2014/12/19

Maite ditut… uzkinazoak

Gogoan dut haurra nintzela, zozokeria bat egiten nuelarik, erraten zitzaidala “ze uzkinazoa egiten duzun!”. Konplimendua ez zen ene gustukoena, noski.
Uzkinazoa, ezagutzen ez dutenentzat, txori berezi bat da.
Diotenez, ez da betere abila ( honen froga zientifikorik ez dut nehun aurkitu). Itxuraz partikularra da, sustut koloretsua baita eta batere ez diskretua eta kantua ere hementxe entzun daitekeen bezala, aski bitxia du, hau ere diskrezio gutxikoa: beste txorien oihuen imitatzeko gaitasuna du, inguruko beste espeziek bota txioak bereganatu eta zabaltzen ditu lau haizetara (seguraski eremu batean konkurentziaren uxatzeko). Horretaz gain e-ten-ga-be ari da, isiltzen ez den xori bat da.

Etxe ondoan bat izanki, bestelako berezkotasunen xerka ari nintzela, txori honen latinezko hitza etorri zait begipera: garrulus glandarius deitzen da.
Espezien klasifikazioan, espezie bakoitza bi izenekin bataiatua da, hizkuntza desberdinen arteko ulermena segurtatzeko eta bi ahaideren arteko desberdintzea errazteko klasifikazioetan. Artetik, Linné suediarrari zor diogun izendapen sistema da.
Izen hori latinez irakurri dudan lehen aldian, irri egin dut. Frantsesez dakitenek jakinen dute zergatik: glandarius hori ikusi dudanean, gogora etorri baitzait frantsesez erabiltzen dugun “glander”, erran nahi baitu alferkeria edo inultikeriatan aritzea.

Tronpatzen nintzen.

Glandarius izena eman zioten, ohituretan duelako, haitzetan gaindi ibiltzeko eta larrazkenean ezkurrak biltzeko (frantsesez “gland”). Hots bere izenak dio, ez alferra denik, alderantziz, ezkurrak “ekoizten” dituela. Izan ere, anitz jaten ditu eta gormandizaz metatzeko asmoz mokoan eraman ditzake hiruzpalau aldi berean. Baina horra, mokoa seko beterik, hegalka doala, bidean galtzen ditu han hemenka. Eta ez dituenean galtzen, gordetzen ditu nonbait eta ahanzten nun ezarri dituen. Hortik, gisa batez, eskertu behar zaio haitzondoen zabaltzea eremu urrunagoetara, zeren, noizbait, xori honek eraman eta galdu, edo gorde eta ahantzi ezkurretatik pusatzen baitira haitzondo berriak.

Maite dut xori hori. Azken batean ene buruari pentsarazten baitit alde desberdinetarik, batez ere maila profesionalean.
Haren kantan: ezagutzak eta gauzak leku bat edo bestetik errekuperatu eta imitazio hutsez, daitort, berriz botatzeko joera horretan.
Haren aho-handi joeran: ezin isildua izana akatsa dut. Zorionez bakarra da.
Haren joera zabaltzailean: lau haizeetara hedatzen ditudan informazioengatik edo ikastaldeetan diseminatu jakintzarengatik.
Haren gormandizarengatik: ez baitakit ene buruaren mugatzen gai bakarrean, luze eta sakon, beste batera pasa aitzin.
Haren joera amnesikoan ere: maiz gauza bat egin, zabaldu, bildu … bezain laster, ahanzten baitut nik ere.
Haatik, uzkinazoaren kasuan bezala, erein, galdu, ahantzi gauza guzi horietarik, gerta daiteke, noizbait, nonbait, zerbait pusatzen dela.
Ez dirudi gauza handia, inportantea, mundua alda lezakeena. Ez da gauza kontrolatu eta segurra, emaitza aurreikusia. Agian, onartu beharko da, besterik gabe den gisan eta poztu milaka aldiz hausnartuak, errepikatuak, ehunka lekutan utziak, segurtamenik gabe eta neke kotsiaz, araiz, egun batez fruituak emanen dituela.

Totema duket. 
Ene baitan barna uzkinazo sentitzen naiz. Bai. 

Argazkia: Le geai des chênes by Philippe Garcelon

3 commentaires:

Ander Ros a dit…

Ederra izkiriatu duzuna. Xori benetan interesgarria eta xarmanta dugu Uzkinazoa, Basamika guk deitua Bilbaotik hegoalderako herrietan. haren izenaz jardun nuen luzaz, argi handirik ez nuen azkenik erdietsi, bainan bai bide interesgarrietatik abiatu.
Segi ezazu, mesedez, holako gauza ederrak izkiriatzen.

Rafa Saiz Elizondo a dit…

Milesker halako idatzi ederragatik!

'Basamika' izena dela eta, harrigarriak dira euskara galdu izanak eragiten dituen gaizki ulertuak eta okerreko interpretazioak. Hara: Arabako eta Nafarroako zenbait eskualde erdaldundutan ere esten zaio 'basamika' eskinosoari. Baina askok izen horri diminutibo-kutsua hartzen diotenez, 'basama' esaten hasi zaizkio!

Bea Salaberri a dit…

Milesker zuen hitz goxoez eta xori honi buruz ikasi ditudanentzat!
Bea