2012/07/25

Baiona lehertzer da

Beste urte bat iragan da eta Baiona sutan jartzen ari da jadanik, goizetik, oraindik zazpi oren falta direlarik pestak ofizialki hasi aitzin. Urte bat iragan eta beti berdintsu gertatzen dira gauzak. Eta kasik ez nuke fitsik kondatzekorik...

Lehen izaten omen ziren pesta atseginak, arrunt desberdinak diotenez. Baionesenak nagusiki, laneko jantzi urdinetan ateratzen zirenak, nolazbait ezberdintasun sozialak gaindituz, denak berdin urdin ilunez (anitzez garbiagoa ere zitekeen...) eta ausatzeko egunak, denentzat.


Gaurko egunean, nunbait aspergarriena dena da Baionan bizi denak indar anitzen ondorioz baizik ez duela kausituko hor bere pestarik. Alderantziz, setiaturik bizitzeko inpresioa ukanen du bost egun luzez : hirira ezin hurbilduz, usaiako zereginak ezin burutuz, ezin aparkatuz, lanpetuegiak diren ostatuetan aitzineko astelehenaz geroztik ezin kaferik ere hartuz... Haratago, gaur gehiegikeria egunak izaten dira: alkolizazio maila haundikoak, zernahi egitekoak, bazter suntsitzekoak ere tarteka, jende uholdeak, zezenketa egunak, kultura maila ezin pobreagoaren egunak, folklorizazioa eta desbideraketak gailurrera heldurik. Besta hauek ez dira herritarrenak izaten eta ez dute nehundik ere kutsu herritarrik, euskaldunik. Alta, gogoak ez dira eskas. Hainbat elkarte dira lan horretan nahikeria agertu dutenak azken urteetan. Aldiz, parte hartze hori ezinezkoa da, ezinezkoa bereziki ez bada Baionako hiriaren onespen eta kooperaziorik. Baina den mendreneko ekimena dena, fite konpliaktzen dira gauzak : baimenak behar dira, seguritate kontu zorrotzak errespetatu, hilabeteak lehenagotik hasi, …

Alta, pestak izan daitezke kontsumitzaileak, gaurko egunean diren moldean, edo izan daitezke herrikoiak eta honetarako dudak ditut ea gutxieneko idekidurarik ba ote den antolatzaileen aldetik.
Jendearengan nahia bada pesta horiek izan daitezen idekiagoak, parte hartzaileagoak, hurbil eta goxoagoak, euskal kutsu handiagokoak, ideiak ere berdin trumilka.

Erran dezagun egia, euskal ekimenak badira Baionako pestetan, haatik beste guzien artean itoak gertatzen dira eta oroz gainetik ez zinez sustatuak antolatzaileenganik. Nagusiki kantuaren ingurukoak izaten dira ; ez bakarrik. Ekimen horien artean erreferentzialena dudarik gabe ikastolek antolatzen duten Karrikaldia, arrakastatsuena ere. Arrakastatsua zergatik ? Parte hartzailea delako, ondarearen partekatzea eta euskaldun gisa bizitzea duelako ardatza. Programa sinple bat, leku atsegina, giro integratzaile bat. Beste batzuek ere badira, agian xumeagoak edo ez hain ezagunak. Horrelakoetan, ardatz nagusia euskal kultura izaten da betidanik, eta xedea, horren etekina euskararen alde maiz, Karrikaldiarena ikastolen aldekoa izaten da adibidez.

Baina hala : Herriko Etxeak beti gibelera egiten du, euskararen aldeko gaietan, ikastolen laguntzean, gauza berriak antolatzean edo antolatzen uztean, elkarteei esku-hartze zabalagoa emateko orduan, adibideak tole atxeman daitezke.
Elkarlana, parte hartzea, auzolana dei daitekeena, ez da sartzen herriaren parametro eta ardatzetan. Alderantziz, elkarteak herriaren proiektuen zerbitzuko plegatu nahi dira, diru laguntzak kentzen edo tipitzen zaizkie, baimenak nekez ematen, ez da sinesten ideia berrietan. Baionari berdin zaio zerbait desberdin, berria, freskoa egitea... Baionak frogatu direnak eta ongi ibiltzen diren gauzak atxikitzeko indar tipi zenbait egin lezake, baina oraindik egitekoak diren gauza guziez paso ederki.

Arrunt baionestua izanik ere, ez dut Baionako pestetan zangorik sartuko aurten, hemen ema guzietatik hara arrazoinez ez bainaiz eskasean hortik urrunera joateko. Gainera, sobera bero da. 


Argazkia: Baionako Pestak 2011 - Gaizka Iroz- Berria egunkaria

2 commentaires:

Aitor a dit…

Aiii Bea, Bea... Ez duzula zangorik sartuko? mmmm... zerbaitek dio ez dela arrazoin horiengatik izango. Lagun batek zioena ez dukezu ahantzi http://www.kanaldude.tv/EHZ-98-klipa_v923.html eta zurekin aspaldi ezer dexente edan gabe nagola ;)

Bea Sallaberry a dit…

Pixka bat rocknroll-agoa izan nintzela? ;)Bai, rock bai, roll ez da segur! Lagunek badakite etxeko bidea eta borta ez dela gakotua ()