2017/11/05

Hobeki zen lehen



- "Hobeki zen lehen!"


Solasen erdian batek bota du.
Bai, botaia da, erranaldia, erretorikoa, dioena baino zerbait gehiago salatzen duena eta elkarrizketa oro antzutzen.
Bota duena paternalista izan daiteke, kutsu erreakzionariokoa. Hala ondoriozta daiteke ez balitz hori baino konplexuagoa.
Zeren hori dioena, sekulan ezagutu ez duen garai batez mintzo baita, ikusi eta sufritu ez duenaz, gaurkoarekin deus ikustekorik ez zuenaz. Baina nolaz gaurkoari egokitzeko gaitasunik ez duen, gehiago dena honen kritikatzeko argumentu gutxi, horrelakoekin bukatzen du eta kontsolatzen da, konformatzen. Komuna da.

Hobe zen lehen, noiz? Lehen.
Lehen. Pertsonek komunitate batean rol sozial jakinak zituzten, derrigortuak, ez hautuzkoak. eta dena ordenatua zen. Auzoan ezkontzen zen, lehen auzoa errespetatzen zen eta hilak bide zehatz batetik eramaten ziren. Zapatak eskolako atxiki eta etxean oinutsik ibiltzen zen. Xaboiak fortunak balio zituelarik eta garbiketa lanak errautsarekin burutzen zirelarik. Abakoekin kontatzen zen eta informazio eskuragarri ez baitzen gogoz ikasi behar zen. Gosez leher egiten zen eta soro meta gainetan lo egiten kukuso artean. Gure amatxien kalbario usaineko haurtzaroetan ongi bizi ziren, 10 urtetik goiti haur denbora amaitu eta xuriketa eta haurrideez okupatzeko eskola uzten zelarik. Deus ez zen hautatzen, ez lana, ez senarra. E-mailik ez zen, bilkura eguna goaitatu behar zen eta jakitatea fotokopia tzar batzuen bidez zabaltzen genuen.
Lehen bikain zen.

Hobe zen lehen, noiz? Lehen.
Une batean tentazioak kilikatu gaitu galdetzeko: zein garaitan? Hobeki zen lehenago, noiz xuxen?
Nehork ez du deus erran, neurturik ateak idekiko lituzkeela orduan kalapitari, "pasarazi nahi nauzue zaharkeriatzat", "dena gaizki hartzen duzue", "non da eboluzioa" eta mota guztietako zaparradari. Nehork ez du lanik hartu erantzuteko. Ateraldia egin duena utzi da urrunera so, airearen usnan eta mintzakide bakoitza utzi bere dute katiluari so, denak nostalgia erratuari emanik ez badira ere, arratsalde baketsuari eusle.

Igande arratsaldeko giroa salbatu da horrela, kontziente izan gabe plaza eta gai serioagoekin antzeko jokamoldea izatea baimentzen dela.
Eta horrela dira mutil eta nesken dantzak bereizten, urtez urte alardeetan emazteak pubela zakuz jantzirik murritzarrena egiten ikusten,  jende onek gobernaturik bizi ginelako ustea zabaltzen, Franco, Mussolini, edo Staline goraipatuz eta 20. mendeko milioika hilak ahantziz, horrela dira nehori dretxorik kentzen ez dieten eta eskubide gehiago eman ditzaketen legeak ukatzen, marginetan mantentzen marginalak eta gure buruak betikotasun okaztingarrian barna plasta-plasta ibiltzera kondenatzen ahanztaraziz zangopilatzen gaituena. Beti bada astapito bat erdi aroan bizitzea nahiago lukeela arinki botatzen duena, ardura modernitateari probetxu gehien ateratzen dion hori bera, aldean nehork bere aho handia hetsarazten ez diola.

Argazkia: Eskalapoinak

iruzkinik ez: