2014/12/26

Amen armairuak

Gure amen ganbaretako armairuak eredugarriak izaten dira, oihal junta eta lerrokatu usaintsuz beteak. Apalez apal, gauza bakoitzak du lekua, erantzuki, akatsik gabeko leku eta arimen altxaleku. Atea ideki orduko aireratzera uzten dituzte haize leun urrin eztiak, izpiliku arrastoak eta zurak xurgatu liho garrantzituarenarekin batera. Hauen aldean, ohea estaltzen duen mantak zurail munttoak ere berekin dakarzki etxea atxikitzen dakienaren aztarnak. Dena da xuri baino xuriagoa - ez baita afera ttipia edo bazterrera uztekoa-, plegu onean ezarria, itzal, mantxa eta akatsik gabea.

Ta zer erran sulardaz? Amek hainbeste denbora pasatzen duten leku bereziez, nor nahiren begi bistatik urrun territorio dedikatu esklusibo horiez? Sukalde saihets horretan, hor daude kasola, tupin, zartain eta mila botiga, pruntki jarririk zurerian behera gaizki lerrokatu hiltzeetan dilindan. Gela ilun eta freskoan, bestalde, apal gainkargatutan, nork daki nola, orekaren arauak hautsiz, olio, gantza, kontserba, xingar puska idorrak nahasten dira, hortik ahantziak diruditen tipulen artean. Tipulak, gure amek hainbeste txikitu zituzten horiek berak, sulardan berean, xutik.

Sulardako atetik, sukaldearen haraindiko atetik baratzea zain daiteke, beti soberan pusatzen diren eta tuperretan finitu beharko duten barazki lerro xuxen-xuxenen eremua, janlekua apaintzera edo zenbait oroitzapenen karietara mahai apaintzera joan behar duten loreak nun nahi ixurtzen direla, kolore asukretutan, iguzki idorretan argi itsugarriz itorik.

Gure amen esku ikusgarriak, erreka, plegu eta historioz beteak dira, xuriketa egiten higatu erhi konkor laztuen artetik, tipula xuritzen egin piko aztarna zenbait baita berek bakarrik jakin eta sekulan kondatuko ez dituzten zauri zaharren ondar ia ikusezinak, zeinengatik okasione zenbait delako aitzakiarekin, igandeetako mahaiak lore freskoz apainduko dituzten.

Etxe hauetako amak eredugarriak izan ziren. Ganbara eta sulardaren artean. Gainera, naftalina jasaten ikasiak ere. 
Gure amen oinordeko nahi gintuzkezue, gu, eta oraino sabelen berogian daudenak ere berdin. Nago, borondatea alde batera utzirik, gai ginatekeenez buru egiteko haiek bezainbat, eta batez ere guhaurrek neurtzen dakigunez herentzia horrek suposatzen duena. 

Argazkia: Pure Linen by mystuart

1 commentaire:

Anonyme a dit…

Agur,
gaur dut zure bloga deskubritzen eta ez naiz dolutzen. Segi ezazu hau bezalako idazki hunkigarriak idazten!
Izan untsa.
Itziar.