2012/08/27

Pasiorik gabe

Gogoan dut behin hola egitura bateko kargudun politikoak erran zuela :

« … et j'admire la qualité de ce travail fourni avec tant de sérieux par notre équipe technique qui travaille à l'avenir de la langue basque sans passion. »

Sans passion.

Momentuan berean ez nuen onartu, ez nuen ulertu nola posible zitekeen euskararen geroaz aritzea ontsa, behar bezala, eta aldi berean pasiorik gabe. Nola posible liteke holako gaiaren tratatzea barnetik bizi gabe, hoztasunez eta aldi berean egoki eta emankor ? Kasik probokazio bat : urteetan herri mugimenduek egina, haiek hobeki eginen bailuten.

Alta, neurri batean arrazoina baizik ez zuen. Guk pasio gehiegi dugulako agian, euskara sobera barnetik, maila pertsonalean, dugulako ikusten. Sobera gertatzen baita guk guhaurek beste nehorrena baino gehiago gurea den gaia eramatea, gure artean. Eta galtzen ere igual, ikusmolde ez hain desberdinei gehituz urteetako pasiboak. Hazten ditugulako mesfidantza frango, edozeini buruz, barne garai batez marraren honaindian dantza aritu direnei buruz.

Azken hilabeteetan euskararen eta ipar Euskal Herriaren gaia tratatua izan da leku anitzetan, jende anitzenganik eta bereziki euskalgintzakoak ez diren partaide batzuk inplikatuz : beti alor batean edo bestean adituak, ahatik ez euskaldunak ez eta euskal herritarrak ere. Inplikatuak ez diren jendeak baina gai batzuez dakitenak euskararen zerbitzuko izateak probetxu frango ditu : gaia urruntasun eta hoztasun askirekin jorratzen ahal baitute, guk ikusten ez ditugunak agerian utz ditzakete, noizbait berdin gure zerbitzuko hitz egin lezakete eta, batzuen aitzinean bederen, sinesgarritasun haundiagoarekin.

Ez dakit orain arte hainbeste gertatu izan denik. Segur dena da merezi dutela bederen entzunak daitezen, entzun ditzagun eta eztabaidetan integra. Haien esku sekulan utzi gabe, noski, beste esperientzia, ezagutza, estrategia eta ikusmoldez aberasteko baizik.

Pasiorik ez dutelako preseski. Ez zentzu batera, ez bestera.
Euskara, besteak beste, aitzina eramatekotan, merezi baitu pasio gutxiago eta hoztasun gehiagorekin aritzea.

Argazkia : En un instant by Visualpanik

3 commentaires:

leire a dit…

Neurri baten ados zurekin, Bea. Baina era berean, uste dut horrelako gaietan pasio pixka bat ere jarri behar dela, bihotza eta gogoa.
Hoztasuna zenbait momentutan egokia da, erraiekin jokatu barik.
Beti epeltasunean jausi barik, jakina!

Bea Sallaberry a dit…

Egunon Leire.

Neurri batean arrazoina duzu dudarik gabe. Inplikatzen diren partaideek dute norabidea, erabakia eta hautua eskutan izan behar beti.

Ez dakit jarraitu duzun azken hilabeetan gertatu izan direnak gure lurraldeetan? Hainbat lan eta hausnarketa burutu dira, uasaiako gaiez, lurralde kolektibitatea, euskara eta abar BAINA ez betiko jendeen artean. Izan ere, hainbat partaide lekukoak badira ere, ez dira usaian busti direnak gai horiekin. Oroz gainetik, aditu batzuk egon dira ere. Euskal Herrikoak ez diren jendeak, eta gai hauekin ez dutenak deus inplikaziorik ukan orain arte . Inteligentzia bateko kide dira, gai horiez badakite eta beren lana xuxen eta gardena izan da.

Bakar batzuk izendatzeko:
- Massias, lege mailako aditua, landu duena bai lurraldea bai hizkuntzaren ezagupen legala.
- Puren, didaktikalaria, okzitandarrekin aritu dena lanean bereziki zertifikazio dispositiboen inguruan eta erakasle formakuntzarenean.
- Carcassonne legelaria, hizkuntz legearen inguruan hainbat ekarpen egitea hitz eman duena eta orain arte (guri gustaturik edo ez) argitu izan dituena hainbat alde legeria mailan.

NIk ez dut dut jende horiekin zuzenean lan egin. Eta horietarik batekin behintzat nahi nuke. Baina hori beste istorio bat da.

Orain arte hegoaldeko jendearengana itzuli gira naturalki eta kasik esklusiboki. Beti lagungarria eta argigarria izan zaigu. Baina pasio askorekin gertatzen da batetik eta bestetik gure egoerak oso ezberdinak dira. Gure kulturak eta egiteko moldeak ere...
Ez dakit zerbait argitu duenez. Baina enetzat ebidentzia bat da, hainbat gai ontsa tratatzen ditugula baina hobeki ere egin genezakeela, preseski pasio gutxiagorekin.

Piska bat hola: http://www.blogger.com/blogger.g?blogID=6824729362297981206#editor/target=post;postID=1832077246703776873
Izan ontsa.

leire a dit…

Ados zurekin. Egiteko modu desberdinak ditugu. Uste dut elkarrengana gehiago hurbildu beharko genukeela, hala ere.
Eman dituzun izen horren berri ez daukat eta beti deritzot interesgarria kanpokoek diotena entzute. Askorako balio digu. Hor da hoztasuna des-pasioa, urruntze puntu horretan.
Kanpokoek errazago egin lezakete, gu nahasiegi gaude, inplikatuegi.
Jarri duzun loturan klikatu dut baina baimenik ez dudala esan dit. Lastima!
Orain guztiz ados zurekin!
Profitatu ongi bakantzen hondarrez!