2013/10/30

Galerak eta selekzio naturala


Diotenez, organo militarrek badute haiengana hurbiltzen diren kideen galeraren kontzientzia eta onartutzat dute: armadan engaiatzen diren kideak galduz joanen dira. Ez da ofizialki aitortzen den gauza baina ehun pertsona engaiatzen badira, seguraski, hainbat ez dira sekulan militar izatera helduko. Zenbat? Auskalo, %20, %40. Zergatik? Fisikoki edo psikologikoki ez direlako gai, etsituko direlako, autoritatearen onartzeko arazoak izanen dituztelako, nik dakita. Gero, militar izatera heltzen diren horietarik ere zenbait “galduko” dira: frentean hilen direlako, hegazkinera igan gabe lerratu eta elbarriturik geldituko direlako, nik dakita. Diotenez, azken hauen kopurua %4ekoa edo da. Gutxi denez ala ez, ez zait gehiegi inporta. Aldiz, ontzat emana den gertakaria da. Horrela da. Batzuek selekzio naturala deituko diote.

Organo militarretatik haratago, uste dut barneratua dugula arras gizartean ere galeraren nozio hori, justifikatua ala ez, zuzena izan ala ez. Arlo sozialean ari direnek diotenez, bada gizartearen parte bat, ehuneko gutxikoa izanik ere, galdutzat daukatena: jende multzo bat ez dena gai izanen sistema baten integratzeko eta bizirauteko besteek bezala. Hauekin zer gertatzen da? Miserian biziko dira, bizitzeko grina gutxirekin, bizio askori emanak. Nahiago dut ez gehiegi pentsatu. Gure artean zenbait ez dira “errekuperagarriak” izanen. Politikariek, agintariek, gizarte langileek, guhaurk, nolazpait onartutzat dugun kontua da eta honen aurrean zer egiten da konkretuki? Ez dakit.

Hainbesteraino barneratua dugu galeraren nozio nun gure lanetan ere gisa horretan gertatzen den. Euskara ikastera hurbilduko diren urteroko kopuru horietan, gehienek ez dute ikas-prozesua “bukatuko”, batzuen irizpideen araberako “bukaera” horretara ez dira helduko. Bizkitartean, hurbiltzen diren ikasle gehienak ez dira oinarrizko maila batera ere helduko. Zergatik? Denbora anitz behar delako, kostu handia delako, hizkuntza hau ez delako funtzionala ez bada bizi pribatuan, indar anitz eskatzen duelako, eskaintza ez zaielako denei egokia, edukiak ez zaizkielako guziei interesgarriak, mirarizko metodologiek ere ez dutelako itzulia ematea permititzen, komunitate murritza delako, batzuek espero zuten edo beharrezko duten maila eskuratua dutelako omen, nik dakita.
Gure buruekin zuzen izanki, zenbakiak hurbiletik behatzen badira, larritzekoa bada, batez ere gastatzen den energiaz, ikaslearen zein irakaslearen partetik, ondorio erdipurdikoekin bukatzeko. Arlo honetan lan egiten duenak argi du hori. Agintari eta arduradunek gutxiago agian. Zer egiten da? Eskaintza egokitzen entseatuko da, formula berriak asmatzen, pedagogian zentratuko da, ... Zerbait egiten entseatu bederen. Baina euskalduntze erakundeetatik kanpo? Nork eginen du zerbait? Egiazki inporta ote zaio norbaiti honi itzulia ematea?

Malerusa da baina hola da.
Iduritzen zait zinez barne-barneraino integratua dugula fenomenoa eta arras onartutzat, gehiegi, guregana etortzen den ehuneko eder bat ez dugula minimoetaraino ere eramanen. Galera horiek normalegiak bihurtuak izan zaizkigula eta gu ere jarriak garela borrokatzen ditugun eredu horietako “selekzio natural” injustu eta funtsik gabeko horretara, parametro anitz kudeagarriak diren bitartean. 
Doi-doietarik ahapetik aitortzera ausartuko garen gabezia dramatikoa.

Argazkia: un-natural selection by sue skitt

iruzkinik ez: