2011/04/19

Urepeleko xokolategia

Argazkia: Urepele (Bixente Lohiague) CC
Urepeleko herrian, hainbat hamabostaldi eginik ere, beti sorpresa bat edo beste izaten ditut.
Inguru horietan, gaurko egunean atxemanen ditugun aktibitate ekonomikoak, anitzetan, laborantza munduari lotuak dira, eta lehengo garaiei pentsatzean, irudikatzen ditugunak artzaingoari eta mendi ekonomiari lotuak dira.
Alta, Urepelen eta orohar Bailean, duela ez hain aspaldi, bazen beste aktibitate bat: xokolategiena. Post hau irakurriko duzuen bakar horiek, ez duzue sinetsiko baina hala da, deskubritu dut berriki handik ibilki nintzelarik.

Urepeleko Karrika deitzen denean, erditsutan, karrika hertsitzen den lekuan berean, bada etxe bat izkina egiten duena, etxeko sartzea saihetsetik baitu, bidera ez izateko doia. Ohartzen zaio fite, biziki munttoa baita. Izena zur puska batean zizelkaturik zilintzo du: xokoletaenia, baina lehen begi kolpean ez da pentsatzen edo imaginatzen zergatik. Gogoan nuena zen, etxe horretan bazela adineko bikote bat, duela zenbait urte arte, biskotxak, ogia eta goxoki zenbait saltzen zituena, eta herriko azken komertzioa izan zela hori.
Gauzak nola gertatzen diren, hortik iragaiten ginela, emazte tipi bat kurutzatu genuen, horko etxekanderea zela. Jendetasunak galdetzen duen bezala, eleketan lotu ginen, huntaz eta hartaz hastapenean, herriaz gero eta azkenean etxeaz.
Honen izena aipatu ondoan, harriturik ginela, pentsatu zukeen ez genuela sinesten eta etxera sartzera gomitatu gintuen. Ezkaratz hertsi eta ilun luzexko bat trebeskatu genuen, atelierrera heldu aitzin. Xokoleta lantzen zuteneko garaietako tresneria oraino han dute, ontziak lerrokaturik, zaliak berdin, gaurdaino erabili izan balire bezala, bazterrak juntak, lekuko nagusiaren errezeta guziak sailkaturik ferlankazko ontzi batean,
Mende hasieran, xokoleta frango kontsumitzen omen zen eta lana soberan Baionan berean egiteko: kantitatean hornitzeko problemak bazirelako eta teknikak ere ez zirelako oraingoak. Hortik, etxe haundiek, azpi tratatze gisako bat egiten zuten, haziak barnekaldera igorriz, xokoleta ateratzeko; ondotik lantze guzia, rafinatzea, berriz Baionan egiten zelarik. Horiek hola, ibar guzira heltzen ziren haziak eta banatzen Baigorritik gora ere, Urepeleraino. Xokoletaenian, bizpahiru produktu desberdin ekoizten zituztela uste dut. Mende erditsutan, ekoizteko moldeak aldatu eta erraztu zirenean, ez baitzen gehiago Urepeleraino joatearen beharrik izan, Xokoletaenian, bixkotxak egiten hasi ziren eta duela gutxi arte horrela ibili.

Ordua laster iragan zen kalakan, ohar gabe eta joateko tenorea heldu.
Sorpresarengatik, errespetuz, han eta etxe hartan arrotzak izanik, herabearengatik, ez dakit xuxen zergatik, galdera frangorekin lekutu ginen, emaztekia finki eskerturik eta itzultzea hitzemanik.

Heldu den asteburuan, mundu bat biltzekoa da Baigorri aldean, arrazoin bat dela edo bestea dela. Haraino joanik, trunkoak bezala ostatuan iltzatu aitzin, garagarno hurrupan eta iguzkitan egosten, pusa ezazue hamabost bat kilometroz eta zoazte Urepeleko karrikaraino, han baita etxe bat nun xokoleta egiten baitzuten eta hango etxekanderea kurutzatzen baduzue plazer haundiz esplikatuko baitizue nola zen afera. Horrela, beharbada, oker ditudanak zuzenduko dizkidazue bide beretik.

Aucun commentaire: