2016/03/12

Eraikitzen ari dira


Aspalditik ez genuen entzuna deus haietaz, direla lehengusu, direla auzoko, direla edozein herritar edo ezagun, garai batez gehiago aipatzen ziren, agertzen, karrika nahiz bazkari nahiz aipamenetan. Eta hala non solas baten artekatik azaldu diren berriz. Bat-batean, aurre abisurik gabe. Zer bilakatu dira?

- Ils construisent.
Isilune zaratatsua.
Erranaldi trinko bezain kargatua da.
Eraikitzen ari dira.
Etxea noski.
Eleketari bakar batek ez du xehetasunik galdegin. Nehork ez baitu deus gehitzearen beharrik. Denek dakigu zer erran nahi duen horrek.

Kasurik hoberenean lur puska bat ukan dute aitamengandik zeinekin paisaia ttittakatzen jarraikitzen ahalko duten, sitsen moduan, airoski. Kasurik gehienetan tramite luzeetan aritu, agian jarraituko, direla, notariotan ondorengo papereria egiten, baimen eskaeratan, kreditu dosier lotzen, hori guzia ondoko bi urteetan gorriak ikusteko lanen segitzen eta zuzentzen, fakturak kudeatzen eta ondoko hogeita hamar urteak iragateko hilabetero lansariaren parte handiena banketxeari entregatzen zorraren tapatzeko.
Dena dela, ari dira gorriak iragaten, neke, zailtasun, deskoordinazio eta guziak. Sufritzen. Baina onerako.

Bizkitartean, zer izanen da hori, jabe eta etxedun izatearen aldean? Deus. Anartean, ondasuna sortzen dihardute. Kapitalizatzen. Tradizioak eskatzen duen moldean. Harrian finkatuz indarrak eta itxaropenak.

Azken finean betikoa den eredura juntatuko dira, etxetxo baten jabe, herriaren erdian, euskal herritar orok behar lukeen bezala. Hemen izena duenak badu etxea, etxea duenak badu izana. Eraikitzen ari dira. 

- Eraikitzen ari dira.
Inplizituan badarama ere gaitzespen puntua.
Zer gara gu, besteok, haien aldean?
Hiritar tristeak, metaturik bizi, kaiolatan, auzoak begi bistan leihoa ireki orduko. Nahiago izan dugunak apartamendu zabala behar bezalako etxola baino. Eraikitzen dutenek bezain uros ezin gaitezke egon. Batzuentzat bizimolde negargarria ere bada.
Pertsona eskasak, nahiago dugunak kredituak ordaindu lanetik hamar minutura egoteko, arbasoen lurraldeetan egonik baino. Okerrago, deusetarako diru gastatzaileak, urteetan alokairu ordaintzen billeteak komunetako zulotik botako baigenituan.

Agian hauetarik bakar bat ere ez.
Haatik ez gara inoiz agertuko lehengusu horiek bezalakoak, lurra dutenak, lau horma, teilatua, gureak, nahi den etxebizitzarik ederrena izanik ere.
Erranaldi soila da aireratua. Batzuen heldutasun eta kausitzea azpimarratzekoa. Besteen eskasia aipatu gabe.
- Eraikitzen ari dira.

Dena errana da. Ez da deus gehitzekorik.
Egiten duguna gara. Bete betean.
Oraindik bizi bizirik dirau hemeretzigarren mendeko euskal herriko etxetiarren ametsak: ondokoak nahi bezala biziz baina etxe jabe badira hobe. Denen baitan segitzen du kontuak: eraikitzen dutenen gogoan, ingurukoenean, bestela egitea hautatu dutenen baitan, besterik ezin egin izan dutenen baitan. Berdina izaten segitzen du kausitze sozialaren adierazlerik garbienak: etxea eraiki dugu.
Atzoko zutoin. Gaurko ilusio.
Argazkia: Xantierra

Aucun commentaire: