2014/11/11

Pedagogia eta ezina


Ene funtsezko eginkizuna, lanean naizelarik behintzat, pedagogoa izatea da. Hau da jendeari transmititzea zerbait, gisa batez edo bestez.

Ausardia piska bat izanez, definizio biziki pertsonal batekin, erranen nuke ene eginkizuna hau dela: burua astindu jakiteko nola debru eginen dudan gauza bat edo beste helarazteko bigarren bati, edo, ulertzea zein den eginen ez dudana, gaizki egina, transmisioan porrota zergatik gertatu den jakiteko. Sekulako tertulian luzatu gabe, pedagogo onak helarazi behar dituenak hauek dira: jakintza edo prozedura multzoak, egiteko molde eta gaitasun praktikoak eta, hirugarrenik, jarrerak. Azken urteetako gogoetak jarraikiz, opzionalki (nahiz ez dudan arras partekatzen) savoir devenir delakoa ere, etorkizunean proeiktatzeko gaitasuna helarazi beharko genuke. Bistan dena luza gaitezke, baina larriena hor da.


Kontua da lehen hiru multzoak transmititzea zaila izan daitekeela. Baina laugarrena, proiektatzen jakin edo sortzen jakiteko gaitasuna, ikasten duenarenganik edo formatzen denarenganik etorri beharko litzatekeela.

Euskararen erakaskuntzan zentratzen bagira, lehen hiruak tratatzea dorpea bada, laugarrena kasik ezin tratatua da.
Nola posible luke euskara ikasten/irakasten duenak bere burua proiektatzea (ikasle nahiz erabiltzaile gisa) etorkizun hurbil-ertainean, kontestu hain ez-egonkor eta, garbiki erran dezagun, txarra denean?
Ene lanaren emankortasuna zein da, absoluto eta momentuko sesio, lorpen edo dena delako horretatik urrunago begiratzen badut?

Jakintza oro obsolete bihurtzera kondenatua da, ezin gaitezke ase pertsona batek lortzen dituen momentuko gaitasunez ez badiegu bilakaera posibilitatea gehitzen eta batez ere horrekin zer egin lezakeena ez bada aurreikusten. Pedagogoak, gainerateko guziaz gain, beharko lioke formatua denari etorkizuna eraikiarazi, ikas-prozesu etengabearen kontzeptua transmitituz, autonomiarako bidea eskainiz. Haatik, oroz gainetik, formazioan denak eragile gisa duen potentzialaz jabetu behar luke, pertsonak berak behar luke bere burua proiektatu aktore gisa eta eman/ ekar/ sor lezakeenaren perspektiban aritu, arrisku, nekezia eta trabak aurreikusiz.

Euskarak funtzionalitate gutxi duen lekuan, itxurakeria anitz den lekuan, ez dakit nola egin lezakeen euskara ikasleak horrelako proeikzio baten ukaiteko. Haratago, guk planteatzen diogunean gauzak egitea, euskaldun oso izatea, euskaraz bizitzea, gure fantasmen saltzen ari gara, eta azken batean, planteatzen dioguna da betikoa: militantea izatea, beti, behin eta berriz, jarrera hori izatea, ingurua astintzea, indarrak ematea inguruak eskaintzen ez duena sortzeko. Euskara ikasten duenak nekez daiteke euskaraz bizi, nekez lezake euskaraz lan egin bere baitatik, mugarririk gabe, eginkizun argirik gabe.

Euskara irakasten duenari doakionez, irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko ahal gutxi dira: ezagupenik ez, lan-baldintza eta sari nigargarriak, baliabide urriak, formaziorako ahal eta denbora eskasa, ausnarketarako aukera erlatiboak. Paraleloan beti hobeki eta gehiago egin beharra. Gehituz, kasu honetan ere, aurrekoari juntatuz, savoir-devenir erlatiboa eta ondorioz hobeki edo desberdin nola eta zergatik egin ezin asma.

Hortik ene pedagogo gaitasunak, formatzailearenak eta irakaslearenak, biziki mugatuak ikusten ditut. Betikora itzultzen gira baina horrela da. Pedagogia mailan diren jakintzak emendatzen doatzi, teoria gaitasun eta tresna gehiago ditugu euskaldunak sortzeko, erabilera emendatzeko… eta ez da lortzen. Eta ene iduriko erakaslearen falta bada, ikaslearen falta bada eta egoeraren eskasa ere bada. Bada ere pedagogian ari direnak entzunak izateko arazo bat badela. Eta pedagogiaren ardura dugunek, maiz, ez dakigula nondik jo.

(Bon, itzulia naiz, oraindik ez ene alderik positiboenean... barkatu.) 


Argazkia: Feuille en devenir by Anne Landois


Aucun commentaire: