2015/12/28

Eskuak

Azken denboretan anitz fidatzen naiz jendearen eskuetaz, seguraski erran zidatenetik eskuak omen gehiegi erabiltzen ditudala mintzatzeko. Desformazio moduko bat duket, gene berezirik ez baitut. Egia da maiz besoak dantza ari zaizkidala, solasak apaintzeko, inpresioa transmititzeko, batek erran lezake agian atentzioa desbideratzeko edo xurgatzeko berdin.
Geroztik ez ditut usaiak batere aldatu, nahiz saiatzen naizen kontrolatzen, haatik hasia naiz eskuak behatzen. Besteenak. Noski agerian uzten direnak, baitira ere eskuak sekulan agerian atxikitzen ez dituztenak, mahai pean gorderik, bizkarrean kurutzaturik, sakeletan barna sarturik. Haatik agertzen direnak, agertzen direnak badira burtxoratzekoak.

Hasteko duten aniztasunarengatik egundaino bizi izandakoen agerle: badirenez leun eta zainduak ala mimitsu andeatu arituak, badirenez junta azkar ala finekoak ala atzapar zorrotzekoak, badirenez zuhurtziaren markak daramatzatenak, lerro korapilotsu ugariz jantziak ala ukabilan tinki bildu uzkurrak. Nolakoak diren eta jabearen ibilbidearen edo nortasunaren berri helarazten dute fidelki.

Haratago, jokamoldearen berri ager dezakete airean marrazten dituzten mugimenduei behatuz geroz. Ager daitezke erasotzeko gisakoak, ukabildurik jotzeko prest, hetsiak zerbait atxikitzeko, erneak zerbait hartzeko, krispatuak zarrapo egiteko azkazal zorrotzetakoak, erhi luzatu salataridunak, laban ahotan korapilatzeko prestuak. Dena hartu ahal duten eskuak, deus eskain gabe. Badira bestalde nork bere burua ezkutatzeko edo babesteko altxatzen diren ahur zutak.

Ager daitezke ere idekiak, zabalik parekoari buruz, luzaturik eskaintzeko prest, pausatuak laguntzeko tirriaz, ahur zabalekoak, maitatzekoak, ferekatzekoak, eskuak askaturik, lasaiturik, keinu bakarrean, junta eta zain laxoz hainbeste eskaintzen dutenak. Nahiz mesede eskaera baterako biltzen, juntatzen direnak, otoitz egiteko nola. Baditaike zer erran ere ezker eskuaz, ea baliatua den ala ez, baina ez alferkeria kontuarengatik baizik eta, diotenez, ezker eskuan baita zain bat heltzen zaiguna zuzen-zuzenean bihotzetik, eri puntetaraino, eta nago ezkerraz ahalegintzen bada, egiazko ahalegina ditekeela, gezurrik ez dezakeena erran. Holakoetan pizten dizuten gogo bakarra da, zuk ere zurearen idekitzeko eta eskainia zeureganatzeko. Eta nago, kuraiaz altxa eta zabaltzen diren eskuei helduz geroz, gutxi faltako dela etorkizuna, aro berria eta pausu gehiago emateko. Bere baitarako bidea lehiarik gabe idekirik daukanak ehuten dabilen hortan kausitzea merezi duelako.


Ohartzekoa ere bada, esku dantza horiek jabearen intentzioez salatzen dutena, egozentrismoa, inidibidualismoa, elitismoa, lehia, mesfidantza ala kooperazioa, aukera, partekatzea.

Maiz beha gelditzen natzaie besteen eskuei, dudarik gabe lehen ez bezala edo lehen baino gehiago, orain nahi dudalako segur jakin zeini heldurik engaiatzen naizen.







Argazkiak: 
My hand by Tamaar CC by SA
Hands sowing  by Jan Menens CC by SA

1 commentaire:

Beltzane Obanos a dit…

Ama naizenetik lehorrak eta atzazal luzeegiekin...hala ere kafetxo bat hartuko nuke gustura zurekin, eskularruak jantzita, noski!