2011/10/29

Akitaniak Oc


Frantses Estatuaren baitako lurralde hizkuntzen aldeko dinamikak indartzen doaz, azken hilabeteetan. Mobilizazio egunen artetik, eskualde desberdinetan izaten dira lorpen garrantzitsuak, bakoitzak berearen aldekoak, guzientzat eredu eta  onerakoak diratekeenak; batzuk eta besteak bide egin dute eta egiten ari dira, poliki eta trabekin gertaturik ere
Herritar mugimenduen eta hautetsi multzo baten indarren haritik, iragan urriaren 24an, Akitaniako kontseiluak idatzi eta berez onartu du bere administrazio organoetan okzitanieraren eta okzitandar kulturaren bultzatzeko karta bat, hasierako dotazioa eta lan ildo nagusien zehaztapenarekin


Azpiamarratzea merezi baitu, herriaren aspaldiko eskakizuna zen erabakiaren eta ekimenaren bultzatzaile eta bideratzaileetatik bat izan da, besteak beste, David Grosclaude hautetsia, eskualdeko kontseilari okzitandar eta okzitan hiztuna. Hizkuntzaren aldeko bere engaiamendua argia izan da urteetan, oro har hizkuntza gutxitu guzien alde, bereziki berearen alde eta hainbat ekimenetan parte hartzaile aktiboa izan da. Azken urteetan engaiamendu pertsonaletik harat, politikari gisa bideak jorratu izan ditu, beste batzuekin batera bildurik, haien hizkuntzaren etorkizuna bermatzearen alde.

Historikotzat da.
Izan ere, ez da karta soila. Berezitasuna da okzitanieraren eremu guziei hedatzeko asmoa duela; izan ere, Akitaniak hainbat engaiamendu hartzen baditu hizkuntz eta kultura politika mailakoak, ez ditu bere lurralde bakarrera mugatu nahi, baizik eta adostu okzitanieraren lurralde guzietako instituzioekin (Frantziako hegoaldeko hainbat eskualderekin, Aoste ibarraren kasuan Italiarekin bat eta Aran ibarrarren kasuan Kataluniako autonomiarekin). Lurraldeen artekoa izateaz gain, estatuen mugak gaindituko lituzke ere bai. Beste eskualdeetan onartzeko bidean ote dira? Hortaz momentukotz ez da berririk agertzen nihun.
Historikoa ere izanen da ere, Akitanian berean, horrelako erabakiak, hizkuntzei buruz, gutxitan baizik ez direlako hartu.

Argi da printzipio batzuen inguruko karta dela, ideia nagusi batzuk jartzen dituena eta momentukotz Akitaniak baizik ez dituenak bere egiten; eginbide konkretuago, baliabide zehatz eta azpi akordioen zain. Akordio politiko bat. Lan haundia eta luzea izanen dute, hasteko markatu ildoak onartarazteko eremu administratibo desberdinetan, gero gauzatzeko bakoitzak berean.

Alabaina, aitzinamendu nabarmena da. 
Lehenik, eskualde mailako eta agian laster eskualde anitzen arteko proiektua delako, izaera legalik gabeko hizkuntza bati buruzko neurriak xedatzen dituena. 
Gero, hizkuntz gutxituen kasuan, berezko lurralde instituziorik ez ukatea eta legislaziorik gutxiago, trabagarria izaten da egunerokotasunean, aitzinapausuak eman nahi orduan. Eta akordio politikoak, izatez printzipio batzuen onarpena baizik ez badira ere, Frantses lurraldeetako hizkuntzei gogorki eskasten zaizkie. Akordio, onespen politikoa edozein proeiktu publiko gauzatzeko orduan beharrezkoa da, behar den lehena da. Horiekin deus ez bada konkretuki egina, horiek gabe aitzina egiterik ez da. Euskal herrian berean argi dugu, aitzinamendu zenbait egin bada arlo publikoan, horietarik hainbat lekuko erabaki politikoen haritik gauzatu direla, nahiz eta hortik laster aski ez direlako konklusioetara heldu. Hastapeneko akordio honen ondotik, beste batzuk eragin behar dira, hala nola lurralde horiek guziek amankomunean izanen luketen hizkuntz politikaren kudeaketarako tresnak, ildo eta ekintza komunak (horretarako erakunde bat, hizkuntza plangintza komun bat, ekimen bateratuak...)

Akitaniak, okzitanierari zenbait ate ideki nahi dizkio, bere konpetentziakoak diren arloetan.
Agian, laster, euskarari ere ber ateak idekitzea onartuko du?
Pirineo Atlantikoetan kontseilu orokorrak euskara eta okzitanieraren erabilerari buruz hartu erabakien biharamunean, esperantza zenbait utz lezakeen berria da, dudarik gabe.  


iruzkinik ez: