2016/06/23

Inarrosaldia

San Joanak etorri dira, ikasturtea erre eta lurperatzeko garaia eta enetako aurtengo irakasle taldearekin burutzekoa zen azken koordinazio bilkuraren eguna.

Ez da dudarik, urte betean ene lanaz idatzi ez badut ere hemen, gaitzeko esperientzia izan dela ikasturte oso hau. Didaktika alorrean eta euskalduntzearenean lan egiten duen orok, noizbehinka, behar lukeen astinaldia izan da, zeren argiki erran dezadan, ikasturte honetan sekulako inarrosaldia bildu dut, zaplastakoa, ene segurtasun guztiak irauli dituena, izerdia botarazi didana eta intentsitatea zela-eta "xuri" batzuk ikusarazi dizkidanak noizbehinka.

Duela urtebete iragartzen ziren eta Bretainiako esperientzietan oinarrituak ziren ikastaro trinkoak burutu ditugu, batean hasiera mailatik B1eraino eramanez jendea, langabetuak nagusiki, abendutik ekaina bitartean, bestean oinarrizko A2tik eta C1 mailaraino eramanez lehen eta bigarren mailako irakasleak, martxotik uztailera eta iraila/urria bitartean. Bata ala bestea egun osoko klase eta enpresa euskaldunetako egonaldiz osatua. Parada izan da hamar hilabete barne euskararen ikas prozesu osoaren jorratzeko, hastetik buru.

Inarrosaldia aipatu dut, luzaz egona bainintzen ene zalantzekin, amesten bainuen, antzezten ene baitan, baina ez nuen lortzen imajinatzen ene burua dekoratu horretan. Eta bururatzekotan dela urtean, erran behar da abentura humano zoragarria izan dela, esperientzia profesional oso aberasgarria:

  • Erran bezala ikas prozesu guztia jorratu dugulako eta parez pare, terrenoan, ez hors sol edo talde ezezagun edo hipotetiko batez gogoetak burutuz. 
  • Ko programazioa zer den frogatzeko aukera izan dudalako, kolaborazio hertsian eta gardentasun osoan. Maiz ez dena posible, behintzat ez edozein pertsonekin. 
  • Eraman den hausnarketa didaktikoa, orain arte sekulan ez bainuen burutu inorekin. Dena aipatu da: helburuen egokipena, edukien hurrenkera, talde dinamizazioa, euskararen erabilera, hiztunaren aktibazioa, sozializazioa, tentsio kudeaketa, ikaskuntza trinkoak eragin saturazioari nola itzulia ematea, azalpenak emateko moldea, ebaluazioa, ebaluazioaren eguneraketa jarraikia, irakasleen esperientzia baita ezintasunak, nola lan egin zein mailatan, nolako azalpenak, zein material erabili, gaien oreka/desoreka, ikasleen iradokizunen integrazioa, eduki kulturalen txertatzea, biharko profesionalen prestaketa bideratzea, ... 
  • Ikastaroa berritzailea izan baita, barne erabili diren baliabideen aldetik. Formatuaren beraren aldetik. Dokumentu autentiko asko integratu dira. Teknologia berriekin lan egin da, bai irakasle artean, bai ikastaldean. Berritzailea ere xede ez baitzuen euskararen irakaskuntza soila, baizik eta integrazio profesionala. 
  • Ikasleen aldetik inplikazioa eta autogestioa, beharrezkoak direnak, bideratzen lortu direlako. 
  • Parada izan dugulako prozedura eta marko didaktikoak definitzeko eta aplikatzeko. 
  • Sortu dugulako, etengabe, denetarako. 
  • Partekatu dugulako den-dena. 
  • Esperimentatzea beti haizu izan delako. 
  • Ikasi dudalako, ikusi, entzun. 
  • Isildu bainaiz. Eta bai... 
  • Ikastaroen emaitzak aurreikuspenen mailakoak izan direlako. Gehienek aurreikusi maila lortu dute eta besteak ez dira urrun gelditu. Horien artean jende biziki kontziente eta euskaldunak agertu dira. Biharko profesional euskaldunak izateko prestutasunarekin joan dira. 
  • Neke, zailtasun eta akidura izigarrietatik iragan garelako guztiak txandaka eta elkartasun handia agertu delako aldi guztietan. 
  • Irakasle talde ikaragarriarekin lan egiteko aukera izan dudalako. Batzuen kasuan inondik ezagutzen ez nituen jendeak. Denak, eta bakoitza, bere aldeekin eta ekarpenekin. Haiekin partekatu on eta gaitz guztiengatik, maite ditut. Enetako lankide bereziak dira. Lagunak dira. Sufritu, ikasi, partekatu, irri egin dugun guztiarengatik. Haiengan dudan konfiantzarengatik, barkatu dizkidaten guztiengatik. Hoberenak baitira. 

Bistan dena, gauza batzuk egin ditugu/ ditut gaizki ere bai, baina zer inporta du?
Inporta du, baiki, baina gaur gutxi.
Ikasturtea bukatzea berantetsia dut eta hobetzekoak zerrenda batean ahantzi nahi ditut.
Buruak eztanda eginen dit bestela.

Dena den, buruak ez dit gauza anitzetarako ematen azken asteetan jada, ia deusetarako.
Ikasturte berezia geldituko da. Urteetan segurki.
Aurreko urteetako ateka eta ataskuetatik libratzea ahalbidetu dit, errutinatik ateratzea, egunero nire hoberena ematera behartu nau, teoriak praktikara eman dira gauzak, praktiketatik ikasi da, sortzeko aukera eman dit. Sentimendu abaniko guztia pasa dut: gogoa, beldurra, poza, duda, etsipena, haserrea, pesadunbrea, esperantza, harrotasuna nahiz lotsa, kuriositatea, ...

Ikasturtea lurperatzeko hamar egun falta dira. Artxibak zipeatzekoa eta kitto!

Inarrosaldia gaitza izan da eta luzea. Pausatu nahi dut. Behar bada lo egin. Edo ahantzi. Beste zerbait egin araiz. Burua beste zerbaitetan sartu.

Argazkia: Sua by Eneko Sagardoy Mujika

iruzkinik ez: