2011/10/23

Ura saldu?


Erregularki, temati, batek dio:
- Pesta handietan, Baionakoetan adibidez, sos frango irabaz genezake salduz... ura. Gainera ostatu baten muntatzea baino sinpleago eta errentagarriagoa litzateke.
Eta, hor, denak irriz karkailaka hasten dira, uzkaili arte
- ixo! Jendea ez da horretarako etortzen, pesta giroa, sozializazioa, beti horrela egin da, nora joaten zira holako ideien xerka.

Badira holako ideia prefabrikatu batzuk; hala nola, jendeak sozializatzeko etorri eta horretarako edaria produkto klabea dela, edozein kultur produkto baino gehiago. Edan gabe, ez litzatekeela berdin, ez harremana, ez giroa. Betidanik gisa batez egina nekez aldatzen dela. Jendeari moltsa arintzeko molde eraginkorrena dela. 


Euskal Herriko pesta eta ekitaldi gehienetan diru iturri nagusia ostatuarena izaten da. Hainbesteraino nun, antolatzerakoan (agian inkontzienteki), ostatuaz, bere zabaleraz, kokapenaz, txanda kopuruaz pentsatzen dela ematen baitu. Hainbat ekimen handien kasuan ongi behatuz, ostatua beti leku estrategiko, zentral, saihestezinean atxemanen da. Ekimen horien programa eta xedeetatik hara, etekinei begiratzean, ostatua da dudarik gabe diru gehien sarrarazten duena. Eta, zoriak zein diren, hainbat egiturentzat, ekitaldi antolaketa, kutsu kultural edo politikoa izanik ere, ihardokitzeko diru iturri potentzialaren ikuspegitik burutzen da. 
Alabaina, ekitaldi bati kulturala deritzaionean, ostatua zentrala eta gisa horretan tratatzea ez zait batere normala iduritzen eta nunbait zerbait salatzen du, irudimenetik hara: ostatuaren inguruetan, piska bat urrunago gertatzen dena ez ote litzateke aski interesgarria, jendea ber gisan erakartzeko eta diru etekin beretara heltzeko? Zergatik garatu diskurtso bat, aski intelektualisatua gisa batez, azkenean horditzea proposatzen bada eta horrek baizik ez badu arrakastarik?

Batzuek erantzunen didate, beste garai batez ez nintzela azkenetarik eta oraindik ere noiztenka ez dutala ukatzen trago baten hartzea, fede txarrez ari naizela: alkolaren kontsumoa biziki banalisatua ikusten dut, ospakizun handietatik hasirik egunerokotasuneraino.
Herrietako pestak, Herri urrats, Musikaren eguna, Nafarroaren eguna, hainbat parada dira barrari itzalturik egoteko, proiektu bat defendatzen den bitartean.
Eta hor beste duda bat sortzen zait. Zein irudi dute belaunaldi gazteagoek? Dena delako erakunde batek antolatu egun batera hurbiltzen direnean jendeak, proeiktu bat, egitura bat sustengatzearen alde eta kiskaltzeko eguzki erditan mozkortzen ikusten dituenean. Loturak laster batean egiten dira: egun hau « X »-ren alde da, jendea honera etortzen da « X »-ren alde eta ongi da, mozkortzen dira sustenguz, beraz mozkortzea ongi da.

Alkolak eragiten dituen desmasia fisiko, psikologiko eta kolateralak begi bistakoak ez dituenak, hurbilagotik behatu beharko luke kontua eta alkola kontsumoak duen gorakada etengabeaz piska bat pentsatzea beharrezkoa da. Pobrearen heroina.
Zoritxarrez, hainbat egiturek beren diru iturrietatik saihestezina dute ostatuarena baina ez ote da eduki kulturalaren kaltetan? Ez ote dira gauza berak egiten ahal baina desberdinki? Indarra beste nunbait sartuz eta bide beretik sosaren biltzeko bide desberdin bat lortu? Hain behera al gira, garagarnoak jaustetik haratagoko zerbaitengatik ez hurbiltzeko?

Uraren saltzea irringarria omen da, jaten edo edaten ez den zerbaiten apustua egitea arriskutsua, ez aski segurra. Uda honetan, Baionako pestetan, elkarte tipi batek, karrika izkin batean, ur boteilak saldu ditu metro kubikoka, pesta giroan beste guziekin ibiliei eta berek dakitela zeren atxematera etorriak zirenei. Etenkina ordu arte ostatu arrunt batekin sekulan egin ez zutena izan omen zen.
Beste zerbait proposatzea posiblea da.


Argazkia: Alkohol City by Arthur40A

Aucun commentaire: