2013/03/01

Etiketatzea

Hego Euskal Herrian hizkuntzaren normalizazioan azken urteetan biziki modan izaten da ziurtagiriak banatzea, mota eta kolore guzietakoak, eragileei, euskaraz egiten dutenaren araberakoak, lantokietan eta dokumentazioan agerian ezartzen dituzte fierki.

Bitxiki Ipar Euskal Herrian, horrelakoak ez dira agertzen. Badirudi neke ere dela horiek moda ezartzea. Banatzen den « euskararen label » bakarretarik bat da Bai Euskarari eta nere iduriko mugak erakusten ditu hainbat aldetatik: duela urteetako kontua baita alde batetik, baina bestalde batez ere iniziatiba popularra izaten delako eta eragile pribatuak hunkitzen dituelako, beraz, berez, borondate onarekin ari direnak. Betiko bolontarismo horrekin jokatzen du eta babes gutxirekin iduritzen zaidanez.
Pentsatzen dut hizkuntz politika arduradunak doi bat hozpilak direla gaiarekin, berek jakinen dute zergatik, eta bide horretan ausartzea eta konkretisatzea zaila zaiela.



Bistan dena, argumentuak trumilka izan daitezke.
Hasteko diskriminazio positiboak dituen alde ilunak : euskaraz egiten duten egiturak agerian ematea eta nolazpait saritzea, euskaraz egiten ez dutenen ebidentzian jartzea ere ekartzen du. Horrelakorik nik ez dut sinesten. Euskalgintzan urteetan egin dutenak batzuek izan da, preseski, euskaraz egiten ez denaren salatzea ; horrek ondorio gisa izan du nahikeria duenari duda ematea (Zergatik eginen dut euskaraz, beste hainbestek ez badu egiten ? Edo zergatik arriskatuko naiz euskaraz egiten, ondotik salatzen badute zein gaizki egiten dudan ? ). Behingoz, baldin bada dispositibo bat alde baikorra azpimarratzen duena, egin dezagun zerbait aski egokia, orain arte uzkur zirenen konbentzitzeko.
Gero, argumenta daiteke ere eragileen etiketatzea ez dela gauza ona. Egia da, ekartzen dituela gogora berehala gure Historia ez hain urruneko kapitulu zenbait, ezagunena juduen izarrarena delarik. Hau aitzaki erraza da saltsan sartu nahi ez duenarentzat. Oroitaraz dezagun, gertakari izugarri horietan ez zela seinale bereizgarri bat ezartzen jendeari kalitate baten aitzinera eramateko. Ez naiz luzatuko, nire iduriko ez baitu balio argumentu horrek gure hiztun minorisatuaren kasuan, are gutxiago gure iniziatibatik etortzen bada.
Hortik aparte, noski, aipatuko da zailtasuna egitura publikoetan langileei horrelako dispositibo baten gehiatzea, sortzen duen problematika etikoa, kostua... Irrecevable.
Hau eta beste, egunak pasa ditzakegu ezbaian, diskutitzen eta hola.
Bizkitartean, ez dugu nehork sekulan problemarik ikusiko gure buruak etiketatzeko beste gisa batez: dela gure adierazpen publikoetan, dela sare sozialetan zabaltzen ditugun edukien bidez, dela gure kontsumo hautuak edo iritzi politikoak asumituz.

Bizkitartean, egitura, enpresa, erakunde horietako erabiltzaileei zer gertatzen zaigu ? Sinpleki hau, biziki argia da:




Euskaraz zuzentzea parean denari, eguneroko edozein egoeratan, zinezko indarra galdetzen du, jarrera militante temati bat garatzea, etengabe arriskua hartzea : parean nehor ez euskaldunik izatea gerta daiteke, parekoa euskalduna izan baina nahi ez izana, pareko euskaldunak nahi izana baina nagusiaren beldurrez ez egitea, pentsatzea mailarik ez duela beraz ez duela bururaino eramaten ahalko elkarrizketa… zernahi kasu.

Horiek hola, solaskideak euskara dakien ala ez ezin badugu identifikatu, aitor dezagun argiki, higaduraren eta ohituren poderioz, frantsesez zuzentzen gara. Frantsesez, biziki trebeak gara denak, hizkuntza ederra, erosoa da eta, gainera, eskaparatean edo langilearen txanoa « frantsesa badakit » edo « frantsesez mintzatzen da hemen » kausitzen ez bada ere, ez digu estres frango sortuko.
Geroago ohartuko gara, noski, noizbait, bagenuela hiztun trebe bat ondoan baina jada frantsesez aritzeko usaia hartua izanen dugunez... ba, frantsesez segituko dugu. Sinpleki.

Bai, hala dira gauzak.
Iritzi komuna da denek dakitela frantsesa.
Eta gauzak nola diren, iritzi komuna bilakatzen da ere nehork ez dakiela euskaraz.
Hamaika arrazoinengatik eginen dugu erdaraz (denbora irabazteko, eztabaida saihesteko, ongi tratatuak izateko xantzak emendatzeko...), horien artean bereziki sinestarazten zaigulako nehork ez dakiela.

Alta iparraldeko datuak hor dira, interesa duenak aterako ditu egokiak zaizkion ondorioak. Nik ateratzen dudana da euskaldun parrasta badela ene inguruan, mota eta profil guzietakoak, ezusteko aniztasuna. Frantsesez egiten dut horietarik hainbatekin, lehen hitzak horrela ematen baititugu eta bestela izan daitekeenez jakiteko biderik ez baitut.

Hiztun horiek guziak ez dira agerian. Edo ez dira agerian eman nahi.
Ez gaitezen nigarrez has, erranen didazue. Arrazoina. Ez gara hipaka hasiko.
Azken batean, hori da euskararen hizkuntz politika mota bat.
Euskararen alde egin nahi, frantsesaren kontra egin gabe.
Garbiki euskararen hautua eman gabe, frantsesaren alde egiten duena.

Eta argiki erran dezadan, ni egituren labelak banatzetik haratago, eta sustut erabileraren bermatzearen aldeko pausurik eta baldintzarik emanen ez den artean, euskaldun direnak etiketatzearen aldekoa naiz : erraiten dudan bezala sinesten dut.
Horrela bederen, neurri normalizatzaile eraginkorrak hartuko ez diren bitartean, norbaitekin eleketa hastekotan jakinen bainuke kidea nor dudan, euskaraz dakien ala ez, eta soinean eramanen balu (suposatzen dut) bide horretatik adieraziko lidake jakiteaz gain, erabiltzeko prest dela, nahi duela.

Zeren oroit gaitezen iragan martxoaren 31az : hemen nahikeria ez da eskas.



Aucun commentaire: