2015/05/05

Do it yourself hizkuntz politika

Hizkuntz Politika: Do it yourself edo peluka. Zuk hauta. 




Duela zenbait aste, gai batetik bestera Youtube-n galdu nintzela, ikasi nuen zer zen garai batez “la perruque” deitzen zutena.


La perruque, edo peluka, langileek zuten praktika bat zen, nagusiaren onarpen tazitoarekin burutua. Praktika honetan, lantegian errekuperatzen zituzten erabilgarriak ez ziren ondarrak eta han berean, lantokiko tresnak baliatuz (batzuetan lan denboraren parte tipi-tipi-nimiñoak ere). Brikolagea egitea da, baina lantegian berean, nork bere buruarentzat eta ontzat duen zerbaiten zerbitzuko.

Batzuetan ere, gertatzen zen langileek beren tresnak sortzea praktika horren bitartez, lanabesak hobetzea eta behar berezitara moldatzea, azken finean lanean eraginkorragoak izateko ere izaten zen hau beraz. Nagusiek onartu ohi zuten baitzekiten gisa batez langileen sari eta baldintzen konpentsazio motako bat zela eta bestalde konbentzituak zirelako lanabesak langileek berek eginez merkeago eta hobe ateratzen zitzaiela kontua.

Ondoko bideoan, frantsesez, biziki ontsa azaldua da zer den egimolde hau.




Gai honek interes handia pizteaz gain gogorarazi dit beste egiteko molde bat, berantago agertzen dena, punk garaian hain zuzen ere: DoItYourself deitua, egizu zuhaurrek, egizu zure baitatik. Punk belaunaldian, erantzuten du sistemaren uxatzeari, batez ere sistemak ematen ez dizuna zure baitatik egitearen aldeko joera.

Orain erranen didazue, zer lotura ote du honek denak hizkuntz politikarekin?
Iparraldeko hizkuntz politikarekin: dena!

Gaurko egunean denak gaude anestesiaturik, beha, ea zer ekarriko duen uztailean sortzekoa den lurraldeak. Teorian, diotenez, aukera historikoa behar luke zeinetan azkenean ipar Euskal Herria bildurik egonen den berezko entitate administratiboan, oroz gainetik ipar Euskal Herriak behar dituen, hain aspalditik eskatzen dituen konpententzia ia-guziak dituzkelako. Noski hor egonen baitira gure lurraldaren garapen ekonomiko eta sozialaren, hizkuntzaren eta kulturaren erabaki guneak eta, amets, hautatuko ditugu hautetsi paketa bat osoki dedikatuak gure etorkizunari.

Nigargarria zaizkit horri ahoa zabalik mututurik esperantzaz hanpaturik ikusten ditudanean jendeak. Tira, ez naiz erlijio horretakoa.

Jadanik igartzen da, halere, badela problema bat nehork ez dakielarik hizkuntza konpententzia non kokatuko den xuxen, gutxiago zein ahalekin, oraino gutxiago zein izarirekin (puntuala ala transbertsala). Eta sendi da euskalgintzako arlo desberdinak nahiko nardaturik ere direla etengabeko promesa asegabeez.

Ni nago ez duela gauza anitz aldatuko.
Gaur bezalatsu segituko dugula. Ahal gutxi, handikeria anitz, dena herriaren gain.
Kasurik hoberenean peluka egiten: hizkuntz politikak uzten dizkigun porroskak bilduz edo hesten ez dituen ateez baliatuz zerbait egiteko, beti doia gure ekimen, indar eta sakrifizioetatik.
Kasurik okerenean punkak bezala egiten. Guhaurrek eginez gauza, gure baitatik.
Eta maleruski orain arte emaitzarik errealki eman izan duten bideak dira.

- "Hizkuntz politika nahi duzue?
- Baiiiii
- Nolakoa nahi duzue?
- Onaaaa
- Noiz nahi duzue?
- Oraiiiin
… do it yourself!"

iruzkinik ez: