2011/04/16

Diktatu hitzak









Bizian, gauza guziak, beti aitortzekoak ez badira ere, hitzez azaltzekoak dira, hitzez ezartzen entseatzekoak bederen.

Hitzak mila motakoak dira.
Badira erraten ditugunak, erraten ez ditugunak, erakasten ditugunak eta ahanztea merezi luketenak, beste hizkuntzetakoak eta gure hizkuntzako kuttunak. Badira goxoak, gogorrak, hotzak, onartzekoak, sekulan onartu ez beharrekoak, eraikitzekoak eta suntsitzekoak, ilunabarreko promesa eztiz ferekatzen gaituztenak eta goizaldeko kolorerik gabekoak.
Badira berotzen gaituztenak, bizirik sendiarazten, bestalde bihurtzen, berezi agertarazten eta, batzuetan ere, hiltzen gaituztenak.

Hitzak, izana, garena eta izanen garena munduratzen doaz, guhaurren besteenganaratzen, gure indar eta gabezia guziekin, eta oro ditugu baitakoak, bakoitza garen aditzaren luzapen zuzenak diren neurrian.
Alta, aldi berean, beren zirimola-dantzan, izanik onak, pentsatuak, neurtuak, bapatekoak ala kalteak, inportanteena eta nekeena, gure hitzak nehork eta deusek ez diktatuak izatean datza.


(Euskal Kultur Erakundeak eta Azkue fundazioak antolatu
Irudimena lehiaketara aurkeztu sorkuntza)

Argazkia: Hitzaditza (2009). Egilea: Maite Deliart | EKE (CC-BY-SA)

Aucun commentaire: