2012/05/26

Elkorra banintz hobe?

Goizean zaindu dudan azterketara etorri ziren azterketari gehienek 17 eta 20 urte artean zituzten, gehienak betidanik ikastolan ibiliak, batzuk asteburuz-asteburu hizkuntzaren onerako sobera hartuak ziren aspaldiko engaiatuen seme-alabak, denek euskararen aldeko diskurtsoa entzuna dutenak eta ez gutxi.
Gehienak euskaraz aritu ziren goiz osoan, batzuk ezin izan zuten. Batzuk gelatik atera bezain laster frantsesez ari ziren kurutzatzen zuten edozeinekin, egunerokoan izanen zuten joera salatuz.

Baliteke azterketaz pentsatzea baina uste dut ingurua egin nuela jadanik beste behin eta ez dela hor arazoa.
Baliteke gaur beste hainbeste itzuli ematea euskalduna den belaunaldi horren praktika eta pertzepzioei buruz, ardura sektore eta tendentzia bereko jendearen eskutik sortu euskaraz bizitzeko eskaintza hain urriaren artean bizi diren gazteak, euskarari hemen berean funtzionalitate hain gutxi ikusiko dietenak, euskara eskolako gai kakingarri gisa duketenak agian, hizkuntzaren geroaren zama astunegiaz enkargatuak.


Belaunaldi hori hizkuntz politikaren zentroan kokatua da, beregan eragiteko, noski, baina hortik haratago hizkuntzaren geroaren zutabe gisa deskribatzen da. Horrela deskribatzen dugu. Batzuetan besterik gabe eta nunbait erraza delako, bide beretik kanpo gelditzen garelako, gu, belaunaldi horrentzat etorkizuna diseinatzen dugun guziak. Libreago?

Zama batzuk eramateko pizuegiak dira, kontzientizaziotik haratagoko proposamenik eta eredurik ez bada bederen. Oroz gainetik, euskarak ez luke haientzat kezka bat izan behar, ez litzaieke horrela sendiarazi behar ;  izatekotan kargudunen eta beste zenbaitentzat du arrangura izan behar, baina ez hiztun arruntentzat. Gisa horretan eginen eta komunikatuko dugun bitartean egoerak kritikoa izaten segituko du. Are gehiago, berentzat baita gure kontzientziengatik ikusi nahi geniekeen euskararen kezkaz aparte badirelako beste frango adin horretakoentzat: belar erretzea, ligatzea, aitamen etxetik eskapatzea eta holakoak, besteak beste. Eta iduritzen zait beste zerbait transmititzen diegula, erakargarria ez dena gainera. 


Noski, hori guzia diot kopia bakar bat zuzendu gabe...

Argazkia: Speaking by JohanIb

Aucun commentaire: