2011/04/16

Ganen da



Ziburuko Kaiet, beste garaietako kaian berean, hamahiru urte bete berriak. Haur bisaia gozoa, urrunera so egoki, gogoa arin, ametsetan: bihartik aitzina ez diote gehiago mutiko deituko. Bihar, “Airosa”-n itsasoratuko da, lehen aldikotz, bere adineko anai, lagun eta ezagun gehienen gisan, kriseiluaren argitan oren luzez kondatu dizkioten lur urrun eta ur izoztuen ezagutzera.

Alta, biziaz hain gutxi daki.
Ez daki itsasoari dion amodioa oihartzun gutxikoa dela, itsasoa amante infidel eta krudela ere dela, biziko urterik ederrenak ebatsiko dizkiona, gogo eta gorputzetan markatuko, artetako sari mehearen truke.
Nehork ez dio azaldu bakardadea eta etsipena, kapitain eta marinelen erranetara egotearen premia, konpainiarekin bat egitearena, bizirik irauteko baizik ez bada ere.
Ez diote erran nola, uhain beltzen oldarpean, txalupetan arraunei lotuko zaien, bizi eta hatsari bezala, hotzak esku eta erhi juntak zartaraziko dizkiolarik; nola beharko duen tematu, lanbro artetik, oren luzez, laino-adarrak gidaturik, matelak urratuko dizkion haize karroinduaren meneko, itsasontzira itzultzeko, gelditu gabe, gelditzea hiltzea bailitzateke.
Ikusiko du, bizia zein iheskorra den, ikasiko, zintzurra tinke, penak gordetzen eta negarrak irensten, lagun izoztu edo isilduak, uhainen artera botako dituztenean, oihalezko panpinak bailiran, mezako liburuetan marraztu itsas-mamu horien beren ahoetara.
Ez du sekulan jakinen, arreba eta laguna, etxeko leiho gorenenetik zain egonen zaizkiola, arrangurak janak, Airosa noiz ikus, ortzemugan.
Ez daki, laster, gau guziz lehorraz amets eginen duela eta amaren altzoaz.

Laster, itsasturiaren gogo guziak, beste hainbesterenak bezala, Ziburuko portura itzuliko dira, kaian iltzatzera. 

Han ba omen dira eremu oparoak, eguzki zuritan zilarraren distira itsugarrikoak. Han dena posible omen da. Badaki nekea, kondatu diotena, lanaren dorpea eta bere patua dela, hara gabe, bizitzerik ez dela hemen.

Biziaz ez daki deus, alta, bihar joanen da eta bizi hobeago baten esperantzak baino, gizon izatearen ilusioak, mundua ezagutzearen goseak eta Ziburuko konpainiarik hoberenean izatearen harrotasunak betetzen dute.

Aurpegi gozoa arratsalde gorriko argitan. Gaztetasunarenak diren arintasuna, ausardia, itxaropena, indarra argazkitan gatibaturik.

(Euskal Kultur Erakundeak eta Azkue fundazioak antolatu
Irudimena lehiaketara aurkeztu sorkuntza
Helduen kategorian 2. saria)

Argazkia: Amets Arzallus Donibane Lohizunen (2009). Egilea: Medialab | EKE - (CC-BY-SA)

Aucun commentaire: