2011/06/01

Ez zaitzala gaindi

Lagun batek bere burua aurkeztu zuen hizkuntza azterketa batera. Gaurko egunean, euskararen menperatzearen barometro gisa kontsideratzen den azterketa horretara berera. Agiria lanarengatik omen; bere baitan, segurrago, agiria frogatzeko, bere buruari lehenik, gero besteei.

Berak tarteka zalantza badu ere, badakigu euskara badakiela, azterketa gainditzeko gisan baita ere, harekilan pasatu orenak eta begipean izan idazkiak lekuko. Badakigu euskaraz egiten duela ahal duen guzia, bizi osoa. Badakigu ikasten eman urteak, lantzen iragan hilabeteak, bestalde haren konpromisioa eta inplikazioa, denbora, indarra, atxikimendua, guzia.

Emaitzak azterketari orok lehen bai lehen jakin nahi ditu, publikatzen diren egunean, hamar minutu guziz emaitzak argitaratuko diren gunera konektatzeko heinean, beste edozein gai auher dela. Konfiantzarekin agian ez, baina gainditzeko esperantza izaten da beti, oraino gehiago mila aldiz dudak berriz aipatu, argitu, baieztatu direnean. Ezetz, ez dela baitezpadakoa, paper bat dela, aldi honetan ez bada beste batean izanen dela, nahi dena, desiratzen den saria da. 

« Aurtengoan ez, datorren urtean aurkeztuko dut » erran zigun egunean, hobe isildu izan bagina akuilatzeko orde. Horrela, gaurko arratsalde apalean, bederen, ez genukeen « Ua! Atera dira! » euforiko bat oihukatu eta bost segundutara, haren begirada zanpez itzaltzen eta iluntzen ikusi beharrik izanen.

2 iruzkin:

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Nik ere EGA gainditu nuen duela hamar bat urte eta ez naiz damutzen orduan zonbait oren iraganik euskal gramatika eta hiztegia lantzen. Baina iduritzen zait balio handiegia ematen zaiela holako agiriei.
Geldi gaitezen beti gure buruari frogatzen euskara "badikigula". Higa giten gehio (hau da pasten EGAn...) aldiz euskara ez dakitenei ulertarazten euskaraz mintzatzea gozamena dela eta ikasi behar dutela.

Bea Sallaberry erabiltzaileak esan du...

Dudarik gabe arrazoin duzu.
Alta, gauzak ez dira hain sinpleak eta batak ez du bortxaz bestea suposatzen, ez du batak bestea kentzen ahal ere ez. Eta gaurko egunean arazoa izan daiteke EGA dela agiri bakarra, azterketa bat dela eta horretan galdetua ez dela hain egokia.
Luzatuko nintzateke baina uste dut hemen lekurik ez nukeela aski eta gaia piska bat gordinegia ere dela zutabe honetako.

Milesker zure iritzia emanik!