekiegiak, zeregin orokorregiak, erran nahi baitu beren baitatik pentsatzea, antolatzea eta abar suposatuko duena, maiz blokeaturik geldituko dira gehienak. Taldean bat edo beste baldin bada ekimentsu eta irudimen doiarekin, ohitua jadanik hainbat gauza 'asmatzen' edo, ongi baina bestela...
Horrez gain, ikasleak maite ditu gauza biziki pragmatikoak hizkuntzen ikaskuntzan: azalpenak eta ariketak. Ezin zaizkie ukatu. Segur da. Bizkitartean, garatzen dute horrekilako dependentzia ikaragarria eta beti gehiago galdetzen. Batzuk junkie hutsak dira. Joan gero atazak planteatzera! Horien funtsa ulerturik ere, ene iduriko, ez dituzte gauzatzen %100ean, urrundik.

Ene mirarizko sekuentziaren porrot-erdia ez nuke ikasleengan bakarrik ezarri nahi.
Baliteke ez niela aski argiki azaldu espero nuena. Ce que l'on conçoit bien s'énonce clairement.. Gureak ziren eginkizun guzien azalpena emana banien, haienganik espero/ egoki zen jarreraren berri, behar bada, ez nien ontsa azaldu? Eta ontsa azaldu banien ere, haiek prest ote ziren horretarako? Ulertu ote zuten nola jokatu behar zuten? Horretarako bide eta baliabiderik eman ote nien? Nik uste azken hau baietz (baina konplikatua da eta desberdina da arras tresna bat ukaitea eskutan eta jakitea nola, noiz eta zendako erabili...)
Ene helburuek eta nihaurk hizkuntzaz dudan ikuspegiak, behar bada, ez dute batere bat egiten ikasleek dutenarekin?
Gehiegi galdegin nien? 
Galdetuko bagenie, agian, ikasleek ez lukete ene ondorioztapenik partekatuko. 
Agian, sobera ontsa egin nahi izan nuen. Besterik gabe. Sobera perfekzionista.

Argazkia: Complicated by Provincijalka

Aucun commentaire: