2011/06/25

Eldorado project

Bizi erdiko lagun batek, kasualitatez (edo ez) ene lan berdintsuetan dabilenak, horrelako webgune-pribatu-ataldun-partizipatibo-libre-profesional-aprofesional-plural baten muntatzeko asmoak azaldu zizkidanean, eta partaide izatea galdetu zidanean, ezetza eman nion, tematuz argumentu parrastarekin: denbora, gaitasuna, eta sustut erdaraz aritzea ez nuela ikusten.
Azken egun hauetan, gaiaz parasitorik gabe pentsaturik, aitortzen dut gezurrak zirela.


Ezetzaren arrazoin gordeak? Dakidan gutxia eta ez dakidan guzia agerian uzteaz lotsatu naizela. Galdetuko zaidanaz eta ematen ahalko ez dudanaz beldurtu naizela. Ene zirkuito hertsitik hara posibilitate frango badirela ahantzi dudala. Barreiatzeko dudan gaitasun ikaragarriaz jabetu naizela. Beste behin erabaki nuela sareak ehutea on zela gogotik galdu zaidala. Itaunketa eta zorrozkerian parerik ez duen batekin jardutea, nire bizia konplikatzea zela pentsatu dudala. Guziak etengabe mahai gainean berriz jartzeko alferkeriak jo nauela. Esker txarrekoa izan naizela, gaurko egunean niganik ehundaka kilometrotara egonik ere, maila pertsonal eta profesionalean hain aberasgarria izan zaidanarekiko. Denek dakiguna, erregurlartasuna eta jarraikitasuna ez direla hitzematen ahal direnak. Erraztasuna.
Horietako bat edo beste. Agian denak batera.

Holakoengatik, ez dakit zenbat aukeraren ondotik iragan ahal den. Pentsatzen dut denek dugula joera arrastaka aritzeko gai edo lan korapilotsu eta gordin zenbaitetan barna sartu behar dugunean, behin eta berriz gai bati itzulika aritu behar dugunean, gure buruak gutxiesten ditugulako, sekulakoa galdetuko digulako ustean, engaiamenduak betikoak, osoak eta itzultze nekeekilakoak direla irudikatzen dugulako eta ahanzten dugulako ez dela bortxaz gehiago edo gehiegi egitea suposatzen, batzuetan hain gutxi.

Noski nahi nukeela proeiktu berritzaile eta aberasgarri bateko partaide izan eta fier gainera. Nola ez? Errefusatzea inkontzientzia da. Ene baitan ez dut besterik nahi.
Arrats honetan, buruan itzulika dudan galdera bakarra da, ea noiz, nun, nola eta zeinen artean antolaturik den Eldorado hori? Eta uros naiz, zinez. Uros nitaz pentsatu duelako batek eta uros partidakoa izanen naizelako. Eta segur naiz frango ikasiko dudala beste behin.  

2 iruzkin:

Anoni Moaniz erabiltzaileak esan du...

IUPI
bizi erdikoa zer da? hainbeste ezagutzea ez dela gehiago kexatzen eta ez maitemintzen? :-o huahahaaaa (= jajaja euskara batuaz)
pazientzia, pazientzia.Pazientzia behar duguna da denek

Bea Sallaberry erabiltzaileak esan du...

Irriskua zero petik, horixe bera. :P Kasu halere, nork ez daki kexatzen ahal naizela di-da (dzi-dzau lapurteraz)