2013/09/21

Lehen klasea eta prestaketa

Titulutza ezar nezakeen "Maite dut...lehen kurtsoaren prestaketa", usaizko ataleko beste artikuluak bezala. Baina ez da hala. ez bainuen batere maitatu ene lehen kurtsoa.


Ene lehen kurtsoa(k) izugarri ontsa oroitzen d(it)ut. Eta lehen kurtso(ar)en aintzineko prestaketa eguna(k) ere bai. Edozein irakasle lotsagorritzeko modukoak izan ziren. Urteak iragan badira ere geroztik, eta hainbat gauza asumiturik ere, egia da oraindik ere ahalge doia pizten didala kondatuko dudanak. Halere, nire iduriko gauza batzuk balio dute oroiturik eta bestalde gai batzuen inguruan egia erraten ere jakin behar da.

Oker ez banaiz, 1998ko buruileko arratsalde batez izan zen. Goiz hartan jakinarazi zidaten ondoko astean dozena bat laguneko taldea ukanen nuela ikasturtean zehar, hau da 160 bat orenez, astean bi aldiz, bi oren eta erdiko saiotan. Ez ziren hutsetik abiatzen, aitzineko urtean hasiak baitziren euskara ikasten. Ikastaroaren bukaera jakin beharko zutenaz ukanak nituen zenbait azalpen, labur bilduz, ikasi beharko zuten aski segitzeko ondoko urtean; batez ere, ez abandonatzea izanen zen adierazpide bat haien asebetetzearen neurtzeko. Ene programak bazituen beste helburu batzuk, teorian: hauek kausituko nituen hiru liburutan deklinaturik, bata urdina, bestea arrosa eta azkena horia. Liburu horien digeritzeko denborarik ez nuenez sekulan kausituko klase eguna aitzin (hori ontsa ulertua nuen),ez nuen hauturik, zerbait egin behar nuen, nola edo hala.
Aitzineko egunetan, astebete iragan nuen adituak ziren irakasle formatzaile batzuekin, hizkuntzen irakaskuntzaren oinarriak azaldu zizkiguten, hainbat metodo, ikasmaterial eta adibidez horniturik. Ni, berez, ez nintzen hizkuntzen irakaskuntzarako prestatua. Zientzia ikasketetako lehia giro indibidualista eta elitista okaztagarriak laster berbideratu ninduen zinez gogokoak nituen gaietara: euskal filologiako lizentziaren urtea nuen. Predilekziozko gaiak linguistika eta soziolinguistika nituen, seguraski pragmatikoak, haztagarriak egiten zitzaizkidalako. Aste betez entzuna biziki logikoa iduritu bazitzaidan ere, gibelapenarekin erran behar dut, ez nuela printzipio guzi horien gauzapen praktikoaren itzalik hurbildu. Ez dakit norbait saiatu zenez zinez ene hurbilarazten gai horietara. Saio nahiko transmisiboak izan ziren. Atsegin eta interesgarriak, bizkitartean ez nien probetxu anitz hartu. Gai berri andana joan zen metatzen egun batetik bestera baina orduko ez nuen ene ikastaldearekin egin beharko nuenaren ideia izpirik eta animaturik segitzen nuen ondokoei entzun “Asmatuko duzu! Ba!” -ei esker edo.

Ene kurtsoaren elikatzeko baziren hainbat gauza: dokumentazio astun bat zein ez bainintzen ulertzeko gai, aitzinekoek eman programazio batzuen bilduma aski nahasiak (azalpen gutxirekin, prozedura lausoak edo partzialak) eta bazen metodo bat iragartzen zena iraultzaile, ez zena oraindik moldatua baina zeinen beta bertsioa testatzera gomit baikinen. Eta baziren ere jendeak: langileak, laguntzeko prest. Zoritxarrez, lan izugarria zuten egitekoa denbora gutxiz eta gure arteko komunikazioan ez-ulertu anitz gertatzen ziren.
Horrela da. ez diot nehori harririk botatzen. Ez da nehoren falta, izatekotz nirea: ikastaro prestaketa on baten egiteko elementuak ez ziren bilduak.

Lehen akatsa izan zen pentsatzea linguistika saileko ikasle gisa. Bigarrena izan zen eskola emaile tradizional kalakariaren rola janztea. Ez nuen egiten irakasten, eginarazten nuen, besterik gabe, pentsatzen bainuen egitearen eta errepikatzearen bortxaz ikasten zela. Akituko nintzen, baita egarrituko ere. Zenbait denbora berantago ulertu nuen horrela jokatzean, nik lan eginen nuela ikasleek baino hamar aldiz gehiago eta ikasle-tutorizatu horiek denek jarrera pasiboa izanen zutela, ondotik hainbeste leporatuko geniena. Hori bai, ikasleak menekoak izanen nituen, nik errana egiten, baina hortik hara haien lanen emaitzak nire akatsen heinekoak izanen ziren eta horren arduraduna ni izanen nintzen. Anitzez berantago nintzen jabetuko ikasleenganik lortu behar den jakintzaren eskuratzearen beharraz, zeinetan anitzez gehiago lan egin behar duten, dela eskasaren atxemateko beren baitarik, dela eskasaren osatzeko bideak jorratzeko, dela eskasa gainditu eta ezabatzeko. 

Ene lehen kurtsoa prestatu nuen ostiral arratsalde batez, astelehen arratseko. Eta berriz prestatu nuen astelehen arratsaldez, noski, ez dakizunean nondik eta nora eta nola zoazen, asma ditzakezun bideak mugagabeak baitira. Eta prestatu nuen klase bakarra. Ez nuen aste baten ikuspegirik ere. Pentsatu nuen taldea ikusi ondoan dena argiago ukanen nuela eta gero ere moldatuko nintzela inprobisazioan.
Ene helburua lehen klaseari ihardokitzea zen, besterik deus.

Sekulako galderak pausaten nizkion ene buruari, erran behar nienaz, azaldu behar nienaz eta eginarazi behar nizkien lanez. Eta dena idazten nuen orri batean. Konfiantza nuen iduritzen baitzitzaidan hizkuntzarentzat nuen maitasun eta pasioa ikusiko zutenean eta nire jakintza guziaz jabetuko zirenean, askiko zela ikasleek nigan fidatzeko eta lasai hartzeko ikastaroa. Gainera, ez nekien oraino ikasgelako gazteena izanen nintzela, urrundik, horrek kredibilitate eta autoritatearen aldetik ez baitzuen lagunduko ere ez.
Azkenean, hamar zirriborro idatzi ondoan, fotokopia meta bat eginik eta gutxienik dozena erdi bat pertsonenganik hainbat aholku entzunik (airetik botatzen diren horietarik) zerbaitekin joan nintzen klasera. Dudarik batere gabe, formakuntza saioetan azaldua urrun utzia nuen, hiru liburukietan ziotena ez nuen begiratua, banatuak izan zitzaizkidan kuadroak ez nituen bete, doi doia banaturik izan zitzaidan ikasmateriala kondutan hartu nuen.

Kurtsoaren tenorea heldu zen. Katastrofe bat izan zen, bistan dena, baina hori agian beste aldi batez kondatuko dut xeheki. Bi oren eta erdiz iraun behar zuen; oren baten buruko jada, ez nekien gehiago zer egin behar nuen, ez eta zein zen nire helburua. Ikasleek ez zuten galderarik. Normal, nola ukanen ote zuten galderarik? Ez zekiten zertara nindoan, zer egin behar zuten ez deus.
Kurtsoa noizbait bukatu zen. Eta biziraun nuen.
Ene buruari hitzeman nion ez nuela gehiago horrelakorik biziko. Inprobisazio erlatibo garai bat iragan ondoan, formakuntza saioetan entzunek egin zidaten oihartzun noizbait, baina gutxi, biziki gutxi. Ikasmaterial edo metodo zenbait jarraitzen nituen, oinarri fidagarria ematen zidatelako.
Pentsatzen dut goiz edo berant irakasle orok bizitzen duela kontrol galtze erabateko hori, ez baitaki ikasleei zer erran, zer eginaraz eta nola. Ez diot nehori opa baina irakaskuntzan hasten den orok gogoan ukan behar lukeena da, gertatuko baitzaio, seguraski, eta zinez gogorra delako.

Saioak joan ahala, hasi nintzen gero eta gehiago planifikatzen eginen nuena, beti tarte nahiko laburrak kondutan hartuz, baina gutxienezko antolaketa bat bazuen egiten nuenak. Definitzen nuen saio oro zehatz mahatz bospasei pausutan: zer irakatsiko nuen, zer egin beharko zuen ikasleak ikasteko, zer egin beharko nuen ikas dezan, zer erabiliko nuen horretarako, zenbat denbora sartuko nuen, berantago, zer egin beharko zuen ikasleak horrekin. Irakasle berriekin jarduten dudanean, maiz oroitzen naiz lehen klase prestaketa horretaz. Irakasle berri nahiz arituagoekin, kurtsoen planifikazioa eta antolaketaren aipamenak ezinegona sor lezakeen gaia dela iduritzen zait maiz, tabu anitz dituena. Alta, irakaskuntza ez da arte bat, ez baita aski zerbait sentitzea edo egitea, besteei transmititzeko; irakaskuntza zientzia bat da, egiten ikasten den zerbait da.

Orduz geroztik iragan da denbora. Hasiera hartan ez nuen hizkuntzen irakaskuntzan jarraitzeko asmo zehatzik. Pentsatu nuen horren egitea zenbait hilabetez, gerorako beste xede batzuk nituelako. Gauzak zer diren, segitu nuen, talde desberdinak, helburu desberdinekin, leku desberdinetan. Gaurkoan kurtso anitzez gutxiago ematen dut, beste lan batzuetan aritzeko. Ahatik, arras gogoan dut oraindik bizi izan nuena lehen klase horietan eta egia aitortzeko noizbehinka indar egiten ere berriz gogoratzeko, irakaspen bat edo beste izaten baitute beti niretzat (hala ez balitz, ene esperientziez gutxi ikastea litzateke).
Beti espero izaten dut ez zaiola beste nehori horrelakorik gertatuko, nahiz eta jakin halatsu ibiliko direla frango. Tira, lagun baten arabera “okerrena ez da segurrena”, omen. 

Argazkia: Bidean galdurik by BS

Aucun commentaire: